Olatz Silva
Bilboko Uribarri auzoko emakumeek gabezia handi bat zuten XX.mendearen amaieran: auzoan ez zegoen emakumeak elkartzeko gunerik. “Udalak ikastaroak antolatzen zituen, baina zozketa bidez izaten zen, eta kanpoan gelditu ohi ginen”, azaldu du Bego Bretos Uribarriko bizilagunak. Gauzak horrela, 1995ean, auzoko hamabost emakume elkartu egin ziren bilera bat egiteko: elizako emakumeak, ezker abertzalekoak, eta eskolako eta ikastolako amak. Berretsi egin zuten auzoak emakumeak elkartzeko gune bat behar zuela; eta hurrengo ikasturterako bi ikastaro antolatu zituzten: erlaxazioa eta bizimodu osasuntsua. Horrela sortu zen Aletu Uribarriko emakume taldea.
Lehenengo urteko ikastaro eta bilerak auzoko San Migel parrokian egin zituzten. Hurrengo ikasturtea, berriz, auzoan zegoen Babesleku izeneko eraikinean antolatu zuten, Bizkaiko Foru Aldundiarekin bertako hiru gela negoziatu ostean. Bego Bretos hasieratik egon da Aletun, eta taldearen hazkundea ezagutu du. “Hasieran hiru gela erabiltzen genituen, baina pixkanaka-pixkanaka, solairu osoa hartu genuen”, adierazi du. Azken ikasturtean 542 bazkide izan ditu Aletuk, eta 35 ikastaro antolatu ditu: soinketa, pintura, euskal dantzak eta ingelesa, besteak beste. Ikastaroetan parte hartzeko bazkide izatea beharrezkoa den arren, kanpora begira ere hainbat hitzaldi eta ekintza antolatzen ditu elkarteak.
Lehenengo momentutik argi izan dute helburua taldekoek: emakumeak euren aisialdiko prestakuntzaren eta antolaketaren protagonista eta eragile izatea. Kontseiluko parte den Mari Luz Fernandezek ondo daki helburu hori zein garrantzitsua den: “Emakumeek etxetik ateratzeko beharra dute, beste emakumeekin batzeko beharra, beste ekintza batzuk egiteko beharra”. Fernandezek gaineratu du ikastaroek balio handia dutela: “Ez dira soilik ikastaroak, horrek gero dakarrena da: emakumeak hemendik kanpo batu egiten dira”. Pintura ikastaroan, marraztu baino, “terapia” egiten zuela kontatu du.
Auzoko bizitza sozial eta kulturalean parte hartzea da Aleturen beste helburuetako bat. Horregatik, Uribarri Auzolanean gune komunitarioaren parte dira. Auzoko erakunde eta auzokideak batu egiten dira, auzoaren inguruko kontuak lantzeko. “Garrantzitsua da auzoan gure elkarteak indarra duela erakustea; ekintza guztietan parte hartzen dugu”, azpimarratu du Bretosek. Erakutsi nahi dute ez direla bakarrik “soinketa egitera doazen emakumeak”. Uribarriko neska gazteen talde feministarekin ere elkartzen dira. “Gazteengandik asko ikasi dugu; guk haiei erakutsi behar diegu gure adineko emakumeen bizitza zein izan den, haiek berdina bizi ez dezaten”, esan du Fernandezek.
Adin guztietako emakumeak dira bazkide. Bretosek uste du azpimarragarria dela haien arteko harremana. Batez besteko adina altua dela esan du Fernandezek; Aletuk aurrera jarraitu dezan, jende gazteagoaren beharra ikusten dute: “Belaunaldien arteko erreleboa garrantzitsua da, hau ezin daiteke galdu”.
Irailetik aurrera, zer?
Ikasturtea amaitzeko hiru hilabete eskas falta ziren pandemiak Aletu ixtea eragin zuenean. Kontseiluko kideek hurrengo ikasturteari mesfidati begiratzen diote. Irailean batuko zirela adostu zuten, egoerari nola aurre egin erabakitzeko. Hala ere, gauzak okertu direla adierazi du Fernandezek: “Ez nuen espero honek horrela jarraituko zuenik”. Argi dute egoera hobetzen denean behar den tokira joango direla protokoloen inguruan galdetzera, Aletu ahalik eta lasterren martxan jartzeko.
“Ez dut uste erraza izango denik betiko ikastaroak egitea; baina beste ekintza batzuk egiteko erabili dezakegu ikasturte hau”, nabarmendu du Fernandezek, pandemiak eragin duen egoerari alde ona atera nahian. Bretos bat dator Fernandezekin: “Agian guretzako baliatu dezakegu denbora: gure arteko harremanak sendotzeko, eta barnean daukagun guztia kanpora ateratzeko eta gainerako emakumeekin partekatzeko”.
Beldur apur bat duten arren, haien esku dagoen guztia egingo dute Aletu aurrera atera ahal izateko: “Urte batean ez irekitzeak ez du esan nahi betirako itxiko denik, ez horixe”.