EHUren babes falta salatu dute ikasleek

EHUren babes falta salatu dute ikasleek

Ibai Maruri Bilbao

Etxean bakartzeko aginduak 2019-2020 ikasturtea hankaz gora ipini zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Fakultateak itxita, ikasleek etxetik jarraitu behar izan dituzte ikasketak. Egun batetik bestera hartutako erabakiak irakaskuntza birtualaren inguruan ezer pentsatu eta prestatu gabe harrapatu zuen unibertsitatea. Eta ikasleek sumatu dute. “Gabeziak” sufritu dituztela salatu du Leioako campuseko Ikasle Zaintza Sareak. Ezinegon horrek eraginda sortu zen taldea joan den martxoan. “Bat-batean ikasketak etxetik gauzatzean, horretarako beharrezkoak diren zenbait gako falta zirela sumatzen genuen. Gako horiek betiere ikasleon ongizatea bermatzeko beharrezkoak ziren”, kontatu diote Bizkaiko Hitza-ri.

Zehaztu dute izan dituzten ezintasunak era askotakoak izan direla. “Baliabide faltagatik edo baliabide kaxkarrengatik ikasketak behar bezala egin ezin zituzten Arte Ederren Fakultateko ikasleetatik hasi eta etxean lau neba-arrebarentzat ordenagailu bakarra zutenetaraino. Errealitate asko topatu ditugu, baina, oro har, baliabide falta eta ikasleekiko komunikazio falta izan dira nabarmenenak”. Salatu dute egin diren aldaketa horietan guztietan ikasleek ezin izan dutela parte hartu erabakiak hartzeko prozesuan. “Berandu zen unibertsitatea gutaz kezkatzen hasi zenerako. Ez da sentipen hori dugun lehen aldia; ikasleon hitzak balio txikia du gure unibertsitate egituran”.

Ikasleen artean zer gertatzen ari zen zehatzago jakiteko, inkesta bat zabaldu zuten. Eurek espero baino oihartzun zabalagoa izan zuen galdeketak, eta aurkitu duten errealitatea aurreikusitakoa izan da. “Gehiengo handi batek zioen EHUk harturiko neurriek ez dituztela kontuan hartu pandemia batek sor ditzakeen ondorioak. Ezohiko egoera honetan unibertsitateak normaltasunez jokatu nahi izan du, baina normaltasun behartu hori aurrera eramateko beharrezko oinarriak ez dira bermatu”.

Egoera horrek euren ikasketetan ondorioak dituela ohartarazi dute. “Normala da bi hilabetez etxe barruan egon den ikasle batek antsietatea edota insomnioa izatea, eta horrekiko malgutasuna beharrezkoa da. Malgutasun hori, berriro, irakasle bakoitzaren borondatearen esku utzi da”. Saretik ohartarazi dutenez, ikasketa telematikoak egiteko beharrezko baliabide urriak dituzten edo baliabiderik ez duten ikasleen kopurua “handia” da. Euren esanetan, EHUk gabezia hori kudeatzeko “borondate oso urria” erakutsi du. Ikasleen artean estresa eta lan karga handia izan direla ere nabarmendu du inkestak. “Normaltasuna mantendu nahi izan duen hezkuntza sistemak bizi dugun testuingurua kontuan hartu ez izanak disfuntzio handiak sortu ditu. Besteak beste, ikasleak lanez itota egotea”.

Ikasleen egoeraren analisia egin ostean, salatzeko ordua heldu zela iritzi zioten sareko kideek. “Mezu elektronikoen bidalketa masiboak izan dira gure tresna nagusia, EHUk ikus zezan ez zela sare honen ekimen bakan bat, baizik eta ikasleria osoarena”. Fakultateka egin zuten bidalketa. “Horietako bakoitzean jasotako erantzunekin izoztuta geratu ginen. Leporatu ziguten ez geundela ‘exigentziak’ eskatzeko egoeran, gure hitza guztiz gutxietsiz”. Horrez gain, salatu dute fakultate bakoitzak bidali zien erantzuna beste fakultateetan jasotakoaren oinarri berarekin idatzitakoa izan zela. “Ez zuten gure behar eta arazo espezifikoei aurre egiteko borondaterik erakutsi. Gure aldarrikapenak puntuz puntu hartu eta horiek garatzeko ezintasuna adierazi ziguten”.

Baliabide falta dutenei baliabide hori edo beste irtenbide bat ematea. Ikasleen egoeraz jabetzea. Lehengo ordutegiak mantentzea, eta, irakasleari ezinezkoa zaionean, ordutegi berria ikasleekin adostea. Ebaluazio sistemari buruzko informazioa ematea. Ebaluazioan bakartzearen aurretik egindako lan presentzialari pisu gehiago ematea. Lan erritmoak mantsotzea. Ebaluazio jarraitua ezartzea. Horiek dira zaintza sareak egindako aldarrikapen nagusiak. “Gure sare sozialetan daude, eta berdin pentsatzen jarraitzen dugu, hau da, guztiz errealista eta egingarriak direla”.

Ikasitakoa gogoratu

Datorren ikasturteak kezka eragiten die. Esan dute unibertsitatea unean uneko erabakiak hartzen ari dela. “Hein batean, uler dezakegu oso zaila dela etorkizunean zer egoeratan egonen garen aurreikustea. Hala ere, momentuan hartzen diren erabakietan ikasleon hitza kontuan hartzea eskatzen dugu. Gradu edota fakultate bakoitzeko ikasleekiko gertutasuna eta elkarrizketa. Bestela, ikasleok izanen gara unibertsitateko egiturak hartutako ustezko erabaki egokien ondorioak pairatuko ditugunak”. Uste dute ikasleek ezagutzen dituztela ondoen euren errealitatea eta egoera. “Helduak gara, eta erabakietan esku hartzeko gaitasuna dugu. Ez dadila orain artekoa berriro errepikatu”.

Datorren ikasturtean eskolak semi-presentzialak izango direla uste dute. “Aurreko kurtsoko esperientzia izanen du unibertsitateak irailean”. Horregatik, egoera “hobeto” antolatzeko eskatu dute, ikasleen iritzia eta premiak kontuan hartzeko.