Zirrikitutik begira

Maite Berriozabal Berrizbeitia
Arratsaldeko txandan aurpegi onez eta ahoa estalita garagardoak zerbitzatzea dagokionari etor bekioz bezero atseginak. Familiarekin egon nahi ez duen arren, familiarekin egon behar duenak sare sozialetan hartuko du babes.

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Arratsaldeko txandan aurpegi onez eta ahoa estalita garagardoak zerbitzatzea dagokionari etor bekioz bezero atseginak. Familiarekin egon nahi ez duen arren, familiarekin egon behar duenak sare sozialetan hartuko du babes. Ospitalean nahi baino denbora gehiago egon behar duenak telebistako irribarreak sinistu nahiko ditu. Menorcatik etxera bueltako hegaldiak sortuko dion opor amaierako gorputzaldiari etxera iritsi ahal izatearen lasaitasuna gailenduko zaio. Oporretan bakarrik joateko erronka beste urtebetez atzeratu duenak aitzakia borobila aurkitu du aurtengoan.

Hondartza nudistako begirada bakoitza azalean tatuatu zaionak, bihar ere hondartza nudistara joatea erabakiko du. Diruz larri dabilenak supermerkatuko pasabide bakoitza errepasatuko du, eta sartu bakoak sartutakoak baino presenteago izango ditu. Herrietako jaietan ligatzeko aukerarik ez dela izango jakinda, lagunekin bestelako modu batzuk aztertzeko bilduko da arratsaldean. Zaintzailearen besotik emandako ibilaldiak iazko abuztukoak baino laburragoak izango dira aurten, badaezpada. Ekainean igotako mendian ateratako argazkia igoko du Instagramera eta bihotzen zain emango du goiza etxean.

Lagunekin egindako egun-pasaren ostean Cola Cao bat berotuko du etxeko mikrouhinean oraindik irribarrea ahoan duela. Bisitarako falta zaizkion egunak zenbatuko ditu goizero, eta beti faltako da egun bat gutxiago. Goiz esnatuko du amak fundamentuzko zerbait egin dezan, eta ohe gainean etzango da musika entzutera. Aspaldi margotzen hasitako koadro hura amaitzeko asmoz esnatuko da, eta gorriz pintatuko du, batez ere. Oporrak hartu zituela astebete joan den arren, ez daki eskuetako lejia usaina benetakoa den ala ez. Pastel bat erosiko dio aititari, nahiz eta jakin berak ez beste denek jango dutela.

Itzaletan eseriko da umea lo dagoen artean liburuan murgiltzeko esperantzan, eta orriak astiro pasatuko ditu. Maskara gehiago josiko ditu badaezpada, ez daki ilobek irailean eskolarako beharko dituzten-eta. Emakumea edo gizona ote den argitu nahian pasatutako denbora alferrikako denbora izango da. Buzoa palankanan sartu, eta ur txorrotari begira ezingo du irailean datorkien aldi baterako erregulazioa burutik kendu. Bikotekidearen mezu bat jasoko du berandutu egin zaiola esanez, eta harremana ordu laurden beranduago etengo duela pentsatuko du bere baitan. Eguzkitako betaurrekoak erantzi barik gidatuko du autopistako tunelean, eta poetikoa irudituko zaio egoera.

Ez dakit non ibiliko zaren zu abuztuan, nik irailera arteko atsedena hartuko dut, eta leiho honetako gortina erdizka itxiko dut. Zirrikitu bat utziko dut libre bertatik inguruari begira jarraitzeko, eta barrukoa ikusteko aukera ere izango du begiratzera asko hurbiltzen denak. Aurtengoa, orain artean behintzat, ez da ohiko urtea izan, eta ez dirudi garai errazak datozenik. Hala ere, abuztua etorri dator, eta batzuentzat arnasa hartzeko aukera ere ekarriko du beharbada, eta abuztuak arnasa estutuko dionik ere izango da. Bateko zein besteko, zaindu zeuen buruak eta maite dituzuenak.