Lagun hori,

Igor Elordui Etxebarria

Lerroon bitartez jakinarazten dizut irakurtzen hasi zaren hauxe dela Bizkaiko Hitza-n publikatuko dudan azken zutabea, alegia, Parajetik txoko honetako akabuko artikulua.

Bost urte beteko dira laster lehenengoa eskribitu nuenetik, hamabostean behin orriotara osteratxoak egiten hasi nintzenetik. 2015eko irailean izan zen hasierako hura, eta gogoan ditut bai gaia —euskaltegietako matrikulazio kanpaina—, bai izenburua —Izan zaitez fenomeno!—. Hura eta gero beste 119 etorri dira; ez dira alferrik igaro, esan bezala, kasik bost urte. Zenbat karaktere, zenbat berba, zenbat bizipen, zenbat kontu… pilatzen diren bosturteko batean. Behar eta ardura berriak ere bai, eta baita neke apur bat ere, dena esan behar bada. Lekukoa beste bati pasatzeko sasoia ailegatu da honezkero.

Guztira 120 artikulu izan dira, beraz. Eta badira batzuk. Kuriosoa da: halakoetan ohi denez, sarri jantzi behar izan ditut katamaloak artikuluok idazteko, eta orain, horiek erabiltzea derrigorra denean, maskarak erantzi eta ahalik eta gordinen, ahalik eta xeheen ari naiz epilogoan. Horrenbeste, ze, gutuna leitzen ari zaren, ohiko iritzi artikulua barik. Egia esan, forma aldetik dena dago asmatuta bere zutabea zuri utzi zuen, bere izen-abizenak ez besterik, haren ostean. Neuk ere idatzi ditut noizean behin, maketatu behar izan dituenaren desgraziarako, abestiak, bertsoak, ipuinak, hitz-jolasak, hutsuneak bete gisakoak…

Gauza askori buruz izkiriatzeko aukera izan dut bost urteotan, batzuk zorionean, baina zoritxarrean beste batzuk: euskal presoak, memoria historikoa, euskara, Korrika, ETB, Athletic, minbizia, Santa Ageda, Gabonak, Katalunia, erabakitzeko eskubidea, hauteskundeak, familia ereduak, eutanasia, Martxoak 3, Martxoak 8, Maiatzaren Lehena, giza eskubideak, errefuxiatuak, gaua, musuak, besarkadak, Goazen!, Gernikako bonbardaketa, grebak, Zaldibar, koronabirusa, pandemiak, nire alaba, nire semea, nire aita… Maskara batzuk gorabehera, nolakoa naizen eta zer pentsatzen dudan agerian uzteko lain. Kirolean esaten den bezala: dena emanda noa.

Beraz, heldu da agurra, adiskide. Ganorazko amaiera bati dagokion legez, eskerrak emanez amaituko dut. Hasteko eta behin, eskerrik asko zuri, irakurle (berdin izan zaren irakurle finkoa ala ebentuala). Nitaz oroitzapen ona izan dezazun, honatx Iparraldeko atsotitz batek dioena: “Bisita guztiek egiten dizute atsegin; etortzean ez bada, joatean”. Eskerrik asko Bizkaiko Hitza osatu duzuen eta osatzen duzuenoi: Gotzon, Aitziber, Ibai, Ainhoa, Natalia, Peru… Ohorea eta plazera izan da, bata zein bestea handiagoa. Eta azken-azkenik, eskerrik asko zuri, Ainare. Seguru asko zeu zara artikulu guztiak irakurri dituen bakarra. Kritiko bezala ez duzu batere balio, denak gustatu zaizkizu eta, baina, hori bai, ez dago munduan zu baino bikote hoberik.

Beste barik, adiorik ez. Txarto esanak barkatu eta ondo esanak kontuan hartu.

Igor.