Mugak

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Nojara noa Nojatik nator, Nojan da nere gogoa…” kantatzen imajinatzen dut bizarra kendu eta masail inguruak aftershave lurrintsuz igurzten dituen bitartean. Ekainaren erdia lapurtu arren, ekainaren beste erdiko asteburuetan gogotsu eskatuko du txakolin kopa bat igande eguerdiko poteoan. Bazen garaia. Gizonezkoen Athletic ere hasi da jokatzen, eta badirudi munduak hartu duela taxuzko norabideren bat behingoz. Orain dirua gastatzeko garaia da, Kantabriako komertzio txikiari eta tabernariei zor zaie horrenbeste.

Munduak bueltaka jarraituko duen ere bermatua ez dugun garaiotan harrigarria da nolako garrantzia hartu duen bigarren etxebizitzen kontuak. Eta Bizkaian harrigarria da zer-nolako jendetzak daukan etxea Kantabrian, edo zer-nolako zalaparta atera duten eguraldi eguzkitsua egiten duen aldiro Laredon batzen diren kuadrillek. Doako autobide batek batzen ditu Bizkaiko lekurik biztanletsuenak Asturiaseraino; beharbada, ez ninduke horrenbeste harritu behar haranzko joerak.

Euskal Herrian bidaiatzeko hartutako errepide on samar bakoitzeko hasten da poltsikoa urratzen, baina libreago eta merkeago dira Espainiara egindako joan-etorriak. Eta hori ez da pandemiaren errua; hori aurretik ere horrela zen, badaezpada diot. Larrialdi egoerak ekarri du mugen berrestea eta Euskal Herria zatitzeko enegarren ahalegina. Eta kuriosoa da nola mugarik gabeko mundu honetan eta munduko hiritar izateak gorengo izaki bihurtzen zintuen garaietan nola itxi dituzten mugak. Beno, zehaztu dezagun hori: mugak itxi dizkigute guri, ez Amazoni eta enparauri; gu mugatu gaituzte besteen mesedetan.

Eta bien bitartean jolas parkeetako txintxaunek zigilatuta jarraitzen dute, baina igerilekura joaten hasi ahalko da astiro-astiro. Ordainduz gero egin daiteke, mugak bidesaria ordainduta altxatzen ei dira. Eskerrak eman beharko dizkiogu azkenean larrialdi egoerari, orain arte erdi ikusten ziren gauzak gardentasunez bistaratzeagatik. Izan ere, garden eta ozen esan digute: orain gastatzeko garaia da. Eta zer gastaturik ez badaukazu, hasi lan bila. Eta lanik ez badaukazu, formatu egin beharko duzu. Eta formatzeko aukerarik ez badaukazu, bete laguntza eskari hauek. Eta laguntza ematen ez badizute, itxaron. Eta itxaroteko astirik ez badaukazu, kexatu. Eta kexatzen bazara, gu ere kexatuko gara zutaz, eta ea nork irabazten duen.

Eta bien bitartean aftershave usainari Gabonetan oparitutako perfumearena batzen zaio. Maletak udako arropaz bete eta lapiko bat badaezpada. Etxea okupatuko dieten beldurrez gutxienez pertsiana bat jasota uztea erabaki dute. Ostiraletan komeni da denboraz irtetea asko jota auto-ilarak Muskiz inguruan harrapatzeko eta ez Max Center parean. Umeei ondo etorriko zaie hondartzan arineketaldi batzuk egitea eta beraiek ere behar dute inguruz aldatzea. Autoan sartu eta azken aldian utzitako lekuan piztu da irratia, albisteak hasi dira. Albiste gogorik ez daukate. Umeek leihoa eta tableta daukate, eta beraiek bidea goxatuko dien musika: “Bentara noa, bentatik nator, bentan da nere gogoa…”.