Sabaia bermatzeko elkarlana

Sabaia bermatzeko elkarlana

Natalia Salazar Orbe

COVID-19aren osasun krisiak ondorioak oraindik ikusteke dituen krisi ekonomiko eta sozialari zabaldu dizkio ateak. Besteak beste, oinarrizko eskubidea den etxebizitza ordaindu ezinean daude hainbat herritar. Jaurlaritzak horretarako diru laguntzak aurreikusi ditu, baina maizter denek ez dituzte betetzen horiek eskuratzeko baldintzak. Gainera, arazoaren muinera joan behar dela uste dute hainbat eragilek. Egoera horretan sortu da Bilboko Maizterren Sindikatua.

Urteetako hausnarketa egin dute egitasmoari forma eman aurretik. Miguel Virizuela kideak azaldu du zein den euren asmoa. Arazoa “kolektibizatu” nahi dute, baina, lehenik eta behin, maizterrei dituzten eskubide eta aukerak jakinarazi nahi dizkiete. “Alokairua arautzen duen legedia maiz aldatzen ari da. Dekretuen eta aginduen inguruko hausnarketa politiko bat egiten dugu. Aldi berean, laguntza ekonomikoak lortzeko zer-nolako baldintzak bete behar diren badakigu; beraz, lehen une honetan aholkulari lanetan ari gara, larrialdi egoeran daudenei aurrera egiten laguntzeko”.

Aurrera begira bestelako helburuak dituzte: “Arazo horiek kolektibizatzea eta subjektibotasun politiko bat denon artean eraikitzen hastea da asmoa. Hala ere, orain gure betebeharra da jendeak etxea ez galtzea eta horretarako egin behar duguna da legedia ikasi eta diru laguntzak eskuratzen lagundu”.

Oraingoz norbanako gisa ari dira sindikatuan, baina Bilboko elkartasun sareekin, auzo elkarteekin, eragile feministekin eta arrazakeriaren aurkako taldeekin elkarlanean aritzeko asmoa dute. “Eragile espezialista bat sortu nahi dugu, baina mugimendu ekosistema horretan txertatzen dena. Horretarako, autoformazioa lantzen ari gara, eta herri asanblada sortzen maizterrekin, arazo hau duen jendearekin. Auzoetako eragileen bidez iristen gara herritarrongana. Guk, berriz, dauzkagun baliabideak eskaintzen dizkiegu”.

Sindikatuak ez du osatu maizterren egoeraren irudia. Hala ere, orain arte zituzten datuen berri eman du Virizuelak: “Batez ere, gazteak, pobreziaren lerroan dauden familiak eta familia immigranteak dira alokairuan bizi direnak”.

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako laguntzei dagokienez, azaldu du denek ezin izango dituztela eskuratu. “Hiri Errentamenduen Legearen barruan dauden kontratuentzako dirulaguntzak aurreikusi dituzte. Jakin badakigu askotan era horretako kontratuak ez direla existitzen. Askotan ahozko kontratuak izaten dira, edo elkarrekin bizitzen jarritakoak. Informaltasun hori ez dago aurreikusita”. Beste errealitate batzuei ere ez dietela erreparatu salatu du: “Erroldarik edo paperik gabe daudenentzat ez dago inolako baldintzarik. Ez daude inon. Erabat ikusezinak dira”.

Funts putreak

Premiazko egoera horiei erantzun ondoren, arazoaren muinari heldu behar zaiola uste du sindikatuak. “Etxebizitzak negozio izateari utz diezaion” nahi dute. “Etxebizitza arautzeko legeen aldaketek eman zuten modua funts putreak sartzeko eta alokairuak errentagarritasuna emateko”. Etxebizitza “ondasun higiezin” bihurtu dutela dio. “Bestelako arlo produktiboek eta sektoreek arazo larriak dituztenez, apustu guztia etxebizitzen alde egiten dute. Etxebizitza eskaria beti egongo denez, horrekin egiten dute negozioa”.

Bilboko Maizterren Sindikatuak salatu du etxebizitza dagoela Bizkaiko hiriburuko proiektu ekonomikoaren erdigunean ere. “Espazio publikoa pribatizatu egin da, eta eraikinak egin dituzte. Horietako asko etxebizitzak dira. Horri turistifikazioa gehitu behar zaio: Airbnb indarrez sartu da. Aurten %400eko igoera izan dute Bilbon era horretako alokairuek. Horrek esan nahi du etxebizitzak badaudela baina beste erabilera bat dutela”.

Bilboko Udalak esan du 4.000 etxebizitza pribatu daudela hutsik, baina 1.500 inguru bakarrik atera daitezkeela merkatura. Alokairu publikoko etxebizitzen kopurua handitzeko, lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du. Virizuelaren arabera, “auditoria bat” behar da, “jakiteko zenbat etxebizitza dauden hutsik; eta benetako estatistikak, ez baitago diagnosirik. Diagnosia eta jendeak etxea ez galtzeko bermea. Hortik abiatuko gara”.

Beharrezko deritzote prezioak erregulatzeari ere: “Higiezinen burbuilako prezioak beherantz erregulatu behar dira. Eta, batez ere, helburua ez da izan behar sektorea berpiztea, baizik eta jendeak etxebizitza eskubidea bermatuta izatea”.