“Japoniako egonaldia nire obra lantzeko erabiliko dut”

June Prieto

Berrogeialdian heldu zaio Helena Goñiri Ertibil Bizkaia sari berezia irabazi duen berria. Beste bi bizkaitarrekin batera, Japonian hiru hilabeteko egonaldi artistikoa egiteko aukera edukiko du. Uda honetan joatekoak ziren, baina, pandemiaren ondorioz, 2021. urtera atzeratuko dute. “Sariarekin batera ematen diguten dirua eskertzekoa da, baina pena izango zen esperientzia hori galdu izana”. Kanadan ateratako erretratu bati esker irabazi du saria, argazkilaritza arloan.

Euskal Herrian artista moduan egiten duzu lan.

Bai, nik era profesionalean egiten dut lan, artista moduan. Egia da hainbat proiektu uztartzen ditudala; argazkilaritza enkarguak, adibidez. Normalean, argazki dokumentala edo erretratuak egiten ditut, askotan musikarekin harremana dutenak. Duela gutxi, Belako musika taldearentzako argazkiak egin nituen, eta baita Bilboko beste talde batzuenak ere. Tailerrak eta hitzaldiak ere eman ditut. Izan ere, oso zaila da proiektu artistikoetatik bizitzea; bekak jaso ditzakezu, baina askotan ez dizute ordainsaririk ematen; ematen dizutena produkzioan edo materialetan gastatzeko izaten da. Ondorioz, soldata bat lortzeko, hainbat jarduera egin behar dituzu batera.

Japoniako egonaldi artistikorako zer asmo daukazu?

Japonian nagoen denbora oso-osorik baliatuko dut obra sortzeko eta garatzeko. Bertan ikasgela edo bulego bat edukiko dugu lan egiteko, eta gure obra beste artista batzuekin konpartitzeko aukera izango dugula uste dut. Maila lokalean ezagutzeko aukera ere izango dugu. Ikuspuntuen truke bat izango da gehienbat.

Ez da Ertibil sarira aurkezten zaren lehenengo aldia, eta beste sari batzuk ere jaso dituzu.

Bai, hala da: nik uste dut bost edo sei aldiz aurkeztu naizela. Normalean, urte bikoitietan ematen didate saria, horiek izango dira nireak.

Ertibilen ematen dizuten saria artistentzat lagungarria da oso. Hamabost edo hogei lan aukeratzen dituzte, eta hamabost sari ematen dituzte; gure lanarentzako aitorpen handia da. Gainera, ematen dizuten dirua nahi duzun moduan erabil dezakezu, alokairua ordaintzeko edo kamera bat erosteko.

Aurten aurkeztu duzun argazkiak sari berezia irabazteko balio izan dizu. Zer motatako argazkia da?

Diptiko bat da. Bi argazki dira, Kanadako tren batean topatu nuen mutiko bati eginak. 2017an Torontora joan nintzen [Ontario], herrialdea zeharkatzeko asmoz Vancouverreko kostalderaino [Columbia Britaniarra]. Torontotik Edmontonera [Alberta] trenez egitea erabaki nuen.

Trena normala zen, ez zuen oherik, eta jaitsi barik egin genituen lau egun. Ez zegoen wifirik, ezta askotan Interneterako estaldurarik ere. Goiz batean, trenean sartzen ikusi nuen mutikoa, baina momentu egokia izan arte itxarotea erabaki nuen. Gutxika-gutxika sortu zen gure artean elkarrizketa eta txantxa. Mutikoak hiperaktibitatea zuen, eta arreta berezia eragin zioten neure kamerek. Argazkiak egin nizkion, eta berak ere batzuk egin zituen, eta lortu genuen bidaian nahiko lasai egotea. Jolasten ginen bitartean, berak bere bizitzaren hainbat pasarte kontatu zizkidan, eta horrela sortu ziren argazkiko bi erretratu horiek.

Beraz, hainbat argazki atera zenizkion, eta bidaian beste hainbat atera zenituela ere imajinatzen dut. Zergatik aukeratu zenituen bi argazki horiek?

Badaude bidaia horietatik berreskuratu nituen lau argazki interesgarri. Baina egia da bi argazki hauek indar handia zeukatela; koloreengatik, bere keinuagatik… Berriro ikusi nituenean jakin nuen funtzionatuko zutela. Gabe deitzen da mutikoa, eta justu argazki hauetan oso ondo ikus daiteke haren izaera, eta hori interesgarria da.

Harekiko harremana mantendu duzu? Badaki sari hau irabazi duzula haren argazki batekin?

Bidaiatik bueltan saiatu nintzen, posta elektronikoz, baina ezin. Duela gutxi berriz saiatu nintzen, eta erantzun zidan. Oso nagusi dago orain, eta, urteak pasatu direnez, arraroa izan da biontzat berriz konektatzea.