Estoldetatik atera ez daitezen

Estoldetatik atera ez daitezen

Natalia Salazar Orbe

Gaixotasunak eta bakterioak zabaltzeko duten gaitasunagatik dira arriskutsuak arratoiak. Eta COVID-19aren ondorioz ezarritako konfinamenduan areagotu egin zen animalia horien populazioa; estoldetatik lurrazalera ere nabarmenago atera dira, gizakiaren presentziarik ezak adorea emanda. Nazka sortzen diete askori. Beldurra, beste hainbati. Baina onura ere badakarte: etxeko harraskatik zein komunetik behera botatzen diren janari arrastoak garbitzen laguntzen dute hodietan barrena. Adituen arabera, beharrezkoa da gizakien eta arratoien arteko oreka mantentzea. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, ez da komeni pertsonako bi arratoiko kopurua gainditzea. Kontrolak egiteko, sistema desberdinak erabiltzen dituzte bateko eta besteko udalerrietan ari diren enpresek.

Getxon egunotan aritu dira arratoien aurkako aurtengo bigarren kanpaina egiten; gaur dute azken eguna. Lau hilean behin egiten dute kanpaina bat. Bi sistema uztartzen dituzte udalerrian; sistema mistoa darabilte. Josu Ateka udal teknikariak eman ditu xehetasunak: “Bata, amu bidezko tratamendua da. Arratoiak ibiltzen diren uren eta argindarraren hodien sareetako estolda zuloetan jartzen ditugu. Amua parafinaz inguratutako pozoia da. Bigarrena, probatzen ari garen sistema mekaniko bat da. Tranpa mekanikoak ditu, eta ez du behar pozoirik. Arratoia behetik pasatzen denean, sistemak duen sentsore termikoari esker, kolpea ematen dio eta animalia hil egiten du”. Hil ostean, urak eramaten du arratoia, eta tranpa hurrengo harrapakinarentzako prest geratzen da berriro.

Azken mota horretako sei tranpa dituzte Getxon. Aurten hasi dira probatzen, baina beste hainbat herritan darabilte sistema hori. Anticimex enpresako teknikari Asier Bengoetxeak azaldu du pozoirik behar ez duen sistema horren onurak zeintzuk diren: “Eragotzi egiten dugu pozoia estolderietan sartzea eta handik lakuetara, erreketara eta itsasora iristea. Sistema ekologikoa da”.

Sistema telematikoari esker, datuak ere eskuratzen dituztela azaldu du: “Makinan sartu ahala, zenbat sagu edo arratoi jauzi diren jakinarazten digu. Horren arabera, populazio kalkuluak egiten ditugu”. Hala ere, ez du datu zehatzik eman. Otsailean Bilboko Udalak egindako kalkuluen arabera, 700.000 arratoi inguru zeuden hiriaren azpialdean: Bilbo Handiko herritar bakoitzeko bat.

Durangon ere badarabilte sistema mekanikoa. Bengoetxearen arabera, normalean, udal bakoitzean era horretako hiruzpalau makina jartzen dituzte, eta, hilero, gutxi gorabehera, lekuz aldatzen dituzte, arratoiek toki jakin hori arriskutsua dela ikas ez dezaten. “Hortik pasatzen direnean makina martxan jartzen dela ikusten badute, ikasten dute hortik ezin daitezkeela pasatu. Makinak lekuz aldatzen joan behar gara”. Arratoiek ikasteko gaitasun handia baitute.

Hori da arratoiak ugaritzeko faktoreetako bat: hanka ez du sartzen bi aldiz leku berean. Hori ez da arrazoi bakarra, ordea: ia edozein egoeratara egokitzeko gai den espezie inbaditzailea da. Eta denetarik jaten du. Hiru urte bizi daiteke, baina hainbeste zabaltzea ahalbidetzen dion gaitasuna ugaltzekoa da: hogei egun inguruko ernaldiaren ostean, sei eta hamalau kume bitartean izan ditzakete arratoi emeek. Gainera, urtean bi eta zortzi ernaldi artean izateko gaitasuna dute.

Ezohiko kanpaina

Arrigorriagan ezohiko kanpaina egin behar izan zuten ekainean. Hilean behin hartzen dituzte arratoien kontrako neurriak, baina aldiro, aparteko kanpaina bat egin behar izaten dute. Hala azaldu du Maria Jesus Acedo Ingurumen zinegotziak. “Udaberrian eta udazkenean kumatu ohi dira gehien, eta sasoi horietan ateratzen dira gehiago. Ondorioz, jendeak gehiago ikusten ditu. Aurten, COVID-19ak eraginda ere, arratoi gehiago ikusi dira kaleetan. Zergatik gertatu den? Jendea ez delako ibili kalean. Eta hondakin gehiago ere sortu dira. Hirigunean, gutxienez, sumatu dugu hori. Eta elikatzeko modua dute hor”.

Klimari ere egin dio aipamen: “Udaberrian gehiago egoten dira. Udaberrian, udan, eta, batez ere, udazkenean. Neguan gutxiago ikusten dira”. Beste herrietan bezala, Arrigorriagan ere herritarren abisuek laguntzen diete egoeraren argazkia egiten. “Non ikusi dituzten hartzen dugu kontuan, arratoien aurkako hileroko kanpainetan leku horietan jarduteko. Badirudi ekainean ikusi den arratoi kopurua handia izan dela. Baina kontua orokorra izan da. Beste herri batzuetatik ere gauza bera esan didate”.

Hala ere, ez du uste aurtengoa urte bereziki zaila izan denik. “2017an edo 2018an bai, gogoan dut arratoi izurria egon zela. Bizkai osoan gertatu zen. Aurtengoa ez da izan ezohikoa”. Egoera kontrolpean dutela esan du Acedok.

COVID-19ak Bizkaia astindu aurretik arratoiei aurre egiteko sistema anitzak aztertzen aritu zen Arrigorriagako Udala. “Baina pandemiak harrapatu gintuen, eta, inbertsio bat egiteko orduan, txikia izan arren, baloratu egin behar da. Sistema mekanikoa jartzea ere aztertu genuen iaz. Hala ere, ez dakigu benetan funtzionatzen duen. Ematen dituen kolpeak zenbatzen ditu, baina ezin da ziurtatu arratoia hil duen ala ez. Benetan funtzionatzen duen jakin arte, ezin dugu horretan inbertitu”. Arratoiak sistema termikoz antzematen dituen makina bakoitzarengatik urtero 3.000 euro ordaindu beharko lituzketela azaldu du.

Hudoak arratoien kontra

Sistema berritzaileak ere aztertu dituzte. Zenbait enpresa hasi dira hudoak erabiltzen. Arratoiak ikaratzen dituzte mustelidoen familiako ugaztun horiek, eta txakurrengana zuzenduta, azken horiek hiltzen dituzte. Acedok azaldu du: “Arratoien gordelekuetan soilik erabil ditzakete. Estoldetan edo arratoiak beste irteeraren bat duen lekuetan ezin dira erabili —lonjak edo eraikinak, kasu—. Arratoien lurreko gordelekuetan egin behar da. Gure hirigunean zailagoa da eraginkorra izatea, leku gutxitan erabil dezaketelako sistema hori. Hiru gordelekutan, hain zuzen. Hudoak zuloetan sartzen dituzte. Horiek arratoiak ikararazten dituzte. Arratoia nondik atera daitekeen aztertzen da lehenago, ondoan zer zulo dagoen kontrolatuta, eta hor zakurrak izaten dituzte zain, hiltzeko”.

Arratoiak, nonahi

Munduan, ipar eta hego poloak dira arratoi grisik edo estoldetako arratoirik gabeko bi toki bakarrak. Lur azpiko estoldetatik kanpo zebilenean, hainbat harrapari zituen espezie horrek: hegaztiak, azeriak, azkonarrak edota kirikinoak, besteak beste. Gaur egun, gizakia du harrapari bakar herrietan eta hirietan. Azken urteetako araudiek mugatu egin dute arratoien aurkako pozoiaren erabilera. Dena ez da libre. Atekak eman ditu azalpenak: “Lehen, pozoi bolatxo txikiak botatzen ziren ortu, soro eta leku guztietan. Orain, hori debekatuta dago. Parafinarekin bildu behar da, eta lotuta egon behar da ur-lasterrek eraman ez dezaten”. Horrez gain, debekatuta dago pozoia prebentzio neurri moduan erabiltzea ere. Inguruan arratoiak dabiltzala baieztatu behar da pozoia jarri aurretik. Erabil daitekeen pozoi kopurua ere txikiagoa da. Getxoko teknikariak azaldu du: “Nabari da: lehen, tratamendua egin eta berehala desagertzen ziren arratoiak. Orain, denbora gehiago behar da”.

Gaur egun pozoia lotuta egoteak zer aldaketa ekarri duen azaldu du Atekak: “Poltsatxo batzuetan sartuta egoten zen pozoia. Arratoiak jateaz gain, gordelekura ere eramaten zuen, eta kumeek ere jaten zuten. Beraz, arratoia eta kumeak hiltzen zituen. Sistemaren eraginkortasuna txikiagoa da orain, baina jasangarriagoa ere bada”.

Hainbat herritan bistan egoten dira pozoi zatiak. Estoldetara altzairuzko kable batez lotuta, eskegita ikus daitezke. Atekak esan du ez dagoela inongo arriskurik umeek edo arratoiak ez diren bestelako animaliek hartzeko. “Ia ezinezkoa da. Tratamendua, batez ere, saneamendu, ur eta argindarraren estolda zuloetan egiten da. Beraz, amu bat ukitu ahal izateko, arketa bat altxatu behar duzu. Umeentzako ia ezinezkoa da. Palankak edo burdinak behar dira horrelako bat altxatzeko. Bestelako animaliek hartzea ere ez da posible. Ezin dituzte jan. Ezinezkoa da”.

Pozoia erabiltzen duen beste sistemarik ere bada. Zenbait herritan, lur azpiko zein lurrazal gaineko kutxa batzuk erabiltzen dituzte. Arratoiak sartu eta ateratzeko hainbat hodi izaten dituzte kaxa horiek. Kutxen barruan jartzen dute jateko pozoia. Arratoiek jan ostean, egun batzuk behar ditu pozoiak animaliotan eragina izateko. Horri esker, arratoiak ez dira konturatzen kutxa horiek tranpa bat direla, eta euren espezieko animalia gehiago eramango dituzte bertara jatera. Getxon, esaterako, era horretako gutxi darabiltzate. “Erabiltzekotan, jakinarazi egin behar zaie herritarrei, kartelen bidez”.

Sistema mekanikoa pozoi bidezkoa baino garestiagoa da, baina “ingurumenari erreparatuta askoz hobea da”. Hala ondorioztatu du Atekak. “Ez duzu pozoirik erabili behar. Oreka aurkitu behar da sistema mekanikoaren eta pozoi bidezkoaren artean. Gaur egun ezinezkoa da Getxo osoan jartzea makina horiek. Hodi guztiak horretarako prest egon beharko lirateke”. Hodiek tamaina jakin bat izan behar dute, eta Getxon beste tamaina batzuetakoak ere badituzte. “Bi sistemak uztartzen dira, pozoia murrizteko”.

Ez bota jatekorik

Tenperaturen gorakadak ugaltze prozesua eta arratoiek bizirik irautea erraztu baditu ere, gizakien esku ere badago animalion populazioa haztea eragoztea. Harraskatik behera botatzen den janariak, zaborrontzien kanpoan uzten denak eta lurrera botatzen denak arratoiak erakartzen ditu. Janaririk ez badute, amuetakoa jatea beste irtenbiderik ez dutela azaldu dute adituek. Kontuan izan behar da jatekorik ez dutenean arratoi kumeak ere hiltzeko gai direla.

Animalia horiek hobeto kontrolatzeko eta tratamendua erabat eraginkorra izan dadin, Getxoko Udalak herritarren laguntza eskatu du. Zenbait gomendio eman dizkie: “Ez elikatu kaleko animaliak —katuak, hegaztiak…—, ez utzi janari arrastorik bide publikoan, erabili paperontziak eta bota zaborrak 20:00etatik 22:00etara”. Atekak azaldu du arazoa: “Askok pentsatzen dute: ‘Katu gaixoak, hil egingo dira, ez daukate-eta jatekorik’. Nahikoa eta sobera dute, ordea. Eta 17:00etan uzten diete jatekoa, nahi dutenean jan dezaten. Ez dira jabetzen katuek jaten ez duten hori azkenean arratoiek jango dutela. Usoekin ere gauza bera gertatzen da. Hegaztiontzako botatzen duten jateko guztia ez dute jaten eurek, nahikoa elikagai badutelako. Hori ere, arratoiek jaten dute”.

Denak datoz bat arratoien populazioa kontrolatu egin behar dela. Bengoetxearenak dira hitzok: “Onurak ere badituzte. Birziklatzen laguntzen dute. Gure hondakinak jaten dituzte, eta hori birziklatzeko modu bat da. Horregatik komeni da populazioa kontrolatzea. Bizi egin behar dira. Ezin ditugu denak hil”.