Kareharriaren bideari segika

Kareharriaren bideari segika

Natalia Salazar Orbe

Hainbat zibilizaziok erabili dute kareharria. Egiptoarrek, esaterako, baltsamatzeko erabiltzen zuten. Euskal Herrian, berriz, erromatarren garaiaz geroztik, gutxienez, eraikuntzarako erabili da. XVII. mendetik aurrera orokortu zen haren erabilera, batez ere nekazaritzan erabiltzen hasi zirenean. Kareharria erreta, karobietan egiten zuten kareari askotariko erabilerak eman zizkioten, eta elementu garrantzitsu bilakatu zen. Herri askotan auzolanean lantzen zituzten; besteak beste, Zeberion. Karlos Idirin bertako alkateak eman ditu xehetasunok. Juan Manuel Etxebarria idazlearekin batera ari da karobiei buruzko datuak jasotzen. Azpiegitura horien garrantziaz jakitun, Albitzuko karobia berreskuratzeko lanak egin ditu udalak. Bisitarientzat zabalik dago.

Karobia landa gizartearen ohiko elementua zela ekarri du gogora Idirinek, kareharriak edo handik eratorritako kareak denetariko erabilerak zituelako. “Karea uragaz eta lurragaz nahastuta, hormak eta harresiak eraikitzeko beharrezkoa den morteroa lortzen zen. Uragaz konbinatuta, baserriak zuritzeko erabiltzen zen. Nekazaritzan, lurrentzako ongarri gisa erabiltzen zen, eta, horregaz batera, laboreentzako kaltegarriak diren intsektuak hiltzen zituzten. Abeltzaintzan, animalien hanketan infektatutako zauriak sendatzeko edo kortak desinfektatzeko balio zuen. Larruaren industrian, berriz, animalien larruazala bereizteko erabiltzen zen. Medikuntzan, amigdalitisaren, faringitisaren, larruazaleko gaixotasunen eta abarren aurka gargarak egiteko agintzen zuten kareharriaren ura. Gainera, azpimarragarria da arrautzak kontserbatzeko ere balio zuela”.

Horrenbeste erabilera zituenez, karobiak ugaritu egin ziren herriz herri. “Auzo gehienetan egoten zen karobia. Auzolanean erabiltzen zen, pizteko lan handia egin behar zelako. Egurra behar zen, eta harria ekarri behar zen harrobitik”. Baserri multzo bat edo auzo bat osatzen zuten etxeetako bizilagunen artean kudeatzen zituzten karobiak.

Etengabe erretzeko aukera

Albitzukoa frantses estilokoa da. Erreketa bakarrekoak deritzenetatik bereizten dituen ezaugarri batzuk ditu: maldan edo lurraren kontra induskatuta daude frantses estilokoak. Horrez gain, labea behin piztuta, kareharria etengabe erretzeko aukera ematen du. Funtzionamendua sinplea da: karobia egurrez betetzen zen, eta horren gainean kareharrizko geruza bat jartzen zen. Gero, azpian zegoen zulotik pizten zen. Harria erre eta kare bilakatzen zen. Erretzeko prozesuak aurrera egin ahala, labearen ahotik karea ateratzen zen bitartean, erregai eta harri gehiago sartzen ziren karobian.

Erreketa bakarreko karobietan, kareharria eta egurra sartu eta errealdi bakarra egin zitekeen. Azken horrek abantailarik ere bazuen: “Karea garbi ateratzen zen. Albitzukoaren gisakoetan, karea egurraren errautsekin nahastuta egoten zenez, nahikoa zikin ateratzen zen. Hala ere, ekoizpen etengaberako modua ematen zuen”.

Erreketa bakarreko askoz karobi gehiago izan zituzten herrian. Horien zerrenda osatzen saiatzen ari dira, auzoetako adineko herritarrekin hitz eginda.

Denborarekin, karobiek galdu egin zuten garai batean izan zuten garrantzia. “Ezinezkoa egin zitzaien ongarri kimikoen eta porlanaren industria ekoizpenarekin lehiatzea. Beraz, bertan behera uzten hasi ziren, eta desagertu egin ziren 1950eko hamarkadaren bueltan”.

Ez erabiltzearen ondorioz, erortzeko zorian daude. Hori ikusirik, Zeberioko Udalak Albitzukoa berreskuratzea erabaki zuen. “Nahiz eta martxan jarri ez, jendeak zer-nola funtzionatzen zuten ikus zezala nahi genuen”.

Asmo hori lortzeko, karobiaren ingurua garbitu dute, eta segurtasuna bermatzeko neurri batzuk hartu dituzte. Inguruan karobien lehengai ziren kareharri multzo bat eta egur multzo bat jartzeko asmoa ere badute. Aterpea egin, eta panel informatiboen bidez ere azalduko dute zertarako erabiltzen ziren. Halere, zabalik dago bisitarientzat.

Oraingoz ez dute asmorik karobiaren funtzionamenduaren erakustaldirik egiteko. Hala ere, ez dute baztertu aurrerago egitea.