Iragazkitik begira daudenak

Iragazkitik begira daudenak

Ibai Maruri Bilbao

Garai analogikoa zen hura. Gauzak asko aldatu dira ordutik. Gogoan dut batetik bestera ibili nintzela argazkiak errebelatzeko laborategi baten bila. Andorran amaitu nuen, han zeudelako merkeenak. Argazki kamerak ere bigarren eskukoak erabiltzen genituen”. Horrela gogoratzen ditu Jose Antonio Lopezek Balmasedako Skylight argazkilaritza zaleen taldea sortu zuteneko sasoiak. 1978an izan zen: “Argazkilaritza gustatzen zitzaigun lagun talde bat ginen, Antonio Mielgo buru genuela. Berak ipini zion izena taldeari: Skylight. Argazkilaritzan erabiltzen den iragazki baten izena da”.

Ikastaro batzuk izan ziren taldearen abiapuntua. Balmasedako Udalaren lokal batzuetan egin ziren, Mendi Taldea egoten zen lekuan. Handik herriko udal liburutegi zaharra zegoen eraikinera joan ziren. Lehen erakusketak kalean egin zituzten, udaletxeko arkupeetan. Baita kaleko arbolen enborretan argazkiak ipinita ere. Baliabide falta hari aurre egiteko sortu zuten elkartea. Hainbat tokitatik igaro ondoren, gaur egun Balmasedako kultur etxean elkartzen dira, eta han dute orain lokala. “Arratsaldero joaten gara kideetako batzuk”, zehaztu du Lopezek.

Hasieran gutxiago ziren, baina egun hirurogei bat kide ditu taldeak. “Badira urte osoan agertzen ez direnak”. Bakarren bat inguruko herriren batekoa da, baina gehienak, balmasedarrak. Adin guztietako kideak dituzte, gainera. “Neska-mutil gazteak, gu bezalako erretiratuak… Badugu 84 urteko gizon bat ere: ia egunero etortzen da, eta ahal duena egiten du; txukun moldatzen da”.

Lehen, argazkilaritza ikastaroak antolatzen zituzten, baina utzi zioten zeregin horri. “Doakoak ziren, gure elkartea irabazi asmorik gabea delako. 10-15 lagunek ematen zuten izena. Hirugarren egunerako, bost baino ez ziren agertzen. Eta bosgarren egunean, hiru. Horretarako ez du merezi horrelako esfortzurik egitea”. Orain eurek egiten dituzte irakasle lanak. Interesa duenak arratsaldeetan elkartearen lokaletik pasatu besterik ez du egin behar. “Guk urte hauetan guztietan ikasi dugun den-dena irakatsiko diogu. Berarekin eseriko gara, eta dena azalduko diogu. Apurka-apurka, jendeak asko hobetzen du gure laguntzarekin”.

Urtean lau argazki lehiaketa ere egiten dituzte, urtaroan bat. Aurtengo udaberrikoa ezin izan dute egin, osasun larrialdia hasi zenetik bertan behera geratu baita elkartearen jardun osoa. Lehiaketa bakoitzean bi gai izaten dituzte: urtaroa izaten da bata eta beste gai bat. Udan, hala ere, oporrak izaten dira gai bakarra. Sasoi batean elkartetik kanpoko lehiakideak ere izaten zituzten arren, azkenaldian denak Skylighteko kideak izaten dira. “Parte hartu nahi duten guztientzat dago zabalik; guk ez diogu trabarik jartzen inori”. Lopezek esan du orain saririk gabeko lehiaketa dela azken aldian. Izan ere, jarduerak finantzatzeko diru laguntzak eskatzeari utzi diote. “Demagun 800 euroko laguntza eskatzen duzula. Baina 200 euro baino ez dizkizute ematen, eta gero 800 euroak justifikatu behar dituzu. Eta guk ez dugu dirua lortzeko baliabiderik. Beraz, gehiago ez eskatzea erabaki dugu”. Hala ere, “kalitate handiko” lanak jasotzen dituzte, “oso txukunak”.

Txangoak eta erakusketak

Iaz beste jarduera bat antolatu zuten. Taldeko kide batzuk Marokora joan ziren, argazkiak egitera. “Oso ondo pasatu genuen, eta argazki ederrekin bueltatu ginen etxera”. Aurten Istanbulerako bidaia lotuta izan dute, baina koronabirusaren krisiak Turkiarako planak zapuztu dizkie. Datorren urtean berriro saiatuko dira, eta hirian ez ezik, Kapadozia osoan ibiliko dira. Agian handik bueltan argazkiekin erakusketa bat antolatuko dute. “Ikusiko dugu”.

Egiten dituzte tarteka: bai eurek egindako argazkienak, bai argazkilari ezagunenak. Orain, herriko pertsona historiko baten erakusketa dute esku artean, Felix de la Torre politikari, arkitekto eta argazkilariarena (Balmaseda, 1867 – Madril, 1911). Horcasitas jauregian atondu nahi dute. Argazkiak dagoeneko prest dituzte.