Norbere trastelekua

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Jende ilara luze bat ikusi dut urrunera, eta espaloi zabala alborik albo zeharkatzen zutenen interesak niri ere sortu dit jakin-mina. Parera iritsitakoan ikusi dut loteriaren saltokiaren atetik noiz sartuko zain zeudela guztiak. Ez dakit loteriazalea zoriaren adrenalinara edota diruaren ametsera ote dagoen engantxatuago. Baina bata zein bestea izan, espaloia betetzeko gai izan da uztaileko aste barruko egun buruzuri batean.

Gustuko dut nik ere zoria. Gustuko dut zoriaren esku uztea eta gertatutakoa berari leporatzea. Gerta zitekeenaren gaineko ardurei muzin egin eta gerta dadin amestea. Gero, batzuetan, zoriaren desioa lotsarekin, ausardia ezarekin eta ezinarekin gurutzatzen da, eta hor hasten da linboa hazten. Noizean behin geure buruari ihes egiteko joera dugunontzat badago leku bat pilatutako gauzaz betea. Bakoitzak berea izango du, baina nik nirea trasteleku ospel bat bezalakoa imajinatzen dut. Eta inon kokatuta ez dagoen trasteleku horretan pilatzen dira eskuak izerdiarazten dizkidatelako sasoiz erantzuten ez ditudan mezuak, ematera ausartu gabeko opariak, parranda gauetako memoria hutsuneei buruz egin gabeko galderak…

Trastelekuek eskaintzen dute gordetzeko aukera, eta, beraz, eskaintzen diete esperantza zirrikitu bat bertan pilatutakoei. Ez dituzu behin betiko apurtzen, ez dira desagertzen, ez. Badaezpada, gorde egiten dituzu, pilatu, edo erortzen utzi, edo gelditzera gonbidatu. Eta badaukate aukeraren bat trastelekutik bizitzara bueltatzeko, beraien funtzioa betetzeko. Fantasia hori da, gerta daitekeela pentsatzea. Eta ihes egitea da, gertatzea edo ez gertatzea inon ez dagoen trasteleku baten esku uztea.

Noizean behin egin izan dut garbiketaren bat, eta nire gaur egungo ni-ari galdetu izan diot iraganeko ni-ak burua non ote zeukan. Baina badira gauza batzuk hor gelditzen direnak urtez urte, inertziaz inertzia eta beldurrez beldur. Norbere buruari egindako tranpa bakoitzak utzitako testigu isil bakoitza metatzen dugu trastelekuan, eta aurrera. Hori ere bagarelako batzuk. Galtzeko beldurrez irabazteari uko egin diogunon kluba osa dezakegu. Edo egia esatearen lotsak erdi egien labirintoan abandonatu gintuenekoen kluba.

Eta gainontzekoan, linbotik urrun, bizitza espaloietan ilarak egitea bezalako gauzez osatzen da. Mila miloi euro tokatuz gero izango zenukeen bizimodua amesten duzun bitartean, benetako plazera erosi berri duzun hazidun ogi egin berriak ematen dizula ohartu gabe joaten da denbora. Banintz eta balego, baletor eta banu. Etorkizunari aurrez aurre begira eta orainaldiari alboz. Loteria tokatzea oinaztu batek gure gorputzeko ertz bakoitza zeharkatzea baino zailagoa ei da, baina loteria saltokiaren aurrean ilara egiteak burua okupatzen laguntzen du. Eta loteriako zenbakiak balioztatzeko ilara egiten duzun bitartean, ez dago zertan eskuak izerdiaraziko dizkizun mezurik erantzun edo aspaldi hitzemandako bisita hori egin. Zer jakingo zenuen ba zuk ilara egongo zenik. Ez da ez egiteko aitzakia bila ibiltzea, ilara dago, eta puntu.