“Etxetik irtetean beti jantzi behar da maskara, eta itzuli arte ez kendu”

Ibai Maruri Bilbao

Urtero, oporraldian, aisialdiaz gozatzeko gomendioekin kanpaina bat egin ohi du Bizkaiko Gurutze Gorriak, Uda honetan maita ezazu zeure burua lelopean. Aurten, ohiko neurriez gain, COVID-19ari aurre egitekoak azpimarratu behar izan dituztela esan du Koldo Larrazabal Larrialdietako arduradunak (Getxo, 1966). “Egunerokoan jokabide batzuk aldatu eta ohitura batzuk geure eginez gero, ezbehar eta larrialdi asko eragotziko genituzke”.

Aurten, eguzkitako krema emanda ez ezik, maskara jarrita ere joan behar da hondartzara.

Geure burua eta ingurukoena zaintzeko inoiz baino premia handiago daukagu. Hondartzara edo igerilekura goazenean ere, maskara jantzita eramatea ezinbestekoa da. Osasun agintariek ezarri duten legez, soilik kendu ahal izango da toallan etzanda gaudenean edo uretara sartzera goazenean. Era berean, ezinbestekoa da jende pilaketarik ez sortzea; uretan gaudenean ere, metro eta erdiko distantzia mantendu behar da beste pertsonekin. Eskuak maiz garbitu behar dira, baina, eguzkitan, kontuz gel hidroalkoholikoekin; erredurak sor ditzakete. Dutxak banan-banan erabili behar ditugu, ezin gara elkarrekin dutxatu.

Aurten, beste bandera bat gehiago dago Bizkaiko hondartzetan: anbar kolorekoa, hareatza ia beteta dagoela ohartarazteko. Baina betikoak ere hortxe izango dira.

Batzuei kosta egiten zaie kasu egitea. Eta hondartzan kontuz ibili behar da uretara goazenean. Digestioa eten daiteke, istripuren bat izan dezakegu leku txarrean edo modu ezegokian sartu garelako, adi ibili behar da ur-lasterrekin… Bainatzerakoan beti ibili behar da kontu handiz; berdin dio hondartzan, igerilekuan, ibaian edo ur bildu naturaletan bainatu.

Hilabete eta erdi igaro da Bizkaian hondartza sasoia hasi zenetik. Zelan joan da orain artekoa? Jendeak betetzen al ditu ezohiko arauak?

Guztiek ez, egia esan behar bada. Gehienek kasu egiten diete osasun agintariek ezarritako neurriei, baina ez guztiek. Eta sorosleek euren atzetik ibili behar izaten dute, kontu eske. Ea apurka jendea kontzientziatzen den.

Azken egunetan Bizkaiko kostaldeko herrietan hasi dira positibo gehiago agertzen. Horrek kezkarik sortzen dizue?

Normala da. Bizkaian Bilbon daude kasu gehien, eta jende asko joaten da kostaldeko herrietara. Aurten, jende gutxiago joango da oporretan kanpora, eta gure kostaldera jotzen dute egun-pasa edo bigarren etxebizitzetara. Oso garrantzitsua da neurriak betetzea.

Gaueko aisialdia mugatzeko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak. Hori da kutsatzeko arriskurik handiena duen jarduera?

Jendea biltzen den edozein lekutan kutsa gaitezke; gauez edo egunez. Horregatik da garrantzitsua beti-beti-beti distantzia errespetatzea, higiene zorrotza eta maskara erabiltzea. Etxeko atetik irteten garenean, beti jantzi behar dugu maskara, eta, ahal dela, itzuli arte ez kendu. Kutsatzen baldin bagara, etxera eramango dugu birusa, eta etxekoak kutsatu. Denok gozatu nahi dugu aisialdiaz, baina kontuz.

Uztaila epel joan da, baina aste honetan hasi dira kukuka tenperatura handiagoak. Beroaz ere ez zarete ahaztu kanpainan.

Zentzuzko gomendioak dira, baina komeni da gogoratzea. Besteak beste, berorik handieneko orduetan ez da komeni kalean jarduerarik egitea, ezinbestekoa da ura sarri edatea, eta kontuz ibili behar da umeekin eta adinekoekin. Eta, bero egin zein ez, eguzkitarako krema ez da ahaztu behar.