Birusak ez du oporrik hartu

Birusak ez du oporrik hartu

Ibai Maruri Bilbao

Uda hasi zenetik, Osakidetzak astean behin eman du udalerri bakoitzak izan duen baieztatutako COVID-19 kasu kopuru gaurkotuaren berri; astelehenetan izaten da. Hala, abuztua zelan hasi zen uztailaren 27ko buletinak erakusten du: martxotik ordura arte Bizkaian 8.745 PCR positibo zenbatu ziren. Abuztuaren 31koa da publiko egin duten gisa horretako azken txostena; joan den asteari dagokiona. Haren arabera, bikoiztu egin da herrialde historikoan metatutako PCR positiboen kopurua, hilabetean: 17.759 dira jada. Pasa den barikuan gainditu zen eguneko positibo kopuruaren errekorra Bizkaian: 528 zenbatu ziren. Batez ere, Bilbon eta itsasadarraren ezker eta eskuin ibarretan nabaritu da gorakada azken asteetan: Barakaldon eta Getxon dago kezkarik handiena; hiriburuan, Zazpikaleetan eta Miribillan. Busturialdean eta Lea-Artibain ere igarri dira Gernika-Lumoko agerraldiaren ondorioak: Aulestik du Bizkaiko kutsatze tasarik altuena; izan ere, martxotik zazpi positibo izatetik 26 izatera igaro ziren joan den astean; hau da, hamar aulestiarretik lauk eman du positibo PCR proban.

Udaberriko datuak eta oraingoak ez dira erabat alderagarriak, hasierako hilabeteetan oso test gutxi egin zirelako, eta soilik gaitza gaiztotuta ospitaleratzen zirenei egin zizkietelako probak. Orain, positibo eman duten guztien gertukoen artean gaixo gehiagoren bila dabil Osakidetza; baita sintomarik ez dutenen kasuetan ere. Edozelan ere, bilakaerak argi erakusten du pandemia okertzen ari dela alarma egoera bukatu zenetik. Azken hilabetean, han-hemenka izan diren agerraldiek irauli egin dute epidemiaren bilakaera. Kutsatzeak saihesteko herritarrek hartu beharreko neurriek ere jai hartu dutela dirudi. Hainbat adituk erakunde publikoen jarduna ere auzitan ipini dute; esaterako, Osakidetzak aztarnari gutxi dituela salatu dute osasun arloko sindikatuek.

Aisialdiari lotuta

Bilboko Bolueta auzoko dantzaleku bat, Erandioko jatetxe bat, Algortako (Getxo) eta Galdakaoko taberna bana, Gernika-Lumok Andra Mari eta San Roke jaiak ospatu ohi dituen egunetan gau giroko tabernetan egindako parrandak… Aisialdiari lotuta egon dira abuztuko agerraldi nagusiak. Eta arlo horretan dago kezka oraindik ere: Lekeitiok eta Bermeok jai alternatiborik ez egiteko eskatu diete herritarrei. Eusko Jaurlaritzako osasun arduradunen esanetan, oporretan kanpora joan direnean, bigarren etxebizitzak dituzten kostako herrietan egon direnean, ostalaritzan eta familia arteko ospakizunetan segurtasun neurriak ahaztu dituztenek eragin dute, batez ere, birusa hain erraz hedatzea.

Captura de pantalla 2020-09-03 a las 15.21.16

Baina ez da aisialdia izan errudun bakarra. Lantokietan ere egon dira kutsatzeak. Hainbat fabrika, supermerkatu eta dendatan positiboak egon arren, gainontzeko langileei ez zaizkiela probak egin salatu dute sindikatuek. Ezagutu den azkena Orozkon izan da, Artiach fabrikan. Osasun Sailak hainbat neurri hartu ditu kutsatzeen hedapena saihesteko: maskararen erabilera derrigortu, ostalaritzako baldintzak gogortu, pertsonak elkartzeari mugak jarri… Baina, oraingoz, ez da erritmoa moteltzea lortu.

Abuztuan positibo eman duten gehienek 40 urtetik behera dituzten arren, haiek etxekoen eta hurkoen artean banatzen dute birusa, eta pertsona helduagoengana ere iritsi da. Eta horrek eragina izan du ospitaleetan. Uztailaren 16tik, Osakidetzak ez du ospitale bakoitzeko informaziorik eman. Baina Bizkaiko erietxe nagusienean, Barakaldoko Gurutzetan, abuztuko lehen astean sei pertsona zeuden COVID-19ak jota; horietako bakarra ZIUan. Asteon, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan 300 gaixo inguru daude. Premia nabarmen hazi da aste gutxitan. Hala, Gurutzetako ospitaleak solairu bi egokitu ditu etor daitezkeen ospitaleratze berriei erantzun ahal izateko. Egun ZIUan dituen 69 oheak 215 bihurtzeko lanean dabiltza. Basurtun, Makua pabiloia atondu dute. Eta Galdakao-Usasoloko ospitaleak solairu bat du prest. Ekainean eta uztailean inor zendu gabeko hainbat egun egon ziren arren, abuztuaren 7tik egunero hiltzen da norbait; bereziki, azken egunetan ugaritu dira hildakoak.

Dena den, egoerak ez du martxoan eta apirilean bizitakoaren antzik. Orain, batez beste, bost egun egoten da gaixoa ospitalean; orduan, 10-12. ZIUko egonaldiak ere 14 egunetik hiruzpalaura jaitsi dira. Eta erietxeetan daudenek 40 eta 60 urte artean dituzte; lehen, 60tik gora. Gurutzetako Pneumologia Saileko buru Milagros Iriberriren esanetan, abuztuko lehen hamabostaldian jaso dituzten gaixoak bigarrenekoak baino gazteagoak izan ziren. Gazteenek bestelako eritasun gutxiago dituzte, eta horrek sendatzea errazten eta arintzen du. “Gutxi iraun du lasaitasunak: gero eta pertsona nagusiagoak iristen zaizkigu”.

Zahar etxeetan berriro

Izan ere, birusa zahar etxeetara sartu da berriro. Bizkaiko Foru Aldundiak publiko egin dituen datuen arabera, abuztu hasieran ez zen kutsatutako egoiliarrik: ekainaren 26tik ez zegoen egoiliar gaixorik egoitzetan, eta ospitalean ere ez uztailaren 2tik. Uztail osoan ez zen inor hil. Abuztuaren 8an itzuli ziren diputazioaren buletinak: makal zeudelako ospitalera eroandako hiru egoiliarrek positibo eman zuten PCR proban. Hilaren 12rako 16 egoiliar zeuden egoitzetan isolatuta, positibo eman zutelako; eta lau, ospitalean. Zamudioko eta Bilboko egoitza banatan birusaren agerraldi bana zeudela jakinarazi zuen Gizarte Ekintza Sailak. Biharamunean, beste agerraldi baten berri eman zuten Bilboko beste egoitza batean: jada 53 egoiliarrek eman zuten positibo. Abuztuaren 24an jakinarazi zituzten lehen bi heriotzak. Dagoeneko ehundik gora dira positibo eman duten egoiliarrak. Ekainetik 6.000 PCR proba egin dira egoitzetan; erdia baino gehiago beharginei. Izan ere, haiek dira birusak sartzeko duen ate nagusia. Sindikatuek salatu dute ez dutela norbera babesteko behar beste ekipamendu, eta lantaldeetan larri dabiltzala, gaixoaldi eta oporraldiak ordezkatu gabe. Gaitzak jotako egoiliarren %31 inguru hil dira Bizkaian. Martxotik 1.600 pasatxok gainditu dute COVID-19a, baina 300 baino gehixeago zendu dira —290, ekainera artean—. Diputazioak gaur emango du neurrien berri, Batzar Nagusietan.