Ibai Maruri Bilbao
Lorategi ederraren erdian, arbola hostotsuen gerizpe gozoan, mahaiak ondo atonduta. Gainean, kafe egin berria, gurinezko opilak eta eguneko prentsa: BERRIA eta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza. Bueltan, armosua hartzera elkartu direnak. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak martxan ipinitako Armosuak eta Berriak egitasmoa da. Aste honetan barruan egin behar izan dute, euriagatik. “Antzeko zeozer egiten du Onintza Enbeitak Busturialdeko beste herri batean, Berbalagun programakoekin batera. Gure zuzendariak horren berri izan zuen, eta halako zeozer egin nahi zuen hemen, museoaren atzeko aldean lorategi bat daukagula aprobetxatuta”, azaldu du Iker Uriartek. Museoko gidaria da, eta egitasmoaren koordinatzailea. Bera arduratzen da armosuko solasaldian gidari lanak egiteaz eta berbetarako gaiak proposatzeaz. Joan den abendutik ibili dira egitasmo hau antolatzen. “Helburua da partaideek euskaraz aritzeko leku bat izatea. Berbalagun programaren barruan dauden beste aukera askoren artean, beste bat da”.
Enbeitak gidatzen dituen solasaldietan, helburua egunkaria komentatzea zen; horretarako elkartzen ziren. Euskal Herria Museoan, ordea, egunkariak badaezpada dituzte mahai gainean. “Gure artean zer esan ez dakigula geratzen baldin bagara, zertaz berba egin izateko aitzakia bat dira”. Adibidez, lehen saioetan ez dute argitalpenen beharrik izan. “Parte hartzaileak euren buruak aurkeztuz hasi, eta, konturatu ere egin barik, berbetan-berbetan igaro dira saioak”.
Hizkuntza praktikatu nahi duten euskara ikasleak edo euskara batuan trebatu gura duten euskaldun zaharrak dira orain arte egitasmoan parte hartu duten guztiak. Euskara maila guztietako jendeak har dezake parte. “Izan ditugu oraintsu euskara ikasten hasi direnak, edo aspalditik dabiltzanak. Euskara batuan berba egiteko ohiturarik ez duten euskaldun zaharrak ere etorri dira”. Oraingoz, andreen interesa erakarri du Euskal Herria Museoko armosuak: lehen bi asteetan ez dute gizonik izan. Eguaztenetan dute hitzordua, 11:00etan. Uriarteren arabera, uztail osoan egiteko asmoa dute oraingoz, baina, arrakastatsu izan eta eskaria egongo balitz, ez dute baztertzen luzatzea. Gaur-gaurkoz, “pozik” daude egindako gonbidapenak izandako erantzunarekin.
Ordubete inguruz luzatzen dute otordu-solasaldia. Aurretik izena eman behar da, arduradunek dena antolatu ahal izateko. Ezin daiteke bertan agertu, museokoei aurretik jakinarazi gabe. Horretarako, 94-625 54 51 telefono zenbakira deitu behar da, edo euskalherriamuseoa@bizkaia. eus helbide elektronikora mezu bat bidali. Nahi den aste guztietan joan daiteke, gainera. “Lekua dagoen bitartean, ez dago mugarik”. Izena ematea doakoa da, baina parte hartzaileen gehieneko kopuru bat finkatu dute. Hasieran, 30 lagunentzako armosua prestatzekoak baziren ere, orain, koronabirusari aurre egiteko ezarrita dauden neurriak direla eta, hamar lagun elkartu daitezke, gehienez; maskara ipinita eroatea derrigorrezkoa da. “Lorategian elkartzen gara, eta, hemen, nahi beste leku dago, baina, badaezpada, mugatu egin behar da partaidetza, segurtasun neurri guztiak behar bezala betetzeko”.
Modu honetako lehen egitasmoa du Euskal Herria Museoak. “Ez du harreman zuzen-zuzenik gure jardunarekin, baina zeharkakoa izan dezake. Gure lana Euskal Herriko kultura ezagutzera ematea da, eta hizkuntza kulturaren ezinbesteko parte da”. Hala ere, ez dute baztertzen armosuak zeozelako bisita gidatu berezi bihurtzea. Uriartek uste du euskara maila handia egongo balitz eta solaskideek museoarekiko interesa agertuko balute aukera ona litzatekeela armosua jan ondoren museoa ikustera joatea. “Egitasmoaren helburua euskararen erabilera sustatzea da; ez besterik”.