June Prieto
Musika industriari aurre egiteko autogestionatutako eredu baten alde egiten du Iparragirre Rock elkarteak. Bizkaiko hainbat musika talderi ematen die aterpea Gernika-Lumoko Bekoibarra kalean elkarteak duen pabiloiak. Oier Elorriaga sortze prozesutik dabil musika elkartean, eta, orain talderik ez duen arren, bazkidea da oraindik ere. Esan duenez, 2001. urtean sortu zuten elkartea, Gernikako musikariek; herrian ez zegoen taldean aritzeko entsegu lokalik, eta arazo hori konpontzeko batu ziren hasieran. “Udalera jo genuen, baina ikusi genuen ez zegoela haien aldetik lokala sortzeko edo bilatzeko laguntzarik. Elkartea sortu eta segidan etorri zen Iparragirreren lehenengo egoitza”.
Elorriagak azaldu duenez, elkartekoen lehentasun nagusia herriko eta inguruetako musikariei haien proiektuak aurrera ateratzeko entsegu lokalak eskaintzea da. Bide batez, eredua izan nahi du beste herri batzuetarako. “Iparragirrek erakutsi du musikariak elkartzen garenean oso proiektu sendoak sortu ahal ditugula”. Hogeita hamar talde inguru batzen ditu elkarteak; hau da, gutxi gorabehera, 90 pertsona inguru dira kide.
Bazkideei esker irauten du musika proiektuak. “Elkartekide bakoitzak hilero kuota bat ordaintzen du lokala erabiltzeko, eta horrekin alokairua ordaintzen da”. Modu asanblearioan hartzen dituzte erabakiak, eta hainbat lantalde dituzte: besteak beste, eguneroko jarraipena egiteaz edo komunikazioaz arduratzen direnak.
Txiki geratu zitzaien alokatutako lehenengo lokala, eta 2010ean handiago batera aldatu ziren. “Aurreko lokalean erabilitako dinamika berarekin sortu genuen gaur daukaguna. Oraingoak zortzi entsegu lokal dauzka, eta kontzertu gela bat, jantzigela edo artisten gela eta guzti. Dena gure eskuekin egindakoa da, eta inongo laguntzarik gabe”. Kontzertu areto horrek eman dio osperik handiena azken urteetan, nahiz eta entsegu lokalak eskaintzea den oraindik ere haien helbururik nagusiena. Kontzertuetatik ateratako dirua alokairua ez den beste faktura batzuk ordaintzeko erabiltzen dute, eta, azkenaldian, ezinbesteko diru sarrera bihurtu da. Musika elkarteak ez dauka soldatapeko langilerik, baina irabazi guztiak proiektuan inbertitzen dituzte.
Koronabirusak ekarri duen alerta egoeraren ondorioz, kontzertuak bertan behera utzi behar izan dituzte. “Diru arazoak izan ditugu”. Hamar urteko proiektua galtzeko arriskua izan dute.
“Tooth taldekoek proposatu zuten euren merchandising-aren zati bat salgai jartzea, eta irabaziak elkartearentzat izatea. Ondoren, hainbat talde batu dira egitasmora”. Bandcamp webgunean jarri dute materiala salgai, eta MacOnak eta Kaleko Urdangak taldeen materiala erosi daiteke, besteak beste. “Egitasmoa publiko egin genuenean, hainbat taldek euren aletxoa jartzea erabaki zuten —gure aretoan jo izan dutenak edo gure proiektuarekin bat egiten dutenak—, eta egindakoa eskertu nahi diegu”.
Lokala itxita egon da martxotik, eta erabiltzeko hainbat arau jarri dituzte orain. “Bigarren fasean sartzeko baimena eman ziguten, baina neurri zorrotzekin. Hiru hileko geldialdiaren ostean, taldeak itzultzen hastea nahi dugu”. Neurriak luzaroan mantenduko dituzte. “Egutegi bat daukagu taldeek errespeta dezaten. Lokal berean egun berean ezin dira bi talde egon; gero apuntatzen dugu egun bakoitzean nor egon den, kasuren bat egotekotan jakiteko nondik datorren; eta, azkenik, zelan ez, garbiketa sakonak egiten gabiltza”. Bertan behera geratu diren kontzertuen sarreren dirua bueltatzen ere hasi dira.
Emakumeen beharra
Etorkizunari begiratzea zaila da egungo egoeran, baina pandemiaren aurretik proiektu indartsu bat jarri zuten martxan musika elkartekoek. “Gure agertokian emakumeen eta gizonen presentzia bera izatea nahi dugu: hau da, erdiak gizonak eta erdiak emakumeak izatea. Utopikoa iruditu arren, lor daiteke”.
Gaur egun hamar emakume dira bazkide, eta beste 70 bat gizonak dira. “Gero badaude emakume batzuk bere sasoian egon zirenak Iparragirren, eta, nahiz eta orain bazkide izan ez, aktiboki parte hartzen dute elkartean”.