Gero eta animalia gehiago familia premian

Gero eta animalia gehiago familia premian

Ibai Maruri Bilbao

Gero eta katu gehiago dago, eta ez dakigu zer egin”. Conchi Velarde Zallako animalien babeserako Asoaya elkarteko presidentea da. Enkarterri osoan egiten dute lan; batez ere, kalean zaurituta topatzen dituzten animaliak zaintzen. Adopzioek behera egin dutela ohartarazi du, eta Bizkaiko txakur eta katuen babes zentroak gainezka daudela. Azken asteetan, gainera, gora egin du kalean bertan behera utzita topatu dituzten animalien kopuruak. Uste dute konfinamenduan kalera irteteko adopzioan hartu ziren txakurrak izan daitezkeela.

2014an sortu zuten elkartea. Harrezkero, bereziki kaleko katuak zaintzen egiten dute lanik handiena: jaten ematen diete; makalik daudela ikusten badute, albaitariarenera eroaten dituzte, eta posible duten guztiei adopziorako etxe bat bilatzen diete. Eta hor dute arazorik handiena orain. “Hainbeste hazi da kaleko katuen populazioa, ezinezkoa zaigu guztientzako lekua topatzea. Elkarteko bazkideak ehunen bat gara, baina egunerokoan dihardugunak gero eta gutxiago. Azkenean, gure etxeetara eroaten ditugu, baina dagoeneko ez dugu gehiagorentzako lekurik”. Konfinamendu asteetan ezinezkoa egin zaie katuak adopzioan ematea. Horrez gain, abuztuan umealdi handi bat espero dute, eta katuak adoptatzeko deia egin dute. Facebooken eta Instagramen kontu bana dute, eta han ipintzen dituzte batu dituzten azken animalien argazkiak, interesa duenak ikusi eta eurekin harremanetan jartzeko.

Kateme bakoitzak urtean bi umealdi dituela azaldu du. Eta umealdi bakoitzean, 8-15 katakume artean izaten dituzte. “Umealdiko hiruzpalau katakume hil arren ere, izugarri hazten ari da populazioa, arazo bihurtzeraino”. Esan du Enkarterriko toki askotatik deitzen dietela erditu den katuren baten berri emateko. “Askok arazo moduan edo eskubiderik gabeko izaki moduan ikusten dituzte kaleko katakumeak. Azkenaldian gero eta gehiago dira pozoituta hilik agertzen diren katuak. Hori ezin daiteke egin: delitua da”. Inoiz ez dute jakiten nork pozoitu dituen; horregatik, kontzientzia sortzeko kanpainak egiten dituzte katuak hilik agertzen diren aldiro: kartelak ipintzen dituzte inguruko kaleetan. Arazo moduan ikusten diren kaleko katu horiek arratoien izurriteak kontrolatzen egiten duten lana nabarmendu du.

Katuen populazioa kontrolpean izateko, katakumeak antzutzen ere ibiltzen dira. Udal batzuek programa bat dute, katuak harrapatu, antzutu eta ostera askatzeko. Bizkaian nagusia Bilbokoa da. Urtero berrehundik gora kaleko katu antzutzen dituzte, boluntarioei esker. Programa hori martxan duten herrien helburua katuen %70 antzutzea da; horrela lor daiteke populazioak kontrolpetik ez ihes egitea. Zallako Udalak azken hiru urteetan Asoaya elkarteari eman dio eginkizun hori. “Boluntarioak eta dirua behar da horretarako. Udalak laguntzen gaitu diruz, baina ez da aski”. Ez da nahikoa jasotzen duten laguntza, ezta antzutzea lortzen duten katu kopurua ere. Eta arazoa urterik urtera handiagoa izango dela ohartarazi du Velardek.