“Etxetik irten aurretik, hondartza nola dagoen begiratzea komeni da”

“Etxetik irten aurretik, hondartza nola dagoen begiratzea komeni da”

Ibai Maruri Bilbao

Joan den astelehenean hasi zen hondartza sasoia Bizkaian. Eguraldiak ez du askorik lagundu, eta lehen egunotan ez da jende askorik ibili. Asteburuan ikusi beharko da maiatzean bezala hareatzak lepo betetzen diren edo diputazioak eta udalek hartutako neurriak eraginkorrak diren. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatu Elena Unzuetak (Zalla, 1973) ez du kezkarik agertu: “Etxeko lanak eginda ditugu. Marko orokor bat landu dugu aldundiaren eta hondartza duten udalen artean. Eta udal bakoitzak kontingentzia plan bereziak ditu, bere hondartzaren ezaugarrietara egokitzeko”. Hondartzain eta sorospen zerbitzua eta garbiketakoa dira diputazioaren eskumenak.

Udal bakoitzak aparteko neurriak hartuko ditu. Adibidez, Bakiok iragarri du domeka eta jai egunetan ezingo dela eguzkirik hartu. Baina zein dira Bizkaiko hondartza guztietan bete beharreko neurri komunak?

Hondartzan dagoen jende kopuruaren kontrola da aurtengo berrikuntza nagusia. Hondartzainak eta sorosleak egongo dira hondartzan dagoen jende kopurua kontrolatzen. Kontuan hartu behar dugu osasun agintariek ezarritako distantziak eta neurriak bete behar direla, bai hareatzan bai uretan. Beraz, leku gutxiago izango dugu egoteko. Datu horiek megafonia bidez jakinaraziko dituzte unean-unean, eta, aldi berean, aldundiaren webgunean eta BizkaiUp aplikazioan ere jarriko dira. Semaforo baten antzeko sistema erabiliko dugu: berdez egongo da sartzeko lekua dagoenean; anbar koloreko, jende asko dagoenean; eta gorriz, hondartzara sartu ezin denean. Alde horretatik, orain arte izan ditugun banderekin batera, aurten anbar koloreko banderak ipiniko dira hondartzan egon daitekeen gehienezko jende kopurura hurbiltzen hasten denean. Megafoniaz ere adieraziko dute.

Hondartzan egoteko denbora hiru ordu baino gehiagokoa ez izatea aholkatu duzue.

Gomendioa hori da, hondartzan denontzako lekua egoteko. Megafoniaz oharra entzun edo bandera ikusten dutenean, hiru ordu baino gehiago daramatenek aukera izango dute hondartzatik joateko, beste batzuk sartu ahal izateko. Aholkua da, ezin da inor derrigortu hirugarren orduan joatera. Beste gomendio bat da koltxonetarik eta hamakarik ez eramatea, leku gutxiago okupatzeko. Eta 11:00etatik 20:00etara debekatuta egongo da kirola egitea hareatzan. Neurri hauek osasun agintarien gomendioen arabera hartu dira. Adibidez, duela aste batzuk esan genuen ez genituela dutxak eta iturriak uztail hasiera arte martxan jarriko, baina gero osasun agintariek esan digute komeni dela garbitasuna zorrotz mantentzeko, eta dagoeneko martxan daude.

Jende kopuruaren kontrola eta hondartzen garbiketa hain garrantzitsu direnez, zerbitzuak indartu dira?

Taldeak martxan ditugu dagoeneko. Garbiketa urte osoan egiten da. Udarako neurri bereziak hartu ditugu. Gure garbitzaileek babeserako baliabideak izango dituzte. Hondakinak botatzeko edukiontziak irekiak izango dira, ukitu behar ez izateko. Protokoloak ere aldatu dira. Sorosleen postuetan, adibidez, ezingo da nahi duen guztia sartu. Banakako arta emango dute.

Bainua debekatu edo hondartza husteko aukerarik egongo da?

Udalena da eskumen hori. Haiek ikusi beharko dute hondartza bakoitzaren unean uneko egoeraren arabera erabaki hori hartu behar duten edo ez. Aparkalekuak ixteko eskumena ere eurena da.

Barnealdeko herri batean bizi den bizkaitar batek, beraz, badu arriskua hondartzaraino joan eta sartzeko lekurik ez izatekoa.

Gure web orrian edo aplikazioan begiratu dezake etxetik irten aurretik. Hori da gure gomendioa: joan nahi dugun hondartza hori zelan dagoen begiratzea komeni da. Agian, beste hondartza batera joatea egokiagoa da, edo bestelako planen bat egitea.

Bestelako plan horietako bat aisialdirako naturgune edo askaltegietara joatea izan daiteke. Maiatzean horietako batzuk ere jendez lepo ikusi ziren, pertsona arteko distantzia mantentzeko aukerarik ere ez zegoela.

Maiatzean gertatutakoa nahiko erantzun normala izan zen. Hiru hilabete pasatu ditugu etxetik irten gabe, eta herritarrak askatasunez ibiltzeko irrikaz egon ziren. Gehienek jarrera ona izan zuten. Aldundiak 45 gune ditu, eta horietako garbiketa zerbitzuak indartu ditugu. Herritarrei eskatzen diegu zentzuz jokatzeko, birusa oraindik kalean dagoelako. Elkar zaintzea ezinbestekoa da. Beraz, distantzia mantentzea eta garbiketa ezinbestekoak dira. Halako guneetan beste horrenbeste: barbakoa eta mahaiak erabiltzean, kontuz garbiketarekin.

Parke naturalak izan daitezke beste aukera bat.

Gorbeiako, Urkiolako eta Arma-ñongo parketxeetan neurriak hartu ditugu. Esate baterako, antolatzen diren bisitak egokitu egin dira, jende kopurua kontrolatzeko. Bizkaiak duen eskaintza oso zabala da, eta badago non gozatu. Gure basozainak zaintza lanetan ibiliko dira, eta mendira goazenean haien aholkuak betetzeko eskatzen diegu herritarrei.