Turistak gara

Igor Elordui Etxebarria

Heldu da uda munduko parte honetara. Larrialdi egoeratik atera orduko, oraindino koronabirusak jota eta pandemia baten erdian egon arren, nahiz eta egunero kutsatuak eta hildakoak gehitzen doazen han eta hemen, heldu da uda. Eta albiste nagusiak jada ez dira kutsatuak eta hildakoak, ez osasungintza arloko langileekiko elkartasun keinuak, ez bizitza ikusteko modua aldatu zaigula eta horiek guztiak. Berri printzipalak bilakatu dira gure katerik gertukoenetan Laredora joan ahal garela, baita hemengo hondartzetara ere, igerileku eramangarriak agortu egin direla, umeak udalekuetara joan ahal direla, jairik ez dela egongo, futbola ostera hasi dela eta abar eta abar.

Zabaldu dira Europako mugak eta hegaldiak heltzen ere hasi dira; eta hasi dira, horiekin batera, turistak apurka-apurka batera eta bestera joaten. Turistek kutsatuko gaituzten beldur izan gaitezke, baina, izan gaitezen zintzoak, ez guk gaixotasuna inora eramango dugun beldur. Eta, zelan ez, hasi gara geu ere, gutxi-asko, uda nola igaroko dugun pentsatzen, oporretan nora joango garen planak egiten… Izan ere, turistak besteak dira, ez gu. Ez zaigu gustatzen turistatzat har gaitzaten. Izan daiteke turistak garenean ikusleak garelako, eta ez ekintzaileak. Turistak garenean ikusten dugunaz harritzen garelako, liluratzen garelako, samintzen garelako… baina ez garelako ikusten dugun horretan murgiltzen, ez dugulako modu aktiboan parte hartzen, eta are gutxiago saiatzen ezer aldatzen. Azken batean, errealitateari kanpotik bezala begiratzen diogulako, kristal baten atzetik bezala.

Eta bitxia da, zeren eta, paradoxikoki, turistok, turista garenean, bisitatzen ditugun lekuen errealitatea eraldatzen baitugu, gura barik ere, eta ez beti onerako. Turistak garenean lehenagotik markatuta dagoen bideari oratzen diogu, esaten diguten lekuetara joaten gara eta argazkia ateratzeko esan diguten lekuei ateratzen diegu argazkia. Eta turistak garenean segurtasuna, erosotasuna eta plazera bilatzen ditugu, batez ere.

Aurreko batean lagun batek esan zidan bi pertsona mota daudela munduan, “marroiak jaten dituztenak” eta bizitzaz gozatzen dutenak, eta bera ez zela mundura etorri “marroiak jateko”. Argi dago ez dagoela inora joan beharrik turista izateko. Norberaren bizitzan turista, jendartean turista, egunerokoan turista… izatea aukera bat da; munduko parte honetan, bizi garen garaian eta aparteko estutasunik barik bizitzeko zortea izanez gero.

Konfinamendu sasoian zerbait ernaltzen ari zen esperantza hori, txarrenari onena atera ahal genion uste hori, apurka-apurka lausotzen joan da nire barruan. Miresten dut Jon Maia, berak ez baitu etsitzen. Nik gero eta gehiago pentsatzen dut izan garela turistak balkoietan lehen, eta garela turistak terrazetan orain.