“Bilboko Udalaren erantzuna gure lana oztopatzea izan da”

“Bilboko Udalaren erantzuna gure lana oztopatzea izan da”

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko Elkartasun Sareek amaitutzat eman dute konfinamenduari erantzuteko fasea, aste honetan. Hala ere, Koordinazio taldeko Mikel Aiartzaguenak (Bilbo, 1997) zehaztu du aurrerantzean ere beharrean jarraituko dutela: “Gu konfinamenduak eragindako behar primario batzuei erantzuteko jaio ginen. Behar hori orain ez dago, baina asteotan azaleratu diren beste hainbat bai. Sare bakoitzak forma ezberdina hartuko du auzo bakoitzean: auzoetan sortu diren harreman horiek guztiek hortxe jarraituko dute; lan horrek ez du bukaerarik”. Hamazazpi talde ibili dira Bilboko hogei bat auzotan lanean; guztira, mila errekadu inguru egin dituzte.

Konfinamenduak auzoetako bizilagunengan eragindako ondorioei aurre egiteko sortu zineten. Zer arazo topatu dituzue?

Gu konfinamenduak sortutako behar larrienei erantzun bat emateko sortu ginen. Argienak dira: etxetik atera ezin den jendeari zaborra ateratzea, erosketak egitea, farmaziara botika bila joatea… Proiektuen oinarria elkartasuna eta babesa da, auzoko eragileen artean elkarlanean aritzea. Hasieran eskaintza konfinamenduaren egoerei erantzuteko sortu zen arren, dimentsio handiagoa hartu zuen gero.

Gerora topatu duzuen errealitatea aurkitzea espero zenuten martxan hasi aurretik?

Elkartasun sare hauek auzoetan antolatuta zegoen jendearengandik sortu ziren; izan jai batzordean, greba batzordean, auzo elkartean… askotariko eragileetan. Maila batean, auzoetako beharrak ezagutzen genituen, baina balio izan digu auzoetako errealitatearen dimentsioa ezagutzeko. Adibidez, zenbatek joan behar duen elikagai bankuetara, zenbat jende dabilen alokairua ordaindu ezinik… Sareen koordinazioa ginen Bilboko Elkartasun Sarekoak. Eta guri balio izan digu auzoetako errealitatea ezagutzeko. Denak gara bilbotarrak, baina gure auzoko errealitateak baldintzatuta bizi gara. Ni Deustukoa naiz, eta San Frantziskoko errealitatea entzuna dut, ezaguna dut, baina, bertako jendearekin hitz egitean, lan egitean, aurrerapauso bat eman dut ezagutza horretan.

Premia asko azaleratu dira. Baina dena azaleratu da edo oraindik egongo da laguntza behar duen jendea, inork jakin gabe?

Ez daukagu behar beste bitartekorik baztertuen dauden sektore edo pertsona batzuengana heltzeko. Zalantzan jartzen dugu lan hori norena den ere. Lan instituzionala elektoralizatuta dago, eta sistema horretan sartzen ez den bazterreko jendea mapatik kanpo geratzen da. Horiengana heltzeko bitartekorik ez dago. Zerbitzu publikoak gainezka egon dira, eta gu ere bai. Alde batetik edo bestetik iritsi gara, bazterreko jende gehiago dagoen auzoetan prestatuago egon direlako lehendik, eta gehiago landu ahal izan dute laguntza hori. Baina egoera hain agerikoa ez den auzoetan, arazo gehiago izan ditugu beharrei erantzuteko, antolaketari dagokionez.

Sareek eboluzio bat izan dute: laguntza batzuk eskaintzen hasi zineten, eta gerora bestelako lan arlo batzuk ere sortu dituzue.

Lehen ere bazeuden behar batzuk azaleratuz joan dira. Jatekorik ez zeukatenak eta hala ere gizarte zerbitzuen kudeaketa arazoengatik oraindik elikagaien bankuetara joan ezin zirenen kasuak izan ditugu. Deitu izan gaituzte gu udaleko zerbitzua bagina bezala, informazio eske, udalak berak guregana bidalita. Alokairua ordaindu ezinik egon den jende asko dago. Izarkomekin egindako elkarlana azpimarratuko nuke nik, arrakala digitala gainditzeko, neurri batean: 11 gigako SIM txartelak kontratatu ziren, ikasleek etxean Interneterako konexioa izan zezaten. Mintzapraktiken proiektua ere egon da, errealitate soziolinguistikoagatik euskaraz hitz egiteko aukerarik ez zuten umeentzako.

Erakunde publikoekin harremanik izan duzue? Elkarlanerako aukerarik egon da?

Hasieran, esperientzia txarra izan genuen. Lanean hasi eta berehala, udaltzainekin pare bat arazo izan genituen. Horrek ez zuen ibilbide luzerik izan. Guk hasieratik bilera eskatu genuen. Baina Bilboko Udalaren erantzuna gure lana oztopatzea izan zen. Sare guztietara mezu elektronikoak bidali zituzten gure boluntarioak euren sarean sar zitezen. Horrek harritu egin gintuen, guk bagenekielako, gizarte zerbitzuetako langileek esanda, gainezka zeudela. Gu jada ari ginen behar batzuei erantzuten, eta ez genuen ulertzen zergatik sartu nahi zituzten gure sareetan antolatuta zeuden boluntarioak Bizkaiko sare batean. Sare horrek ez zien erantzuten gure helburu politikoei —hau da, funtzio komunitario bat, pandemia honi era kolektibo antolatu batean erantzuna emateko—, ezta humanitarioei ere —ez ziren beharrei erantzuteko gai—. Gero, guk bilera batera deitu genuen. Guk koordinazioa eta lanak banatzea nahi genuen. Bazeuden guk egin genitzakeen lan batzuk: hasierako beharrei erantzutea; eurek ez zuten horretarako gaitasunik. Baina, aldi berean, badaude guk eman ezin ditugun laguntza batzuk: kasu larriak, etxetik botako dituztenak, paziente onkologikoak, telefonoa erantzungo ez duen 80 urteko pertsonaren semea kezkaturik… Horiei zerbitzu publiko sendoek eman behar diete erantzuna. Erakundeekin izan dugun harremana oso gaitza izan da. Azkenean, koordinazioa onartu zuten, baina hasieratik trabak sentitu ditugu, politikarien aldetik. Gizarte zerbitzuetako langileek elkarlanerako prestutasun itzela izan dute.