Egiturazko irtenbide bat eskatu dute

Natalia Salazar Orbe

Barakaldoko Lasesarre kiroldegia ateak zabaltzeko prestatzen ari da. Konfinamendua han igaro zuten etxegabeen arrastorik ere ez da geratuko irekitzen dutenerako. Berriz ere kalean geratuko direla salatu dute zenbait eragilek. Udalak ukatu egin ditu salaketok. Esan du inor ez dutela babesgabe utzi, eta haien esku jarri dituzten baliabideak zerrendatu ditu: aterpetxea, eguneko egoitza eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitza partekatuak eskuratzeko emandako diru laguntza.

Amazigen Bizkaiko Agharas elkartea etxebizitza partekatuak bilatzen laguntzen ari zaie etxerik ez duten gazte migratzaileei. Horietako batzuentzat lortu dute, baina bada oraindik lortu ez duenik ere. Hala azaldu du Riduane Txakutx bertako kideak. “Batzuek Goiztiri elkartearen egoitzan egiten dituzte ordu batzuk. Hala ere, batez ere, kalean daude. Jantoki sozialean jaten dute, baina ez dute beste baliabiderik”. Erakunde publikoei egiturazko konponbidea eskatu die, eman duten irtenbidea “lardaskeria bat” dela iritzita.

51 etxegabe bizi ziren elkarrekin Lasesarreko kiroldegian konfinamenduan. Juan Antonio Pizarro Barakaldoko Udaleko zinegotziak azaldu du Lasesarreko gaueko aterpea eta Santa Teresa eguneko egoitza zabalik daudela. “Erabiltzaile bat ere ez da geratuko kalean. Denei eskaini zaie alternatiba bat”. Etxegabe batzuentzako etxe partekatua bilatzeko prozesua ere koordinatu du udalak. 25entzako lekua aurkitu dute. Beste erakunde eta elkarte batzuekin elkarlanean ari dira gainerako etxegabeei irtenbidea emateko.

Agharas da elkarte horietako bat. Sare sozialetatik ere zabaldu du etxea partekatzeko prest daudenentzako mezua. Aterpetxean egon diren gazte migratzaileei irtenbidea bilatu nahi die Txakutxek. Hala ere, kexu ere bada. “Ez zaizkit ondo iruditzen planteatzen ari diren irtenbideak. Egiturazko irtenbideak behar ditu arazo honek”. Hiru hilabeterako laguntza aurreikusi du Jaurlaritzak pertsona horientzako. “Eta gazteek eurek bilatu behar dute alokairua”. Horretan laguntzeko “bitartekari lana” egiten ari da elkartea. “Hiru hilabeterako etxea bermatzen zaie, eta kito, gero kalera, hain justu negua datorrenean”.

Egoera horretan dago Amine Benmehen. Aljeriarra da, kazetaria, eta 36 urte ditu. Koronabirusa pasatu zuen Barakaldoko aterpetxean, eta, gero, Lasesarreko kiroldegian bukatu zuen konfinamendua. Bertan izan zen joan den asteko asteazkenera arte. Esker oneko hitzak besterik ez ditu jaso duen laguntza eta arreta guztiagatik. “Gauza polit asko aurkitu ditut Euskal Herrian, benetan”. Etengabe errepikatzen duen esaldia da. Hala ere, ez daki hiru hilabeteren buruan zer gertatuko den bere bizitzarekin. “Beldur naiz, eta kezkatuta nago, baina ezin dut ezer egin. Ez daukat lanik”.

Aljeriatik ihes egin zuen egoera politikoak bultzatuta. “Bost urte egin nituen Aljeriako telebista kate batean berriemaile lanetan. Gero arazoak hasi ziren. Manifestazioak egiten ziren ostiralero. Nire nagusia presidentearen anaiaren lagun mina zen. Hamar hilabetean ez genuen jaso soldatarik”. 2019ko azaroaren 5ean iritsi zen Euskal Herrira. Agharas elkartearen bitartekaritzarekin, eliza batean egin zituen lau hilabete. Gero, Barakaldoko aterpetxean egon zen. Han zegoela iritsi zen koronabirusa.

Esker ona denentzat

Fededuna da, eta sinetsita dago bidea egingo duela gero ere. “Kiroldegitik ateratzean kalean geratuko nintzela uste nuen, baina Jainkoak logela bat hiru hilabetez alokatzeko aukera oparitu zidan”. Goiztiri eta Agharas elkarteei eta udalari eskerrak eman dizkie, baina etorkizunera begira ez du argirik ikusten: “Hiru hilabeteok pasatuta, ez dakigu irailean zer gertatuko den. Ez dakigu ezer”.

Antzeko egoeran dago Ayub Mazar ere. Marokokoa da, 22 urte ditu, eta zortzi hilabete daramatza Barakaldon. “Badakigu hiru hilabeterako etxea izango dugula. Hortik aurrera, ez dakigu zer gertatuko den gurekin”.

Marokotik ihes egin zuen, soldadutza egin nahi ez zuelako. “Nire herrialdean derrigorrezkoa da egitea. Nik ikasi egin nahi dut. Beste kezka eta jakin-min batzuk ditut”.

Ez bata ez bestea ez daude geldi. Mazar gaztelera eskoletara joaten da, eta sukaldaritza ikastaro bat egiten ari da. “Praktikaldia egiteko noiz deituko didaten zain nago”.

Benmehen ere ikasten ari da. Biltegiko laguntzaile ikastaroa egin du. Gaztelera ikasteko bi ikastaro egiten ari da. Horrez gain, Agharas elkarteak bertako bizilagunek migratzaileak ezagutzeko darabilen programa batean ere ikasten du gaztelera. “Ama baten modukoa den emakume batekin elkartzen naiz asteazkenetan, ordu eta erdiz, gaztelera praktikatzeko. Oso pozik ari naiz harekin, eta esker ona besterik ezin dut adierazi”.

Era horretako dinamiken helburua zein den azaldu du Txakutxek: “Aurreiritzi asko kentzen laguntzen du, eta pertsona horiekiko enpatia sortzen. Hizkuntza ikastearena aitzakia baino ez da. Pertsonak aurrez aurre ezagutzeak asko aldatzen ditu pertzepzioa eta aurreiritziak”.

Ez dute nahi adabakirik

Osasun krisiak eragindako krisi ekonomikoak ondorio latzak izango dituela esan du Agharas elkarteko kideak. Ez soilik etxegabeengan, ordea. “Ostalariek pairatuko dute, denda asko itxiko dira… Herritar asko geratuko dira lanik gabe. Denoi dagokigu arazo hau. Konponbidea ezin daiteke izan adabaki bat”.

Horregatik eskatu du egiturazko konponbide bat etxegabeentzat: “Udalak eta Jaurlaritzak dituzten etxeak prestatu beharko lituzkete, ez haiek logela bila jarri. Batez ere, gazteenentzako heziketarako laguntza eskaini beharko lukete, eta immigrazioa arazo gisa ikusi beharrean, konponbide gisa ikusi. Izan ere, gazte hauei bultzadatxo bat emanez gero, denbora gutxian lana aurkitzen dute; langileak dira, eta enpresa txikiak ere sortzen dituzte. Era horretako hainbat adibide ezagutzen ditugu: hona etorri direnak, hasieran etxerik ez dutenak izan, baina gero aurrera egin dutenak oso ondo”.