Durangaldean, Europarako pase bila

Durangaldean, Europarako pase bila

Natalia Salazar Orbe

Nahi baino apalagoa izango bada ere, lehen aldiz Emakume juniorren Nazioen Koparako puntuagarria izango den Bizkaikoloreak txirrindularitza proba lehiatuko dute, bihar eta etzi, Durangaldean. 16 eta 18 urte arteko neskez osatutako hamabi talde ariko dira Europako eta munduko txapelketetarako pase gehiago lortzeko lehian. 72 lagun elkartuko dira guztira Abadiñotik eta Iurretatik abiatuko diren bi etapetan.

“Pozik” mintzatu da Agustin Ruiz Larringan Iurretako Gallanda Txirrindularitza Klubeko ordezkaria, proba lehiatu ahalko dutelako. Hasiera batean udaberrian egitekoak ziren, baina COVID-19a gaitzak sortutako egoeraren ondorioz, abuztu bukaerara atzeratu zuten, eta, azkenik, asteburu honetan egitea onartu zuen UCIk.

Koronabirusaren bilakaerak eragozten ez badu, larunbatean Abadiñoko Txanporta plazatik aterako dira txirrindulariak, 16:00etan. 61,2 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. “Elorriotik bi itzuli egin beharko dituzte, gero Zornotza aldera joango gara eta Abadiñon bukatuko dugu”. Miota gaina (Elorrio) birritan zeharkatu beharko dute etapa horretan.

Igandean izango da etapa nagusia; goizean lehiatuko da, 10:30ean hasita, eta Iurretako herrigunea izango du abiapuntu eta helmuga. 64,4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek. Lasterketa horretan ere birritan igo beharko dute Miota. Hala ere, oraingoan beste alderantz bideratu dute ibilbidea: “Berriz igo eta Elorriora jaitsiko dira. Abadiñokoa aldrebes da: Elorriotik igoko dira, eta Berrizera jaitsi”. Hirugarren mailako Areitio gaina eta bigarren mailako Duña igo beharko ditu oraingoan tropelak. Olaburun bukatuko dute etapa. Ruizen esanetan, “ibilbidea ez da oso gogorra. Hala ere, azken etapa gogorra izango da, bi mendate dauzka eta. Elorrioko itzulian ere, bi itzuli dira, eta Miota igo behar dute. Dena den, Miota igotzea ez da asko”.

Faboritoak

Lasterketa irabazteko faboritoei dagokienez, sei txirrindulariren izenak nabarmendu ditu: “Alemaniako selekzioko Lucy Mayrhofer da faboritoa. Frantziatik Ilona Feytou dator. CAF Bizkaiko taldean Marina Garau eta Julia Sanchez nabarmentzen dira; Sanchez Europan lehiatutakoa da. Ines Cantera ere Europan ibilitakoa da, eta Espainiako selekzioarekin ariko da proban. Rio Miera-Meruelo taldeko Ainara Albert valentziarra ere aipatuko nuke”.

Euskal herritarrei dagokienez, biri egin die aipamen: “Nafarroako Ermitagañe taldeko Idoia Eraso ere Europako txapelketan lehiatutakoa da. Talde bereko Naroa Fernandezek ere aukerak izan ditzake”. Euskal Herriko hainbat taldek hartuko dute parte: CAF eta Txorierriko Nesken Taldea ariko dira Bizkaitik. Arabatik, Laboral Kutxa iritsiko da. Nafarroako Nafarroa Ermitagañek bere tropela eramango du Durangaldera. Mix Limousin Oriako taldeak (Gipuzkoa) ere ordezkaritza ekarriko du. “Ipar Euskal Herritik bizpahiru neska ibiltzen dira, baina euren kontura lehiatzen dira”, esan du Ruizek.

Indartzeko, babes falta

Euskal Herrian emakumezkoen txirrindularitza lasterketak goraka doazen arren, harrobia indartu behar dela azpimarratu du Ruizek. “Egon dira une onak, baina une honetan ez dago oso harrobi ona. Zortzi txirrindulari inguru indartsu ari dira kadete mailan. Baina ikusi beharko da apurka zer-nolako bidea egiten duten. Oso gazteak dira oraindik”.

Emakumezkoen txirrindularitza profesionalak bestelako oztopoak ere baditu. Ekonomikoak, bereziki. Iaz Emakumeen Bira desagertu izana horren isla da. “Emakumeen txirrindularitza oso garestia da gorengo mailan. Erakunde publikoek oso gutxi babesten dute. Babes handiagoa beharko litzateke jarraitu ahal izateko. Ez dago babesle pribaturik emakumeen txirrindularitzarako. Oso arraroa izaten da babesle handi bat lortzea. Laboral Kutxa dago hor, zerbait egiten, baina ez da nahikoa”. Sostengu falta horren adierazgarri da lasterketei egiten zaien jarraipena ere: “Emakumeen Biraren irudi batzuk telebistan eman zitzaten beti borrokan ibili gara. Hori oso nekeza da. Ahaztu, beraz, telebistan gazteak ikustea”.

Dena den, emakumeen txirrindularitzak azkenaldian indarra hartu duela azaldu du. “Talde berri asko agertu dira, baina maila ikusi behar da. Harrobia landu behar da. Baina horretarako lan asko egin behar da. Eta diru gutxi dago. Babesleek talde handietarako baino ez daukate dirua”