Liluratzeko eraikitakoa

Ibai Maruri Bilbao

Ekitaldia 10:00etan hasi zen. Tinbal jotzaileek gidatuta eta mikeleteek babestuta, Bizkaiko Diputazioko kideak ordura arte euren etxea izandakotik atera ziren; hau da, Bilboko Plaza Barriko 15. zenbakian dagoen eraikinetik —gaur egun, Euskaltzaindiaren egoitza nagusia—. Arabako eta Gipuzkoako ordezkariak ere gonbidatuta zeuden. San Ignazio eguna zen, eta Santiago plazan egin zuten geldialdia: meza izan zuten katedralean —orduan oraindik basilika zen, Bilboko Elizbarrutia 1950ean sortu baitzen—. Amaitutakoan, Kale Nagusirako bidea hartu zuten. Foru jauregi berrian zuten helmuga. Orduan sartu ziren lehenengoz, inaugurazio ekitaldirako. Gaur, uztailak 31, 120 urte dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egungo egoitza ireki zela.

Espainiako Arte Ederren San Fernando Errege Akademiaren esku utzi zuen diputazioak jauregi berria diseinatuko zuen arkitektoaren aukeraketa. Zazpi hautagai egon ziren, eta Luis Aladren gustatu zitzaien. Albia lorategia jo zuen begiz: plaza zabala gura zuen jauregi parean, eta eraikitzeko ere lekua behar zuen, Plaza Barriko egoitza txiki geratu zen-eta. Baina orubea eskuratzeko zailtasunak izan zituzten, eta Kale Nagusikoa erosi zuen diputazioak. 1880an hasi ziren lanak. Kostata iritsi ziren inaugurazio egunera. Zazpi egunen faltan, garaiz amaituko zuten zalantzan egon ziren; aurreko asteetan greba egin zuten langileek. Ez zen obra merkea izan: apaingarriak gehituta, sasoi hartako ia hiru milioi pezeta ordaindu zituzten; urte haietan eraiki ziren antzeko beste batzuk kostatutakoa halako hiru.

Jauregiko aretoetan eskainitako bazkari oparo batekin ospatu zuten inaugurazioa. Garai hartako kroniken arabera, gonbidatu guztiak liluratuta utzi zituen egoitza berriak. Herrialde historikoaren ekonomiak zuen sasoi onaren eta sendotasunaren ikurra izatea nahi zuen orduko burgesiak, eta lortu zuten. Euskal Herriko eklektizismo modernoaren lanik bikainenetakoa da Bizkaiko Foru Jauregia. Kanpotik oso apainduta dago; arranditsua eta ikusgarria da. Itxura trinkoa du, leihoz eta balkoiz beteta egon arren. T formako patio bat du atzeko aldean. Lur azpian sotoak daude; gainean, hiru solairu nagusi eta atikoa.

Bilboko Kale Nagusian du sarrera printzipala. Terraza handi batek estaltzen du. Haren azpiraino joaten ziren orduko agintariak zalgurdian. Burdinazko hesiz itxita dagoen atarte ikusgarritik sartzen da eraikinera. Behin barruan, parez pare, eskailera nagusia dago. COVID-19aren pandemiagatik gaur egun bertan behera utzita dauden arren, doako bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen du foru aldundiak. Eta hortxe abiatzen dute ibilbidea.

Deigarria da marmolezko eskailera inperial horren harmonia; baita ezker-eskuma dituen eskultura itzelena ere —arrantza eta industria irudikatzen dituzte—. Gainean kupula bat dauka. Solairu nagusira igo eta atzera begiratzean, beira leiho nagusia dago. Anselmo Gineak diseinatu eta Antonio Rigault beiragileak egin zuen. XIX. eta XX. mendeen arteko Bizkaia adierazi gura du. Erdigunean herrialde historikoaren ikur den andre bat dago, Gernikako arbolaren aurrean. Ezkerretara, Bizkaiko landa inguruko tradizioa du irudikatuta; eskumatara, labe garaietatik irteten den kea eta itsasadarra zeharkatzen duten ontziak. Erdian, bizkaitarrak: arrantzaleak, nekazariak, abeltzainak, artzainak, errementariak, zurginak, industriako eta ontzioletako langileak, artistak, musikariak, poetak… Bizkaiaren seme-alabek euren lana eskaintzen diote amari.

Beira leihoaren parean, eskailera nagusia igo eta aurrez aurre, haritz zurez egindako ate ikusgarritik sartuta, harrera aretoa dago; handik irteten da atari gaineko terrazara. Jauregiko areto nagusia da, eta ekitaldi garrantzitsuetarako erabiltzen da. Oso apainduta dago. Bizkaiaren apoteosia izeneko hiru fresko alegoriko daude sabaian: Atzo, Gaur eta Bihar dute izena, eta bizkaitarren lorpenak, lana eta balioak irudikatzen dituzte. Alboetako geletara joateko ateen gainean ere freskoak daude. Diputazio kalerantz dagoenean, Aragoiko Fernando II.ak, Errege Katolikoak, 1476an Gernikako Antiguako Amaren elizan Bizkaiko foruak zin egin zituen unea ikus daiteke. Astarloa kalerantz dagoenean, 1394an Ganboa eta Oinaz leinuek Gernikako arbolapean sinatutako ituna dago irudikatuta: Gonzalo Moro korrejidorearen aurrean egin zituzten bakeak familia bien ordezkariek.

Ate horretatik joanda, beste areto garrantzitsu bat dago: tronuarena. Juan Elorza zurginak apaindu zuen, Versaillesko jauregia gogoan. Kolore berdea eta zuria dira nagusi eta ispilu handiak ditu. Joaquin Sorollaren ikasle Alvaro Alcala Galiana margolari igorreztarrarena da sabaiko freskoa: Monarkia izeneko alegoria. Bizkaiko jaun eta andre tituluak dituen Espainiako koroa goresteko asmotan sortu zuten gela hau.

Bilkuretatik bileretara

Hurrengo aretoa osoko bilkurena da. Egungo egitura politiko-administratiboan ez du funtziorik: 1876an foruak indargabetu eta Batzar Nagusiak desegin ondoren sortutako diputazio probintzialeko kideak batzartzen ziren lekua da. Balkoiak ditu, herritarrek eta kazetariek eztabaidak entzuteko. Sabaiko freskoan ezpata eta balantza dira adierazgarri, legearen eta justiziaren ikur. Gela horretan dago etnografia aldetik jauregiko koadro interesgarrienetako bat: Begoñako ezkontza. 1607an sortu zuen Francisco Mendietak. Ospakizunean dauden andreen burukoak eta jantziak xehetasun osoz irudikatu zituen. Andre bakoitzak zenbaki bat dauka, eta behean Bizkaiko zein lekutakoa den idatzi zuen. Ondokoa du esangura: andreek ordezkatzen dituzten herrietan jaioak Bizkaiko kaperatasun unibertsalaren jabe dira. Aretoko bi horma irudietan lehenak zera erakusten du: Gaztelako Pedro I.a erregeak Bizkaiko jaungai Aragoiko Juan infantearen hilotza Bilbon leihotik behera bota zuen unea (1358). Bigarrenak, 1483an Gaztelako Isabel I.ak Bizkaiko andre moduan foruak zin egin zituenekoa. Jauregiko koadroetan ageri den emakumezko pertsonaia historiko bakarra da Erregina Katolikoa.

Ramon Sota aretoan biltzen da martitzenero foru aldundiko gobernu kontseilua. 1917tik 1919ra Bizkaiko Diputazioko presidente izan zen Ramon Sota ontziola jabe, abokatu eta politikari jeltzalearen omenez du izena. Anselmo Ginearena da sabaiko freskoa: Eztabaidatik dator argia, batzarretik adiskidetasuna. Hormetan, diputazio probintzialeko presidenteen eta ahaldun nagusien erretratuak daude eskegita.

Eskailera nagusien eta osoko bilkuren aretoaren artean, kapera dago. San Ignazioren omenezkoa zen sorreran, Bizkaiko Jaurerriko zaindari delako 1690ean Batzar Nagusiek izendatu zutenetik. Gaur egun, Elorrioko San Valentin Berrio-Otxoarekin batera jasotzen du gurtza kaperan, biak dira-eta herrialdearen jagole ofizial. Bi santuen eskulturak eta elorriarraren erlikiak daude aldarean, Jesu Kristo gurutziltzatuaren margolan baten oinetan.

Jaurerriko zaindari da Begoñako Ama ere, Batzar Nagusien erabakiz, eta haren eskultura batek egiten du harrera solairu nagusian, eskaileretatik ezkerretara dagoen areto irekian. Bi gela garrantzitsu ditu ezker-eskuma: Bizkaitar Ospetsuen Aretoa eta ahaldun nagusiaren bulegoa. Lehenengoan, Antonio Trueba, Pedro Egaña, Pedro Novia Salcedo, Fidel Sagarminaga, Joaquin Barroeta Aldamar, Mario Adan de Yarza, Estanislao Labairu eta Jose Maria Makuaren erretratuak daude. Andre ospetsurik ez. Leku honetan biltzen zen Jose Antonio Agirre lehendakaria bere sailburuekin, 1936an, Eusko Jaurlaritza Cartlon hotelean ezarri aurretik.

Ahaldun nagusiaren bulegoa belus gorriz tapizatuta dago. Hainbat artelan baliotsu ditu, eta altzariak ere ez dira edozelakoak. Baina altxor nagusia Frantziako enperadore Napoleon III.aren emazte Eugenia de Montijok Bizkaiko Diputazioari 1857an oparitutako portzelanazko hiru pitxer dira. Enperatrizak Gautegiz-Arteagako gaztelua dagoen orubea jaso zuen herentzian. Horren aitzakian, guraso izan zirenean, Batzar Nagusiek Bizkaiko seme izendatu zuten printze jaioberria. Izendapena eskertzeko oparia izan ziren pitxerrak.

Aspalditik ahaldun nagusiak bulego xumeago bat erabiltzen du eguneroko lanerako, baina ofizialean bukatzen da jauregiko harribitxiak ezagutzeko ibilaldi gidatua. 1900eko ospakizunera joan zirenek, ostera, Bilboko Orfeoiaren emanaldiaz gozatu zuten bazkalostean; Gernikako arbola izan zen azken kanta. Ondoren, Abrako badiara joan ziren baporean, Bilboko portuko obrak ikustera. Biharamunean, kanpotik etorritakoak Gernika-Lumora eroan zituzten, Batzar Etxea eta arbola ezagutzera.