Protokoloa

Emakume batek oinarrizko gizarte zerbitzuetara laguntza eske jotzen duenean zer bide jarraitu behar den jasotzen du Enkarterriko Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuen protokoloak. Horren arabera, gizarte langile batek artatuko du biktima ahalik eta azkarren.

Biktimak osasun arta behar duten lesioak dituenean

Lesioak bistakoak badira edo izan ditzakeela sumatzen badute, emakumeari baimena eskatuta, Ertzaintzari jakinaraziko diote. Gizarte langilearekin batera, ertzainek osasun etxera lagunduko diote, berak nahi badu.

Sexu erasoa izan denean

Ertzaintzari jakinarazi eta gertuen dagoen ospitaleko larrialdi zerbitzura lagunduko diote biktimari. Azalduko diote ez garbitzeko, arropak ez aldatzeko eta ez jateko edo edateko ezer.

Osasun artarik ez duenean behar

Behar duen arta emango diote biktimari. Emakumearen segurtasuna edo integritate fisikoa arriskuan badago, Ertzaintzari eskatuko diote gerturatzeko.

Lehen elkarrizketan babesa emango diote, eta bere esku dituen baliabideen berri emango diote. Baita arazoari irtenbidea emateko dauden bide anitzen berri ere. Biktimarentzako eta haren seme-alabentzako dauden gizarte-laguntzen berri emango diote. Azalduko diote bere segurtasuna eta seme-alabena bermatzeko baliabideak bere esku jarriko direla.

Elbarrien eskubidea bermatu

Emakume elbarriek dauden informazioa eta baliabideak izatea bermatzeko beharrezko egokitzapenak egin behar direla diote. Besteak beste, garraiorako laguntzak, babesa, zeinu hizkuntzaren interpreteak edo agiriak braillen eskaintzea.

Migratzaileak

Emakume migratzaileek hizkuntzarekin izan ditzaketen mugak gainditzeko neurriak hartuko direla dio protokoloak. Egoera irregularrean badaude eta ez badute eskatu, errolda eskatzeko gomendatuko diete, hori izango baita bidea babes sare sozialeko zerbitzuak eskatzeko.

Eskubideen berri

Biktimei euren eskubideen berri emango diete. Besteak beste, salaketa jartzeko aukerari buruz eta prozedura judizialari buruz hitz egingo diete. Doako aholkularitza juridikoa izan dezaketela jakinaraziko diete, salaketa jarri nahi izatekotan edota behin-behineko babes neurriak eskatu ahal izateko.

Babes neurriak eskatu

Biktimari azalduko diote komeni dela babes agindua eskatzea. Kasu horretan, Ertzaintzarekin jarriko dira harremanetan. Horretarako, salaketa jarri beharko du. Gizarte zerbitzuen bidez ere eska dezake agindua biktimak. Hala ere, Poliziari eskatuz gero, prozesua askoz azkarragoa da.

Salaketarik jarri nahi ez badu

Biktimak ez badu gura salaketarik egin edo babes agindurik eskatu, gizarte langileak kasu bakoitzean behar diren galderak egingo dizkio. Gertatutakoa dagokion agintaritzari jakinarazi aurretik, biktimari eskatuko diote berak jar dezala salaketa edo babes agindua eska dezala. Izan ere, azalduko diote salaketa pairatzen ari den indarkeriazko harremanarekin hausteko modua dela eta horren bidez lortuko dituela Justiziak eskaintzen dituen babes mekanismoak (urruntze agindua, Poliziaren babesa, aitaren seme-alabekiko eskubideak etetea…).

Gizarte zerbitzuek ere eska diezazkiokete epaitegiari premiazko neurriak.

Baliabideak

Genero indarkeriaren biktimentzako dauden baliabideen berri emango diete: baliabide juridikoak, psikologikoak, ekonomikoak, enpleguari dagozkionak zein etxebizitzak, besteak beste. Biktimaren autonomia eta autoestimua indartzeko bideak bultzatuko dira, erasotzaileek eurengan eragiten duten bakartzeari aurre egiteko. Inguruan indarkeriaren biktima diren emakumeekin lan egiten duten elkarteak badaude, horiekin harremanetan jartzeko bidea erraztuko da.