Beteta, baina arazo larririk barik

Ibai Maruri Bilbao

Lehorretik eta itsasotik herria zarratuta ospatu zuten zapatuan, Lekeition, Antzara Eguna. Edo ez zuen ospatu, zuzenago esanda, aurten ez baita San Antolin jairik izan. Koldo Goitia alkateak zoriondu egin ditu herritarrak, festen ohiko egunetan izandako jarreragatik. Eta pozik agertu da jendetza batzea eragozteko hartu diren neurri “gogorrek” lortutako emaitzarekin ere. “Gomendioak gomendio modura geratzen direla ikusi dugu uda honetan, neurri gogorrak hartu behar direla gauzak ondo irteteko”. Eta azken bizpahiru hilabeteetan, oro har, “ondo” irten direla uste du. Goitiak maiatzean hitz egin zuen Bizkaiko Hitza-rekin, oraindik pandemiagatik alarma egoera indarrean zegoela, probintzia bereko bigarren etxeetara joateko baimena iritsi zenean. Kezka agertu zuen orduan, baina uda espero baino hobeto joan dela aitortu du.

Iritzi berekoak dira maiatzeko erreportaje hartan udaldira begira euren beldurrak agertu zituzten Bizkaiko beste hiru herrietan ere. Lanestosako alkate Martin Crespo, Gorlizko Nagore Utxupi eta Eako alkateorde Jon Lejardi ere —berak egin du balantzea, bera ibili delako hilotan jarduneko alkate lanetan Iratxe Arriola alkatearen ordez— pozik daude. Laurek esan dute euren herria udatiarrez eta bisitariz beteta izan dutela. Kanpoko turistak falta izan dituzte, baina euskal herritarrak ohi baino gehiago joan zaizkie, kostaldeko herri gehienetan gertatu den antzera.

Udaberrian pandemiak eragin gutxi izan zuen lau herriotan, eta udatiarren etorrerak hori aldatuko zuen beldur ziren alkateak. “Zorionez, ez dugu agerraldirik izan. Libratu gara. Gorlizko jaiak ez ziren ospatu, eta ez da beste herri batzuetan ikusitakorik gertatu”, azaldu du Utxupik. Ertzaintzarekin protokolo bat jarri zuten abian jende pilaketak kontrolatzeko. “Gorlizen gauean ez dago udaltzainik. Haien ordutegia luzatu genuen, eta tabernariei ere eskatu genien zegokien orduan ixteko. Ez genuen arazorik nahi. Ertzaintza gainean egon da, eta udaltzainak ere bai”.

Lekeitio

Sustoren bat

Hala ere, izan dute sustorik. Ekainean, hondartza ondoko pinudian ehundik gora nerabe eta gazte batu ziren Gorlizen, kale edanerako. Ikasturte bukaera ospatu gura zuten. Haietako bi ospitalera ere eroan behar izan zituztela gogoratu du alkateak, koma etilikoan. “Udaltzainen kontrolari esker, gehiago ez dugu horrelakorik izan”. Joan den astera arte: irailaren lehen egunerako antzeko deia zabaldu zen sare sozialetan; kasu honetan, uda agurtzeko. “Udaltzainak eta Ertzaintza garaiz joan ziren, eta arazoak sortzea eragotzi genuen”. Lanestosan ere kale edanerako “topaketa bat edo beste” antolatu izan dela esan du Crespok. “Baina ez da ezer larririk gertatu”.

Lekeition jaiak irailean ospatu ohi dituzte, eta hori aldeko izan dute. “Gernikan gertatutakoak kontzientzia sortzen lagundu digu”, esan du Goitia alkateak. Andra Mari eta San Roke festak ospatu ohi diren egunetan, herriko eta inguruetako gazte askok gau giroko tabernetara jo zuten, parrandara. Ondorioz, koronabirusaren agerraldi handia izan zen abuztuan. “Han egon diren kutsatzeek hemen ere oihartzuna izan dute: hemengo gazteak han egon dira ez-jaietan, eta koronabirusa ekarri dute Lekeitiora. Izan balitz Tolosan [Gipuzkoa], adibidez, agian ez litzateke hainbesteko kontzientziarik sortuko herrian, urruneko kontua litzateke eta. Baina justu Gernikan izan da, gure inguruko herrietako batean, eta eragin digu”.

Ean ere udaberria oso lasaia izan zuten. Lejardik dio uda iritsi arte ez dutela positiborik izan. “Herri bakarrenetakoa izan gara. Udan agertu da kasuren bat edo beste, baina ez dakigu loturarik izan duen Gernikako agerraldiarekin”. Aitortu du udatiarrak kontrolatzea oso gaitza dela; Ean erroldatuta ez daudenez, lehen etxebizitza duten herriko estatistiketan agertzen dira. “Horrek zaila egiten du herrian benetan zenbat positibo dauden jakitea. Baina gure medikuak esan dit egoera ez dela kezkatzekoa izaten. Guztira, uda osoan, hamarren bat kasu-edo egon ei dira”.

Kostaldeko herriak dira Gorliz, Plentzia eta Ea; barrualdekoa Lanestosa. Hondartza izan dute kezka iturri lehen hirurek, eta igerilekua laugarrenak. Udalak, azkenean, igerilekua ez irekitzea erabaki zuen. “Herri txikia gara. Sorosle bat mantendu dezakegu, baina bigarrenaren soldata ordaintzeko dirurik ez dugu, eta langile bakarrak ezin du dena kontrolpean izan. Beraz, ez irekitzea erabaki genuen. Gainera, inguruko herrietan ere ez zuten zabaldu, eta beldur ginen haietatik ere jendea gurera etorriko ote zen igerilekuan eguna pasatzera”.

Hondartzetan pertsona arteko distantziak eta bestelako babes neurriak egoki bete direla esan dute beste hiru alkateek. Dena den, Eako alkateordeak Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera kritikatu du: “Uste dugu banderen sistema horrek ez duela ondo funtzionatu. Sorosleen eta udalaren arteko komunikazioa ez da zuzena izan; erakunde arteko komunikazioa ez da behar bezala joan”.

Ea

Pilaketak moilan

Eako hondartzan ez dute pilaketa arazorik izan, baina bai moilan, hareatza ondoan. Lejardik esan du aginduak errespetatu ez dituen jendea ere izan dutela zenbaitetan. Hiru herriotan, hondartza sarri itxi behar izan dute, itsasgoran, leku faltagatik. Joan den asteburuan, esaterako, Bizkaian hondartza gehienek itxi behar izan zituzten sarrerak, jende gehiegi zegoelako.

Oro har, euren herrietako ostalariek ere uda ona izan dutela uste dute laurek. Goitiaren arabera, Lekeition denetarik egon da. Terraza handitzeko aukera izan dutenek “kristoren uda” izan dute, Baina alde zaharreko taberna txikiek eta gaueko ostalaritzak “kostata” egingo dute aurrera. Haren esanetan, iraila ere turista hilabetea izaten da haienean. Baina aurten hutsik geratu da herria. “Hotel batek ateak zarratuko ditu erreserba faltagatik; sekula ez dute zarratu irailean”. Abuztuan ere, oro har, beherakada egon dela nabarmendu du.

Udalak ahalegindu dira udako giroari eusten, jairik egon ez den arren. Kultura arloko ekintzak antolatu dituzte, eta udalekuak ere sustatu dituzte. Ia dena kalean. Baina udazkenera begira, kezka dute: dena barruan egin beharko da. Lanestosako alkateak honako honi dio beldurra: probintzia edo erkidegoetako mugak berriro ixtea eta Kantabria edo Burgos (Espainia) aldera asteburu-pasa joan ohi direnak haienera joatea. Baina kezka nagusia eskolak sortzen du. Eako alkateordea kexu da: “Hezkuntza Sailak berandu bidali ditu protokoloak. Jarraibideak ezarri ditu, baina gero ez digu baliabiderik eman guk eskoletan horiek betetzeko”.

Lanestosako igerilekua