Ibai Maruri Bilbao
Gorrok eta entzumen urritasuna dugunok gure identitatea garatzeko leku bat da gure elkartea, gu bezalakoak direnekin denbora pasatzeko leku bat, gure hizkuntzan —keinu hizkuntzan— komunikatu gaitezkeen espazio bat”. Gentzane Ortiz Basauriko Gorrak elkarteko presidenteak azaldu du zenbateko garrantzia duen euren elkartzeak herriko gorrentzat eta entzumen urritasuna dutenentzat. Herriko ume gor batzuen gurasoek sortu zuten, 1984ko apirilaren 13an. “Aita eta ama haiek ikusi zuten euren seme-alabek eta gainontzeko gorrek eroso sentitzeko espazio bat behar zutela, traba barik komunikatzeko aukerak behar zituztela, eta eurek egiteko moduko ekintzen falta zutela”.
Horrez gainera, euren eskubideen alde borrokatzeko “baliabide garrantzitsua” ere bada eurentzat elkartea. “Batasunak indarra ematen digu”. Eta, beste hainbat ekintzaren artean, aktualitateari buruzko berbaldiak eta tailerrak egiten dituzte, gorren komunitatean eragina izan dezaketen gaiak ezagutzeko eta eztabaidatzeko. Elkarteak antolatzen duen guztia gorrek sustatuta egoten da, eta gorrentzat pentsatuta. Basauriko Gorrak elkarteak 93 bazkide ditu: %36k 65 urtetik gora dituzte, eta gehienak gizonezkoak dira. 30 urtetik beherako gero eta kide gehiago dituztela ere nabarmendu du Ortizek.
Basauriko Gorrak elkarteko presidenteaen esanetan, IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologiei esker, gorren eta entzumen urritasuna dutenen bizi baldintzek hobera egin dute. Bizkaiko Hitza-ri, esaterako, Whatsappari esker kontatu dio elkartearen berri, hirugarren pertsona baten laguntzarik edo bitartekaritzarik gabe. “Apurka-apurka, gero eta gehiago dira azpidatziak dituzten programak; oso garrantzitsuak dira gor askorentzat. Dena den, gaur egun, oso gutxi dira keinu hizkuntzako interpretea duten programak. Eta argi dago pertsonaren arabera baliabide bat edo bestea beharko dela, guztientzat ez direlako baliagarri izaten baliabide guztiak”.
Hobekuntzak egon diren arren, uste du oraindik “bide luzea” dagoela egiteko. “Ezin dugu ahaztu egunero-egunero komunikaziorako trabak ditugula. Adibidez, garraio publikoan oharrak eta informazio berria beti megafonia bidez zabaltzen da. Beste horrenbeste gertatzen da kalean informazio kanpainak egiten direnean. Arazo bera izaten dugu erakunde publikoek gurekin harremanetan jarri nahi dutenean; esaterako, osasun arloko langileek telefonoz deitzen gaituztenean”, ipini ditu adibideak. Komunikaziorako trabak dituztenak kontuan hartzeko eskatu du.
Iruditzen zaio gorrek izan duten aurrerapauso handiena gizarteak egindako aitortza izan dela: “Gure kolektiboa, gure kultura eta gure identitatea aintzat hartu dituzte azken urteetan. 2007an, esaterako, Espainiako Keinu Hizkuntza onartu zen, eta oso garrantzitsua izan zen guretzat”. Hizkuntza komunitate nagusiek euren keinu hizkuntza dute, baina euskal komunitateak berea falta du oraindik.
Osasun larrialdiagatik, elkartea itxita dago, eta bertan behera utzi dituzte ekintza guztiak. Eta igarri dute kideek. Izan ere, Basauriko Gorrak sortu zenetik, askotariko jarduerak egiten dituzte: hitzaldiak, ikastaroak, egun bateko edo biko txangoak, jaiak… Urtero egun garrantzitsu bi izaten dituzte: lehena, datorren astean, ekainaren 14an —Espainiako Keinu Hizkuntzaren eguna—; bigarrena, iraileko azken astean, gorren nazioarteko egunaren harira —zapatuz ospatzen dute eurek—. Oraingoz, elkarteak itxita jarraituko du, irailera arte.
Konfinamendua “gogorra” izaten ari dela esan du Ortizek, bereziki informazioa jasotzeko bide gutxi izan dituztelako. Salatu du telebistek sarritan ez dituztela kontuan hartu. Maskarekin komunikazioa zaildu egiten dela ere esan du. Eskertu ditu maskara gardenak, ezpainak eta aurpegiko keinuak ikusteko. Baina esan du eurentzat keinu hizkuntza dela egokiena. “Ikastera animatu nahi dugu gizartea”.