Herri mugimenduen topalekua, itolarrian

Herri mugimenduen topalekua, itolarrian

Natalia Salazar Orbe

Gatazka liburu-dendak Bilboko Erronda kaleko 12. zenbakian utzi zuen “erreferentziazko espazioa” bertan behera uzterik ez zegoela erabaki zutenean sortu zen Zirika herri gunea. Komite Internazionalistek hartu zioten lekukoa liburu dendari, eta espazio berria ireki zuten. Zazpi urte igaro dira orduz geroztik. Euskal Herriko herri mugimenduek aurkezpenak, tailerrak eta jardunaldiak doan antolatzeko espazioa bilakatu zuten Zirika. Orain, haren iraupena arriskuan dagoela ohartarazi dute.

Hiru ardatzek egituratzen dute Zirika herri gunearen funtzionamendua. Hala ekarri du gogora bertako kide Igor Olabarrietak: “Ikuspegi internazionalista du —erakunde moduan internazionalistak garelako—, ikuspegi antikapitalista, eta ikuspegi feminista. Hiru ardatz horiek mantendu nahi ditugu gure jardueretan, eta hor antolatzen diren jarduera guztietan”. Irizpide horiek betetzen dituzten herri mugimenduen egitasmoentzako topalekua eta erakusleihoa da Zirika. Espazioa eta bertako baliabideak doan erabil ditzakete hainbat eragilek. “Hasieratik argi izan genuen bertan zeuden baliabide guztiak herri mugimenduen esku jarri behar genituela. Beraz, norbaitek proiektorea, sorgailua, erremintak edo besterik behar badu, hor dauzka”.

Bestelako eskaintza ere badute: “Gatazka liburu dendari keinu bat eginez, erabaki genuen argitaletxe alternatiboetako liburu batzuk mantentzea jendearentzako”. Liburuak lekuan bertan irakurri zein etxera eraman eta gero itzultzeko aukera ematen dute.

“Apurka” hasi zitzaien gerturatzen jendea. Orain “oso pozik” daude ikusita herri mugimenduek zer-nola erabili duten espazioa zazpi urteko ibilbidean: “Bilerak egiteko, tailerrak edo jardunaldiak antolatzeko, liburu aurkezpenak egiteko, prentsaurrekoak emateko… Edozein beharretarako”. Horixe da Zirika herri gunearen egitekoa: “Batetik, Komite Internazionaliston egoitza izatea. Bestetik, herri mugimenduek erabil dezaketen espazio bat eskaintzea”.

Aurten mundua astindu duen pandemiak kolokan jarri du proiektua. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, bertan behera geratu dira Bilboko jaiak. Eta horrek ondorio zuzena du Zirika espazioaren iraupenean. “Gurea autogestiotik bizi den espazio bat da. Bazkideak dira gure iturri nagusietako bat; hilabetero eta urtero dirua jartzen dutenak, alegia. Baina beste diru iturri nagusia Bilboko jaiak dira. Aurten jairik ez egoteak arazoa sortzen digu. Kontuak aztertuta, ikusi dugu arriskuan dagoela espazioaren iraupena. Bilboko jairik gabe, kolokan dago datorren urtera arte eusteko dugun gaitasuna”.

Orain arte jasotako ekarpenak ez dira nahikoa espazioak dituen gastuei aurre egiteko. “Alokairuan eta gastu orokorretan joaten zaigu diru gehien. Duela zenbait urte egin genuen dirua batzeko kanpaina bati esker jarri genuen berogailua. Hori ere gastu handia da. Eta argia, ura… Goizetan Zirika zabaltzeko pertsona bat daukagu lanaldi erdian. Gastu asko dira”.

Laguntzeko bideak

Hori dela eta, proiektuari sostengua emango dioten zirikatzaileen bila ari dira. Bazkide berriak edo ekarpenak egingo dituzten laguntzaileak behar dituzte. Eta, horretarako, hainbat bide zabaldu dituzte: izan.zirika.org atalean izena ematea da aukera bat, edo kibilbo@herriak.org helbidera idaztea, edota 94-479 07 03 telefono zenbakira deitzea.

Udan martxan izango dute kanpaina, eta urri aldera aztertuko dute nahikoa diru lortu duten proiektuak aurrera egiteko. Ekarpenak egitera ez ezik, Zirika gunea ezagutzen ez dutenei hara joateko deia ere egin diete. Astelehenetik ostiralera dago zabalik, goizez eta arratsaldez; astelehenetan, goizez bakarrik.

Nahikoa laguntzarik jaso ezean, lekurik gabe geratuko dira doan eskaintzen dituzten hausnarketa politikorako zinema, dozenaka jardunaldi, eta herri mugimenduen materiala eskuratzeko merkatu txikia.