Buruko zuloak

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Hasperen luze bat. Hasi da iraila. Ezerezaren ertz batean hazten den landare berde ilun bat da. Izan zitekeen urtearen bigarren erdiari hasiera ematen dion hilabetea, baina ez. Iraila urtarrilaren jarraitzaile desesperatu bat baino ez da, erraietan zerbaitetan hasi beharra eragiten digun hilabete produktibo hori.

Ohartzerako film zaharretako abiadura hartu dugu, eta hasi gara egin ditzakegun eta egin beharko genituzkeen gauzen artean dagoen petrolio putzuan igerian. Ikasturte hasierarekin batera bete dira autobus geltokiak eta eskolak. Lanera hasi garenon artean izango da pozago edo etsituago itzuli denik, eta ni lagun batek oraintsu esandako zerbaitekin akordatu naiz: “Nire lana ikaragarri gustatzen zait, baina ez zait lan egitea gustatzen”.

Aurpegiaren behe hemisferioa estalita eta gel hidroalkoholikoaren usainetan ekin diogu bakoitzak bereari. Egunek aurrera egin ahala oporretan hartutako eguzkiak belztutako azalen lehia geroz eta txikiagoa izango da, eta kamisetaren mauka luzatu ahala belztuko zaigu bekozkoa batzuei.

Iraileko sasi-hasiera honek norbere bizitzari errepaso bat egin eta gabeziei aurre egiteko kontingentzia plan zehatz bat diseinatzeko bulkada eragiten digu. Kanpoko exijentziek eta norbere autoestimu eskasak koalizio perfektua osatzen dute eta zaila izaten da hobetu beharrekoen zerrenda hori burutik kentzen. Eta burua zulatzen dizute elkarren lagunegiak diren esaldiek: egin beharko zenuke, komeni zaizu, ondo legoke, ezinbestekoa da, besteek egiten dute, gero berandu izango da, hobeto sentituko zara, denak eskatzen du ahalegina, egokitu egin behar duzu garai berrietara…

Urtetik urtera gauza asko gertatu arren, ez ei dugu gura beste ikasten, eta irailetik irailera ere ez dut nire buruko ahots zigortzaile batzuk itzaltzeko botoi gorririk aurkitu. Baina balio diezagula kontzientzia hartzeak ahots zulatzaileak entzuten jarraituta ere, denei men ez egiten hasteko. Helburu horri ekingo diot nik irailetik irailera eta ea datorren urtean, sasoi honetan, botoi gorriaren kokapen zehatzaz zerbait gehiago konta diezazuekedan.

Eta buruko zuloez ari naizela, aspaldi lagun batek emandako buruko beste zulo batzuen inguruko azalpen bat etorri zait gogora. Inguruko norbaitek inork halakorik espero gabe eta ahobizarrik gabe, brastakoan, zerbait esaten zuenean, lagunak zera azaltzen zigun: “Esan bako gauzek zuloak eragiten dizkigute buruan; beraz, hobe da esatea”. Halandaze, ahoa estalita eramango dugun egunotan, burua zaintzen ahaleginduko naiz. Biziago jokatzen saiatuko naiz sartzen zer utzi eta kanpora zer bidali erabakitzerakoan.

Urtearen bederatzigarren hilabete honi ere zentzu apur bat eman beharko diogu behin honezkero, eta, nahi baduzue, ni prest nago nire ekimena modu kolektiboan egiteko. Beraz, gonbidatuta zaudete norbera zigortzeko mekanismoen baraualdira eta esan gabekoen oka kolektibora.