Permafrosta

Igor Elordui Etxebarria

Verkhoiansk herria, Siberian, erbeste-leku bat izan zen Errusiako tsarren garaian. Ez da harritzekoa, egon ere, oso goian dago-eta Verkhoiansk, Artikoko zirkulu polarretik harago, Alaskako Anchorage baino 640 kilometro iparralderago, adibidez (ezagunago egin ahal zaigun zer edo zerekin konparatzearren). Munduko lekurik hotzenetako bat da dudarik gabe, eta ohikoa da neguan tenperatura zero azpitik 50 gradura jaistea; ostera, sasoirik beroenean, ekainean, nekez igotzen da 20ºC-tik. Hori zen behintzat ohikoena Verkhoiansken oraintsura arte. Joan den astean sekula lehenago egin ez zuen beroa egin zuen Verkhoiansken: 38 gradu. Zerbait gertatzen ari da, aspalditxoan, Siberian.

Siberiako permafrosta, alegia, beti izoztuta dagoen lurzorua, desegiten ari da (eta ez bakarrik hangoa, agidanez). Ez da, inondik ere, albiste lasaigarria. Batetik, kalkulatzen da permafrostak bere baitan gordetzen dituela 1,7 bilioi tona metano eta CO2, atmosferaren karbonoaren bikoitza, eta, beraz, gas hori askatzeak berotegi-efektua izugarri handitzea ekarriko du; ondorioz, Lurraren berotzea. Bestetik, permafrosta desizozten bada, horrenbeste denbora han harrapatuta egon diren birusak eta bakterioak desblokeatuko dira, gaixotasun, izurrite eta pandemia gehiago eraginez.

Esango nuke, Siberiakoa edo Artikokoa bezala, beste permafrost batzuk ere desizozten joan direla aspalditxoan, eta agerian geratzen ari direla gero eta gehiago beste birus klase batzuk, eta, txarrena dena, munduan barreiatzen eta handitzen. Beti egon dira hor, hori egia da, baina orain, permafrosta desizoztutik askatzen diren aspaldi-aspaldi bateko birus kutsakor eta hiltzaileak nola, hala ari dira zabaltzen munduan, sasoi bateko konplexuak uxatuta, pandemia bihurtzeraino arrazakeria, xenofobia, matxismoa, homofobia… Faxismoa, azken batean. Oxala oker banengo, baina normaltasun berria distopia berria izango den susmoa daukat. Musukoak jantzita egin beharko diegu aurre birus berriei eta birus zaharrei, izan patogenoak zein ideologikoak. Eta, zoritxarrez, uste dut borroka horretan emango dugula mendea.

Verkhoiansketik, Siberiatik, milaka kilometrora, Euskadiko Erkidego Autonomoan, Euskal Herriko zatitxo honetan, hauteskundeak egingo ditugu etzi, koronabirusaren mehatxupean bada ere, zeren eta showak jarraitu behar du, lagunok. Gogora dezagun egin digula bisita faxismoaren birusak kanpainaren ingurumarian, eta gure artean geratzea dela bere asmoa. Bada, geu ere konplexuetatik askatzeko garaia heldu da. Ez dira pasatuko lelo zaharra berreskuratu eta beldur barik, lotsa barik aurre egitekoa. Harrika? Bada, harrika. Bozka bidez? Bada, bozka bidez. Maskara gorria jantzita idatzi ditut lerrok, ez baikaude epelak, ekidistanteak edota apolitikoak izateko aroan.