Bizkaiko sei estuarioetatik soilik bik dute egoera ekologiko ona

Bizkaiko sei estuarioetatik soilik bik dute egoera ekologiko ona

Ibai Maruri Bilbao

Uraren Euskal Agentziak eta Aztik uren kalitateari buruzko txostena aurkeztu dute asteon. Estuarioetako eta kostaldeko uraren kalitatea neurtu dute. Iaz egindako azterketen emaitzak dira. Bizkaian sei estuario daude, eta horietatik bi baino ez daude egoera ekologiko onean: Ibaizabalek sortzen duen Bilboko itsasadarra eta Butroe ibaiarena. Kostaldeko urari dagokionez kalitatea “oso ona” dela ondorioztatu dute.

BARBADUN

Erdibideko egoera ekologikoa dauka Barbadun ibaiak, makroornogabeen faltagatik. Hala ere, txostenaren arabera, “asko hobetu da ur zikinen kudeaketan”. Besteak beste, CLHren orubeak garbitzeko lanak egin ziren 2008 eta 2010 artean. Substantzia kimiko batzuen kasuan, tarteka mugak gainditu arren, ohartarazi dute ez dela “arazo kronikoa”.

IBAIZABAL

Bilboko itsasadarrean, hainbat substantzia kutsagarri topatu dituzte: esate baterako, Ibaizabalen kanpoko eta barruko uretan onartutakoa baino lindano gehiago neurtu dute. Industrializazioaren ondorioz, kutsatze kronikoa du Bilboko itsasadarrak. Dena den, ikerlariak “harrituta” gelditu dira egoera ekologiko ona duelako: azken neurketetatik “nabarmen” hobetu da Ibaizabalen makroornogabeen egoera eta arrain espezieen aniztasuna.

BUTROE

Butroe ibaiaren estuarioak arazo barik gainditu ditu neurketa kimiko eta ekologikoak. 2014ko azterketan baino ez ditu azaroak izan, substantzia kimikoei dagokienez. Azken urteetan ur zikinen kudeaketan egindako lanei esker, egoera are hobea da.

OKA

Urdaibai biosfera erreserban egon arren, Oka ibaiak eman ditu daturik okerrenak, barneko uretan: zehatzago esanda, Gernika-Lumo eta Murueta arteko uretan egoera ekologiko txarrean dago Oka. Arrazoia argia da: ur zikinen sarea bukatu gabe dago. Kanpoko uretan, berriz, egoera ona dela zehaztu du txostenak.

LEA

2008. urtetik hona egoera kimiko onean dagoen arren, Lea ibaiaren egoera ekologikoa erdibidekoa da, fauna aniztasun eskasa duelako azken urteetan.

ARTIBAI

Artibain dragatze lanak egin dira, eta horrek egoera okertu du, materia organiko asko duelako orain urak. Ondorioz, makroornogabe falta du; beraz, erdibideko egoera ekologikoan dago. Egoera kimikoa ona da 2016. urtetik.