Oholtzak berreskuratzen

Oholtzak berreskuratzen

Natalia Salazar Orbe

COVID-19ak eragindako normaltasun berrian murgilduta, kultura jarduerei lekua egiten hasi dira hiri eta herriak. Segurtasun tarteak errespetatuta, eta beharrezko babes neurriak hartuta, ikuskizunak eta ekitaldiak saretik kale eta aretoetara itzultzen hasi dira, apurka. Ez dute udal guztiek eman pauso hori, baina badira udan herritarren kultura gosea asetzeko aukera eskaini duten batzuk. Sortzaileei oholtza bat eskaini diete. Bertako sortzaileak dira nagusi gehienek ondu dituzten programetan.

Kultur agendan jasota, jarduera gehienak doan eskainiko dituzte. Hala ere, horietako askotan parte hartzeko izena eman beharko da aurretik, ikus-entzule kopurua kontrolatu ahal izateko.

BARAKALDO

Tamaina txikiko ikuskizunak iragarri ditu Barakaldoko Udalak. Udan Bai programaren bidez, 200 jarduera baino gehiago eskainiko dituzte, doan. Auzoetara eramango dituzte ume, gazte eta helduentzako eskaintzak.

Umeentzako jarduerak antolatu dituzte uztailaren 20tik abuztuaren 20ra. Ostegunetan, adin guztientzako musika eta antzerki kalejirak egingo dituzte.

Berriz hasi dira hirian bisita gidatuak egiten. Munoa Barrutik programa ere berreskuratu dute. Horri esker, 2017an monumentu multzo izendatu zuten Munoa finkaren barrualdea bisitatzeko aukera dago.

Nerabeen beharrei erreparatuta, goizetarako kirol eta kultura jarduera sortak antolatu ditu Giltzarri taldeak. Datorren astean egingo dituzte azken hirurak. Sorta bakoitza goizeko bi jarduerak eta ostiraleko irteerak osatzen dute. Ariketa fisikoa, gorputz adierazpena eta sormena lantzea dute helburu: dantza, yoga, kick boxing-a, musika ekoizpena eta bideoen edizioa landuko dituzte, besteak beste. COVID-19aren aurrean 70 urtetik gorakoak kalteberagoak direla jakitun, eurentzako propio sortu du eskaintza udalak, “parte hartzeko seguruago eta erosoago senti daitezen”. Besteak beste, ohitura osasuntsuak sustatzeko ibilbideak prestatu dituzte.

BILBO

Bilboko Udalak abian jarri duen #BilbaoUda2020 egitasmoak 150 jarduera baino gehiago programatu ditu. Guztientzako eskaintza aurreikusi duten arren, bereziki familientzako ekitaldiak iragarri dituzte. Ekainean hasi zituzten, eta uztailean eta abuztuan ere izango dira. “Kalitatezko kulturaren eta tokiko kultur eragileen aldeko apustua” eginez, auzoak musikaz, antzerkiz, dantzaz, magiaz eta literaturaz beteko dituztela iragarri dute. Osasun protokoloak zorrotz betetze aldera, formatu txikiko proposamenak antolatu dituzte han ere. Edukiera mugatuta egongo da, eta publikoa eserita.

64 antzezlan eta arte eszenikoetako ikuskizun eramango dituzte hiriko zortzi barrutietara. Barruti bakoitzean, astean behin egingo dituzte emanaldiak. Hemezortzi euskal konpainiaren lanak eskainiko dituzte. Besteak beste, Hutsun eta Ortzi taldearen Urbasa lan estreinatu berria nabarmendu dute. Basoan, naturarekin orekan bizi diren bi lagunen istorioa eramango dute Errekalde plazara. Oreka hori hautsi egingo da egungo industrializazioa eta zibilizazioa sustatzen duen pertsona bat iristen denean. Gatazka sortuko da bi aldeen artean.

Bestalde, literatura eta musika uztartuko dituzte Bidebarrieta kulturgunean, Uda Bidebarrietan egitasmoaren barruan. Besteak beste, Karmele Jaio, Toti Martinez de Lezea, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Baleen Lobak taldea ariko dira bertan.

Bidebarrieta liburutegian bertan, literaturaren eta bertsolaritzaren arteko topaketak egingo dituzte. Maialen Lujanbio, Unai Elorriaga eta Karmele Jaio elkartuko dituzte saio berean. Jaiok emandako irizpideei jarraitu beharko diete bertsolariek. Aukeratutako literatur pasarteetan irakurritakoekin lotutako gaiak proposatuko dizkie idazleak. Beste hainbat plaza eta oholtzatan ere gozatu ahalko da bertsoaz. Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita Ez Da Kasualitatea izeneko saioan ariko dira. Bibolin jole batek eta gitarra jole batek lagunduta kantatuko dute. Umorea, jolasa, hausnarketa, emakumeen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartuko dituzte.

Bazter Fest egitasmoak abuztuaren 3ra arte jarraituko du astelehenero emakumeak rapera hurbiltzeko agertokia eskaintzen, Internet bidez. Eskina Femenina kolektiboarekin batera ondutako programa da.

Udan ohikoak diren kontzertuak ere ez dira faltako. Bilborock aretoan antolatu dituzte musika eta arte jarduerak. Kontzertuak, musika terapia edota Bilborock Distart jaialdia egingo dituzte bertan. Azken hori uztailaren 24an izango da. Lau emakume bilbotarrek egindako jaialdi artistikoa da. Hainbat diziplina artistikotako esku hartzeak aurkeztuko dituzte: DJ jarduna, makillajea, argazkigintza, pintura, poesia eta tatuajea. Sarrera librea da.

DURANGO

“Ezohiko testuinguru batean” sortu dute Uda Kulturaz Blai Durangon ere. Kultura konpartituak komunitatea sortu, gizartea eraldatu, eta aberastasuna sortzen duela sinetsita, irailaren 5a arteko eskaintza osatu du udalak. Saio guztiak doan dira, baina aldez aurretik eskuratu behar da sarrera, ikus-entzule kopurua kontrolatu ahal izateko.

Los Cazahuates mariatxiek eta Afrika abeslariak emango diete hasiera ekitaldiei, gaur. Lehenengoen saiorako adinekoei eman diete lehentasuna. Landako eskolan egingo dute emanaldia. Afrika Plateruena kafe antzokian izango da.

Asteburuan ere izango da zer ikusi. Haatik dantza konpainiak Errimak bi oinetan taularatuko du, bihar. Etzi, berriz, L’Atelier dantza eskolak El sueño de una noche de verano eskainiko du. Bi emanaldi egingo dituzte.

Musikak, antzerkiak, zirkuak, dantzak, ipuin kontalariek eta bertsolaritzak osatzen dute Durangoko udako kultur eskaintza. Bertan ariko dira, besteak beste, Yogurinha Borova, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Miren Amuriza, Uxue Alberdi, Ana Galarraga, Xampatito, Iparbeltzok, Rojo Telon Circo, Amak, Maren, Markeliñe antzerki taldea edota Don Inorrez taldea.

Egitarau zabal horrez gain, bisita gidatuak egingo dituzte, Durango, aztarnategi arkeologiko bat izenburupean. Arte eta Historia museoan hasi eta bukatuko dituzte ibilbideok, eta herriko alde zaharrean ere ibiliko dira.

Umeentzako sormen tailerrek osatuko dute udako eskaintza. Arte eta Historia museoak antolatu ditu tailerrok, 4 eta 8 urte arteko umeentzat, eta 6 eta 10 urte bitartekoentzako. Bizenta Mogel Bibliotekak ere eskainiko ditu sormen tailerrak, 7 eta 12 urte bitarteko gazteentzat.

MARKINA-XEMEIN

COVID-19aren ondorioz hain aldakorra den egoerak ezustekorik ematen ez badu, Markina-Xemeinen eskainiko duten kultur egitaraua aurkeztu du Uhagon kulturguneak. Aldaketak badaude, eta webgunean jakinaraziko dituzte. Musika, dantza eta bertsoa dira egitarauaren osagai nagusiak.

Haizea Martiarturen jazz kontzertuak irekiko du programa, datorren asteko zapatuan. Folketik Jazzera Ensemble lehen albuma argitaratu berritan igoko da Saxofoi jotzaile markinarra Uhagoneko oholtzara.

Kaleko dantza ikuskizunek indarra hartuko dute udako programazioan. Ertza konpainiak break dance eta hip-hop estiloak uztartzen dituen Meeting Point aurkeztuko du. Dantza pieza laburrak eskainiko dituzte Lasala konpainiak, David Vento dance Theather konpainiak eta Sirah Badiola eta Ikerne Mendietak.

Sormena eta hausnarketa ardatz dituzten proposamenak ere eramango dituzte herrira. Familientzako sormen tailerretan, besteak beste, buruarinak osatuko dituzte umeek. Heldu batek lagunduta egon beharko dute.

Bestalde, abuztuaren bukaeran, Harriak 2020 arte garaikideko programak hausnarketarako tartea zabalduko die hara biltzen direnei. Hainbat proposamen artistiko egingo dira herriko leku askotan. Hainbat olerki esploratzeko saiakerak eskainiko ditu programak. Harriak 2020 programaren helburua arte garaikidearen dibulgaziorako gune berriak sortzea da.

Aire zabaleko zine emanaldiak ere abiatu dituzte. Gaur, Joker eskainiko dute. Uztailean eta abuztuan, bina saio emango dituzte.

Gainerako herrietan bezala, ikuskizun gehienak kalean eta doan egingo dituzte, baina beharrezkoa izango da sarrerak aurretik hartzea.

IBILBIDEAK

Kultur aretoetatik kanpo eskaintzen diren aukerak ere hasi dira normaltasuna berreskuratzen. Ibilbide Historikoak programa abiatu du aldundiak aurten ere. Busturialdeko aztarnategietara bisita gidatuak uztailean eta abuztuan egingo dituzte, goizez eta arratsaldez. 2,25 eta 3,5 euro artean ordaindu behar dira.

Bost ibilbide gidatu daude aukeran: Arrolako Oppidumaren aztarnategi arkeologikoa, Arratzun; Foruko erromatar herria; Tribisburuko erromatar nekropolia, Bermeo eta Busturia artean; Ereñozar gaztelua, Ereñon, eta Katilotxuko estazio megalitikoa, Mundaka, Sukarrieta eta Busturia artean.

Arrolako Oppiduma Kantauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat da. K.a. IV. mendean eraiki zuten, eta, K.o. I. mendera arte, Urdaibaiko bizitza antolatu zuen gune nagusia izan zen. Foruko herri erromatarra Elexaldeko muinoan dago. K.o. I. eta V. mendeen artean bizi izan ziren erromatarrak han. Tribisburuko nekropolian, hamar hilobi egitura aurkitu dituzte, K.o. I. mendetik III. mendera artekoak. Ereñozar mendiko gaztelua XI. mendean eraiki zuten, eta XIII.ean suntsitu.

Enkarterriko museotik ateratzen diren zortzi ibilbide ere aurkeztu dituzte. Oinez zein bizikletaz egin daitezke, bertako natura eta kultur ondarea ezagutzeko.