Anari, Gari eta Oreka TX ariko dira, besteak beste, Musikaire berritu batean

Anari, Gari eta Oreka TX ariko dira, besteak beste, Musikaire berritu batean

Natalia Salazar Orbe

Euskal Herriko zenbait artista entzutetsurekin osatu dute aurtengo Musikaire jaialdiaren egitaraua, Elorrion. Datozen asteetan, Anari, Gari, Oreka TX, Iker Piris eta Elkano Browning Cream igoko dira oholtzara. Zero kilometroko egitasmoari heldu diote antolatzaileek, behartuta. Hala ere, ohiko egitarau eklektikoari eutsi diote: askotariko estiloak aukeratu dituzte, denetariko zaleei gustuko aukerak eskaintzeko.

Lehenengo saioak joan den asteburuan egin zituzten. Andrzej Olejniczak Musikeneko irakaslearen gidaritzapean ikasitakoaren erakustaldia egin zuten bost ikaslek, maisuarekin batera. Jazz seikoteak estreinatu zuen San Roke inguruan kokatu duten agertoki berria. Oholtza berriak ez du sortuko, agian, herriko jauregiek eragiten zuten jakin-mina. Hala ere, xarma baduela uste du jaiadia antolatzen duen Arriola kultur elkarteko kide Aitor Iriartek: “Leku polita da. Atzealdean arbolak daude. Jauregiek zuten magia mantenduko du agertoki berriak ere”. Euria hasiz gero, gorago dagoen aparkalekura eramango dituzte emanaldiak: eskola aurrera, hain zuzen.

Matthieu Sagliok gidatutako laukoteak egingo du gaurko emanaldia. Bakarkako konposizioak, jazz ukitua duten inprobisazioak eta doinu klasikoagoak aurkituko dituzte 22:30ean Musikaireren agertokira biltzen direnek. Afrikako doinuak, arabiarrak eta flamenko kutsukoak ere ez dira faltako.

Anarik hartuko dio lekukoa laukoteari, bihar. Datozen asteetan, Basabi eta Topa-K ere igoko dira oholtzara. Saio guztiak doan dira, eta ez da behar sarrerarik.

Etzi, berriz, Zirika Zirkus taldeak Txarlestrup lana taularatuko du. Bost artistak txarleston doinuak interpretatuko dituzte, eta, akrobaziak egiteaz gain, klakea ere dantzatuko dute. Erritmoak, musika zuzenean, zirkua eta, batez ere, umore asko eramango dute Musikairera.

COVID-19ak udan zer eragin izango zuen ez zekitela erabaki zuten umeentzako jarduerak ere eskaintzea. “Domekaro Euskal Herriko animazio taldeak ekartzea erabaki genuen”.

Osasun krisiak eragindako aldaketa nabarmenena artisten jatorria dela argitu du Iriartek: “Beti ahalegintzen gara biran ari diren taldeak eta artistak ekartzen; bestela ikusteko aukera gutxi izaten diren taldeak. Hori ezinezkoa zela ikusita, pentsatu genuen: zergatik ez osatu egitaraua Euskal Herriko taldeekin?”.

Hautaketa “kritikoa”

Aukeraketa egiteko orduan “kritiko samar” jokatu dutela aitortu du. Eta kontuan hartu dute kontzertuak eserita entzun beharko direla. “Euskal Herrian zer espektro dagoen ikusita, askotariko estiloak tartekatu ditugu”.

Abuztuan, berriz, gazteentzako kontzertuak egingo dituzte. Aldatsekuan izango dira. Bertan ikusi ahalko dira Zestoako Rodeo rock taldea, Lamiak Donostiako hard rockeko hirukotea, Bulego Azkoitiko pop taldea, Diabolo Kiwi Donibane Garaziko funk taldea eta Raitx abeslari donostiarra. Eta, formatu txikiko emanaldien barruan, bertsoa eta flamenkoa uztartuko dituen Gorria saioa ere egingo dute. Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Etxebarrieta flamenko dantzariaren arteko elkarrizketa artistikoa dakar ikuskizunak.