“Ingurune osoa batera babestu behar dugu”

“Ingurune osoa batera babestu behar dugu”

Peru Azpillaga

Gaztelugatxeren berrantolaketa proiektuaren barruan eraiki nahi zen aparkalekua geldiarazteko sortu zen SOS Gaztelugatxe plataforma, iaz. Helburua lortu arren, lanean jarraitzen dute oraindik. Eider Gotxi (Bermeo, 1974) plataformako kide da, eta, azaldu duenez, 2.113 alegazio aurkeztu dizkiote Gaztelugatxe Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeko proposamenari; batik bat, babes hori ingurune osora hedatzeko asmoz. Bakioko Udalak ere antzeko proposamena egin du.

Zer esan nahi du toki bat Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeak?

Beste babes figura bat da ingurunearentzat. Gaztelugatxek hiru ditu jada: biotopo bat da, hegaztientzako gune berezi bat, eta Europako lege batek ere babesten du. Izendapenak egitea ondo dago, baina, gero, horiek errespetatu behar dira. Eta hori da hemen arazoa. Hortik dator abenduan aparkalekuarekin izan zen arazoa: aldundiak biotopoaren mugan eraiki nahi zuen, eta horregatik sortu genuen plataforma.

Zergatik aurkeztu dizkiozue alegazioak izendapenari?

Gu izendapenaren alde gaude: zenbat eta babes izendapen gehiago izan, orduan eta zailagoa izango da hor zerbait eraikitzea. Hala ere, alegazio orokor bat aurkeztu dugu plataforma moduan, Jaurlaritzak bi eremu aipatzen dituelako. Bata, Gaztelugatxe bera: ermita, harkaitza, eskailerak… Horrekin bat egiten dugu, eta ez diogu alegaziorik aurkeztu.

Besteari bai, ordea…

Hori da. Bigarren eremua Gaztelugatxe inguratzen duen eremua litzateke, lehorrekoa eta itsasokoa. Baina, gure ustez, oso labur mugatu dute; izendapena hedatzea eskatzen diegu guk.

Zergatik?

Kanpoan utzi dituztelako Matxitxakoko itsasargi berria eta zaharra, Talaieroaren etxea, Lurgorriko zelaia, San Pelaio ermita… Guretzat, horiek ere ondasun garrantzitsuak dira, eta Gaztelugatxerekin batera babestu behar dira.

Zer-nolako garrantzia du ingurune osoa babesteak?

Azkenean, ingurune osora hedatzen ari da Gaztelugatxen dagoen arazoa. Orduan, dena batera babestu behar dugu. Esaterako, Matxitxakora joatea ezinezkoa bihurtu da jada. Lehen, toki oso baketsua zen; ni gauez joaten nintzen, eta, orain, erraz topa ditzakezu hogei bat auto han. Ondorioz, lekua oso azkar degradatzen ari da; jendeak zikinkeria asko uzten du, eta, oro har, ez du ingurunea batere zaintzen.

Zuek aparkalekua geldiarazteko sortu zineten, eta baita lortu ere. Zer iruditzen zaizue?

Oso pozik gaude. Plataforma herrikoi bat gara; horretarako sortu ginen, eta bete da helburua. Birritan eraman genuen fiskaltzara aparkalekuaren proiektua, lege iruzurra egiten ari zirelako susmoa genuelako. Helegite mordoa jarri genizkion… Ez dakigu gure lanari esker izan den, baina berdin digu: gure helburura bete da, eta pozik gaude.

Orain ere 2.113 alegazio aurkeztu dituzue.

Bai, plataforma indartsu dagoenaren seinale da hori. Argi uzten du herritarren babesa dugula, eta bat datozela gure argudioekin. Hori bai: instituzioen aldetik sekulako trabak izan genituen alegazioak aurkeztu ahal izateko, eta azken momentura arte ibili behar izan dugu borrokan gure eskubidea bete zedin.

Nolakoa izaten ari da erakunde publikoen kudeaketa?

Erakunde bakoitzak bere ardura du, baina ez dute betetzen, eta ez dira haien artean koordinatzen. Guztiek agindu nahi dute, baina, azkenean, ez da ezer egiten. Orain, sarrera txartelekin, esaterako, informazio falta handia dago. Harro diogu Gaztelugatxe Bermeokoa dela. Eta, teorian, hala da, baina, praktikan, Bermeok ez du zer esanik han: aldundiak pribatizatutako ingurune bat da, batzuek euren eskumenak eta besteenak hartu dituztelako. Horregatik, guk patronatu bat aldarrikatzen dugu, eskumenak dituzten guztiak jesarri eta erabaki kolektiboak har ditzaten. Akordio orokorrak behar ditugu, erantzun integralekin, inguru osoa behar bezala babesteko.