Susmoa baino gehiago

Igor Elordui Etxebarria

Susmoa baino gehiago daukat agintariek, parajekoek zein asagokoek koronabirusaren agerraldi gehiago egon ahal direla esaten digutenean ez direla ari pare bat astez etxean sukarrarekin pasatu beharraz, baizik eta ohartarazten jendeak (gehiago) kutsatzen segituko duela, batzuk hil egingo direla eta beste batzuk ez, batzuk guztiz osatuko direla eta beste batzuk ez. Susmoa baino gehiago daukat agintariek kalkulua eginda dutela, eta ontzat ematen dutela, jasangarri, (gutxi?) batzuk hiltzea, gehiengoa joan ahal izan dadin lanera (hori lehenengo eta behin), tabernara, igerilekura, hondartzara, gimnasiora, erostera, bozkatzera…

Susmoa baino gehiago daukat duela hilabete bi agintariek gezurra esan zigutela esan zigutenean ez zela zertan maskararik erabili, ez zuelako kutsatzea saihesten eta, gainera, alarma soziala eragiten zuelako. Susmoa baino gehiago daukat izan zela, soil-soilik, maskararik ez zegoelako. Ez da aparteko abilidaderik behar ondorio horretara ailegatzeko, zeren eta, bi hilabete eta erdi geroago, bertako enpresa bat maskarak fabrikatzen hastearekin batera, agintari berek agindu digute maskarak erabiltzeko, eta, ohar egin digute: erabili ezean, isuna.

Susmoa baino gehiago daukat agintariak aritu izan direla, eta ari direla, esaerak dioen bezala, lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola. Agintariek edukierak ezartzen dituzte tabernetarako, jatetxeetarako, aretoetarako, plazetarako… Baina edukieraren kopurua izan daiteke bat hasieran eta beste bat handik gutxira, dena delako sektorea kexatu delako, beste argudio zientifiko barik. Kasu, gehieneko edukiera ere ken dezakete agintariek, ehuneko ehuna ezarri, garraio publikoan, tabernetan… Baina jarraian zera eskatu, aurpegia gorritu barik: bi metroko distantzia gordeta, betiere. Era berean, maskaren gaiarekin segituta, agintariek berau erabiltzearen derrigortasuna ezar diezazukete paseoan bazoaz, baina taldean korrika edo bizikletan bazoaz ezin zenezake erabili. Halaber, agintariek gure etxean 10, 15, 20… lagunekin elkartu ahal garela esango digute, baina agintariei berdin zaie gure etxeak dituen 30, 50, 100 ala 200 metro koadro, leihoa, balkoia ala lorategia. Agintariek esan digute hondartzara joan ahal garela, gero joan gaitezkeela baina bakarrik marea behean dagoenean, geroago baietz, joan ahal garela baina eguzkia hartzera ez, ibiltzera eta bainatzera bai… Pentsa, hasieran esan ziguten diskoteketara joan gintezkeela baina bertan dantzatu ez.

Eta men egiten diegu agintariei, nahiz eta susmoa baino gehiago daukagun agintariek hobeto dakitela dantzan artajorran baino. Eta horrela behar du izan, kasu egiteari buruz ari naiz, ea gure erruz gaixotuko diren seme-alabak, gurasoak, aitita-amamak, lagunak… edo ea hilko garen gu. Kasu egingo diegu, bai, agintariei, baina ez diezagutela harrokeriaz saldu kudeaketa eredugarriaren kontu hori.