“Ziurtagiria eskualdeak berak lortzea ez da gertatu inoiz inon”

“Ziurtagiria eskualdeak berak lortzea ez da gertatu inoiz inon”

Natalia Salazar Orbe

Lehen aldiz ari da lanean eskualde oso bat European Cyclists’ Federationek ematen duen Cycle Friendly Employer ziurtagiria lortzeko. Durangaldea “aitzindari” dela azaldu du Mireia Elkoroiribe hango mankomunitateko presidenteak (Durango, 1975), eta Europan prozesuari adi erreparatzen ari zaizkiola.

Durangaldea bizikletentzako lurralde atsegin bihurtuko dela iragarri duzue. Zer esan nahi du horrek?

Bizikleta erabiltzea gauza erraza eta atsegina izatea. Gure helburua da bizikletaren erabilera bultzatzea eskualdean, egunerokoan mugitzeko. Hau da, ez bakarrik kirola egiteko edo aisialdirako, baizik eta lanera joateko edota erosketak egiteko. Apurka landuko dugu eragile guztion artean.

2020-2023 epealdirako ibilbide orria definitu duzue. Zeintzuk neurri hartuko dira eskualdean?

Hasteko, mankomunitatea eredugarri izatea nahi dugu. [Cycle Friendly Employer] ziurtagiria lortu dugu, eta beste eragile batzuk inplikatu ditugu. Bizikleta bultzatzeko estrategia honetan, elkarlana ezinbestekoa da. Mankomunitateko bederatzi udalak eta Berriz ari gara lanean. Enpresak ere inplikatu ditugu, baita ikastetxeak eta ikerketa zentroak ere. Enpresa eta erakunde horiekin diagnosi bat egin dugu, eta horrekin diseinatu dugu datozen urteetarako ibilbide orria. Talde motorra sortu dugu, eta bizikleta mahai bat ere sortuko da. Gurekin lanean ari diren beste 22 erakundeak ziurtagiria lortzeko bidea egiten ari dira, eta gure helburua da azkenean eskualdeak berak lortzea ziurtagiria. Hori ez da gertatu inoiz inon. Europan aitzindariak gara. European Cyclists’ Federationekoek esaten digute inoiz ez dela horrelakorik gertatu eta denak adi-adi ari zaizkiola begiratzen Durangaldeari.

Zeintzuk jarduera aurreikusi dituzue?

Irailean, 30 egun bizikletaz nazioarteko egitasmoan parte hartuko dugu. Gero, sentsibilizazio eta trebakuntza saioak antolatuko ditugu erakunde publiko eta pribatuentzat. Finantzaketa aukerak ere identifikatuko ditugu. Durangaldeko biztanleei zuzendutako sentsibilizazio jarduerak egingo dira. Eta azpiegiturak ere bultzatuko ditugu. Diagnosiak egiten ari gara. Gure eskualdean 33 kilometroko bidegorri sarea dago aurreikusita, eta horietatik oraindik bost kilometro besterik ez dira egin. Sare hori bultzatzeko orduan, oso garrantzitsua izango da informazio zehatza izatea, horrela jakingo baitugu benetan zeini eman behar zaion lehentasuna. Eraginkorragoa da azpiegitura bat bultzatzea jakinda industrialde bat lotuko duela eta bertan hainbat langile prest daudela bizikleta erabiltzeko.

Orain arteko diagnositik zeintzuk ondorio atera dituzue?

Bizikleta mugikortasunerako erabiltzeko ohitura txikia dago: eskualdean %0,6 bakarrik mugitzen dira bizikletaz. Bestalde, bidegorri sarearen %15 bakarrik dago eginda. Oraingoz, mugikortasuna sortzen duten zentroetan aparkaleku gutxi dago bizikletentzat. Indarguneei begira, txirrindularitza tradizio handia daukagu. Oraingoz kirolarekin eta aisiarekin lotzen dugu, baina tradizio hori egoteak gero erraztu egiten du bidea. Bestalde, hau martxan jartzeko, 30 erakunde publiko eta pribaturekin hitz egin dugu, eta 23 jada martxan gaude. Hori izugarria da. Europan harrituta daude arrakasta hori ikusita. Nazioartean homologatuta dagoen CFE metodologiak laguntzea ere indargunea da. Eta eskualdearen tamaina eta orografia ere bai: Durangaldean bizikletaz mugitzea nahiko erraza da.

Proiektu hau bultzada izan daiteke bidegorri sarea osatzeko?

Azpiegiturak garrantzitsuak dira. Hala ere, ez da lehenengo arrazoia bizikleta erabiltzeko. Lehenengo, kultura sortu behar da. Gero eta bizikleta gehiago badaukagu, azpiegitura gehiago beharko dugu. Azpiegiturek, eurek bakarrik, ez dute ezer egiten.

Datozen hiru urteetan erabilera %0,6tik %5era igotzea nahi duzue. Anbizio handiko aurreikuspena da.

Bai, helburu handia jarri dugu. Uste dugu posible dela.

Ba al duzue erreferenteren bat?

European Ciclists’ Federation eta Bikefriendlyrekin ari gara lanean. Esperientzia handia daukate. Baina bitxiena da gu haiei begira gabiltzan bitartean haiek guri begira ari direla.

Mankomunitateak lortu du ziurtagiria, eta beste 22 instituzio gehituko zaizkio. Zer baldintza bete behar dira, eta zer ekarriko luke Durangaldeak ziurtagiria lortzeak?

Hainbat esparruri begiratzen zaie puntuak emateko. Besteak beste, ea langileen artean bizikletaren erabilera sustatzen den. Azpiegiturei dagokienez, ea bizikletentzako aparkaleku egokia dagoen. Baita zer-nolako bultzada ematen zaion bizikletari ere, eta informazioa eta laguntza ematea. Edo bizikleta erabiltzeko zerbitzuak eskaintzea. Esaterako, bizikletak eskuragarri jartzea langileentzat. Aparkalekuaren kudeaketari ere begiratzen zaio. Esaterako, bizikleten aparkalekua autoena baino gertuago egotea edo autoen aparkaleku bat kentzea bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzeko. Lurraldeak berak ziurtagiria lortzeari dagokionez, orain arte ez denez gertatu, orain ari dira horri forma ematen.