Babestutako naturguneen argi-ilunak

Babestutako naturguneen argi-ilunak

June Prieto

Bizkaiko gune naturalak aukera ona izan daitezke aurtengo udan txangoak egiteko; eta baita herrialdean dagoen bioaniztasuna ezagutzeko ere. Hamalau inguruk dute nolabaiteko babesa. Edozelan ere, ez da erraza Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz kudeatzen dituen gune horiek sailkatzea. Natura 2000 sareak denak biltzen dituen arren, badira beste babes mota batzuk dituztenak; besteak beste, Armañongo, Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalak.

Andres Illana Ekologistak Martxan taldeko kidea da, eta baita Naturzaintzako langilea ere —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako natura kontserbatzeko aholku batzordea da Naturzaintza—. Illanaren ustez, Jaurlaritzak sinplifikatu egin beharko lituzke hiru lurralde historiko horietan dauden babesgune motak. “Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dira EAEko Natura Babesteko Legeak ezartzen dituen naturguneak; hau da, parke naturalak eta biotopo babestuak. Gero, jakina, Urdaibaiko erreserba nabarmendu behar da. Azkenik, Natura 2000 sarea”. Horrela laburbildu ditu Illanak Bizkaiko babesgune motak.

Gune bakoitzak bere berezitasunak dauzka; bere garaian, administrazioak erabaki zuen zeintzuk izango ziren gune babestuak, nahiz eta egun edonoiz sartu daitezkeen babesgune berriak Natura 2000 sarean. “Bizkaia da hiru herrialdeetan babestutako gune gutxien dituena, eta Araba gehien dituena. Parke natural bat egitea doakoa izan daiteke, baina Natura 2000 sarean sartzea pixka bat konplikatuagoa da, kontserbazioa egiazkoa izateko inbertsioa egin behar baita”.

Natura 2000 sarearen eta parke naturalen eta biotopoen artean ezberdintasun nabarmenena zera da, babesgunearen kudeaketan herritarrek parte hartzen duten ala ez. “Batetik, parke naturaletan, inguruko biztanleak kontuan hartzen dituzten patronatu batzuk daude, eta guneak nola kudeatzen ari diren ebaluatu dezakete herritarrek. Bestetik, Natura 2000 sarea dago, gune babestuen Europako sarea; horien kudeaketan ez dago, administrazioaz gain, beste erakunde edo elkarteen ordezkaririk”.

Talde ekologistak adierazi du “behin baino gehiagotan” salatu dutela kudeaketa “opako” hori, eta gune horietarako ere patronatu moduko bat egitea proposatu dute. Illanaren ustez, Eusko Jaurlaritzak naturguneen babeserako legea aldatzeko asmoa du. Parke naturalak desagertuko diren susmoa dute, gune babestu guztiak Natura 2000 sarean biltzeko. “Parke naturalen patronatuak oso garrantzitsuak dira, teorian. Jakin dugu askotan ez dela bilerarik egin hainbat urtetan; Gorbeiakoan, esaterako. Hala ere, nahitaez onartu behar dituzte parkeko urteko memoria eta aurrekontuak. Patronatu horietan ordezkariak dituzte inguru horretan interesa duten pertsona eta erakunde guztiek; hala nola talde ekologistek, ehiztariek, mendizaleek, eta, jakina, administrazioek”.

Halere, dena ez da ona parke naturalen kudeaketan. “Guretzako, alderdirik okerrena zera da, parkeetan ez dagoela kudeaketa adierazlerik: hau da, bisitarien kopurua bai, baina ez dakigu kontserbazioa behar bezala betetzen den”. Jarraipen eta kudeaketa adierazleak sortu behar direla azaldu du ekologistak. “Parke naturalak 1994koak dira, eta ez dakigu Urkiolan eta Gorbeian hasieran katalogatu zirenak baino espezie gehiago dauden, hasieran adierazitako espezieak orduan baino hobeto edo okerrago dauden… Hori penagarria da guretzat”.

Adierazleak ezin ezagutu

Edozelan ere, Natura 2000 sareak ere baditu alde onak, kontserbazio adierazleak erabiltzen dituelako. “Europari txosten bat aurkeztu behar diote, denbora tarte jakin batean egon diren hobekuntzak azaltzeko. Hasieran adierazitako espezieak hobetu direla esan behar du txostenak; bestela, izan ere, Europako Batasuneko ingurumen arduradunek errieta egingo liekete”.

Kontrol hori badago, baina ez da batere gardena. Esaterako, Illanak ez daki noizbait atzerapausorik egon den Natura 2000 sareak babestutako Bizkaiko guneren batean. “Natura 2000 sarean, esate baterako Ordunteko mendilerroan zer egiten ari diren jakiteko, diputazioari galdetu beharko genioke. Bete beharko liratekeen helburuei buruz ez dakigu ezer, ez delako ezer argitaratu; Europak egin dituen eskaerak betetzen ari diren ere ez dakigu. Ez dut esango informazioa ezkutatzen ari denik, baina Europari bakarrik emateko diseinatuta dago, ez herritarrei edo Ekologistak Martxan bezalako erakundeei”. Elkarte ekologistak jakin nahiko balu gune bakoitzean zer egiten ari diren, banan-banan eskatu beharko luke informazioa; Illanaren arabera, “lan mardulegia da elkartearentzat”.

Bizkaian dago Euskal Herriko kostaldeko babesgune bereziena: Urdaibai. Araudi propioa du Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak, nazioarteko eskumenekin, eta, berezitasunak berezitasun, biztanle gehien dituen babesgunea. Gizakien eta naturaren arteko elkarbizitza orekatua lortzea du helburu. Euskal Herrian, beste biosfera erreserba bat baino ez dago: Bardeakoa, Nafarroan.

Nekane Castillok Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako ekosistemak gizarteari zer zerbitzu eskaintzen dizkion aztertu du bere doktorego tesian. “Biosferaren erreserbaren helburu nagusia zera da, ekonomiaren eta kontserbazioaren arteko oreka bilatzea. Biodibertsitatearen galerak ekosistemen zerbitzuen degradazioa dakar, eta, ondorioz, giza jarduera mehatxatzen du”.

Hornikuntza, erregulazioa eta kultura dira Urdaibaiko ekosistemen zerbitzuak; hau da, elikagaiak, airearen purifikazioa eta aisia, besteak beste. Castilloren ustez, zerbitzu horiek balio erantsia lortu dute COVID-19aren ondorioz, eta hausnarketarako balioko du: “Bioaniztasuna osasunaren eta ongizatearen sinonimoa da, eta zaindu beharra daukagu”.