Konfinamendu osteko lehen agerraldia, 125 urte ospatzeko

Konfinamendu osteko lehen agerraldia, 125 urte ospatzeko

Natalia Salazar Orbe

Aurreikusi baino xumeago, baina sinbolismoz betetako urteurren ospakizun bat egin du asteon Bilboko Udal Musika Bandak. Duela 125 urte agertokira lehenengoz atera zirenean, Jose Maria Iparragirreren Gernikako arbola interpretatu zuten, eta abesti horren beraren doinuak dantzatu ziren Azkuna zentroko 44 zutabeen artean. Asteartean bete ziren 125 urte bandak Areatzako kioskoan lehen kontzertu ofiziala eman zuenetik. Eta asteartean bertan egin zuten musikariek lehen agerraldi publikoa, hiru hilabeteko konfinamenduaren ondoren, ospakizunerako.

Azkuna zentroko atrioak bandako 50 musikari inguru hartu zituen, Jose Rafael Pascual Vilaplana zuzendariaren gidaritzapean. Ekitaldiari hasiera emateko, Jose Ignazio Ansorenaren Botxo pieza interpretatu zuten.

Argazki proiekzio baten bidez erakutsi zituzten bandak 125 urteko ibilbidean bandak bizi izandako hainbat une. Bilboko musikariek irudien emanaldiari zuzenean jarri zioten musika: Areatzan jendaurrera lehenengoz atera zirenean interpretatu zuten lehen pieza aukeratu zuten horretarako: Gernikako arbola. Urteurren ospakizunari bukaera emateko, Agur Jaunak jo zuten, Bilboko Udaleko ordezkarien aurrean.

Banda osatzen duten musikariak bakoitza bere kabuz aritu dira entseguak egiten osasun krisian zehar. Asteon itzuli dira Bilbao Musikako instalazioetara, entseguak elkarrekin egiteko.

Lehen kontzertua

1895eko ekainaren 9an, Jose Sainz Basaberen zuzendaritzapean egin zuten lehen emanaldia. Harrezkero beste bederatzi zuzendari izan ditu bandak, eta hamabost disko argitaratu dituzte. Ospakizunetako agerraldiez gain, ezagunak dira Azkuna zentroko eta Areatzako kioskoko kontzertu zikloak. Euskalduna jauregian ere kontzertu denboraldia izaten dute. Bertan, hainbat zuzendari eta artista gonbidaturen ondoan egin dituzte emanaldiak. Besteak beste, Evgeny Dzhalalov eta Astrid Cronerekin batera aritu dira.