“Ezin diegu arreta kendu minbiziari eta halako beste gai garrantzitsuei”

“Ezin diegu arreta kendu minbiziari eta halako beste gai garrantzitsuei”

Natalia Salazar Orbe

Minbiziaren aurkako AECC elkartearen arabera, minbizia duten pazienteen %34k antsietatea eta depresioa izan dituzte konfinamenduan. Esther Alvarez Fuentes (Bilbo, 1966) Bizkaiko AECCko psikologoak esan du datu horiek Bizkaira estrapolatu daitezkeela, ikerketaren “lagin handi bat” bertakoa baita.

Zerk eragin die antsietate hori pazienteei?

Minbiziarekin bizitzea, berez, antsietaterako arrazoia da. Konfinamenduan informazio bonbardaketa handia egon da; sarri asko, nahasgarria eta kontraesanezkoa. Zenbateraino zaurgarriak ziren ez jakitea izan da minbizi gaixoen zalantza nagusia. Bereziki tratamendua hartzen egon direnek kutsatzeko beldur handia izan dute. Immunodeprimituta daudenentzat, edozein gaitz hartzeko arriskua handiagoa da. Eta kutsatuz gero zer gertatuko beldur ziren: tratamendua gerarazi beharko zieten. Era berean, ez zekiten gaixotasunak konplikazio gehiago sortzen dituen populazio taldekoak ote ziren. Kutsatzeko arriskua hipotetikoki handiagoa izan da, gainera, gaixoek ospitalera edo osasun zentrora joan behar izan dutelako.

Txostenaren arabera, batzuk beldur ziren osasun zerbitzuek gaitasunik izango ote zuten arreta egokia eskaintzeko. Beldur horiek bazuten funtsik?

Txostenean jaso dituzten datuen arabera, tratamenduetan eta diagnosi probetan atzerapenak egon dira. Hala ere, nik uste dut beldur horiek ez direla bete. Paziente eta egoera bakoitza kontuan hartuta, egokitzapen moduko bat gertatu da. Tratamendu aktiboan egon direnek jarraitu egin dute tratamenduarekin, beren egoeragatik posible izan den guztietan. Zenbait tratamendu bertan behera geratu ziren edo atzeratu egin zituzten. Onkologoek pazienteei azaldu zietenez, minbiziaren egoerari begiratuta eta tratamendua hartzera joateak immunoezabatzeagatik eragin ziezaiekeen arriskuari erreparatuta, pentsatu zuten haientzat hobea zela itxarotea. Hori gertatu zen tratamendua luzatzeak arriskua murrizten zuela pentsatu zuten kasuetan. Tratamendua ezarrita zegoen kasuetan eutsi egin dietela esango nuke. Osasun azterketekin ere beste horrenbeste gertatu dela uste dut. Jarraipen gertukoagoa behar zuten minbiziak artatu dituztela esango nuke. Egokitzapena egon da, baina paziente onkologikoak ez dituzte utzi artatu gabe osasun sistema gainezka zegoelako. Bestalde, askok ez dute joan nahi izan osasun etxeetara edo ospitaleetara.

Hala ere, prebentzio probak bai, atzeratu dituzte.

Bai, hori beste arlo bat da. AECCk mezu argia zabaldu du: minbiziak hor jarraitzen du, COVID-19a gorabehera. Alterazioak dituzten pertsonak daude oraindik: proba bat eginez gero minbizia diagnostikatuko diete, eta egiten ez badiete gehiago konplikatuko zaie. Artatu beharreko gaixoak daude oraindik. Arreta koronabirus berri eta oldarkor honetan jarri da, baina ezin diegu arreta kendu minbiziari eta beste gai garrantzitsuei. Gaixoen beharrez gain, ikerketa eta detekzio goiztiarra ere ezin dira utzi alde batera. Horiei esker, minbiziaren eragina txikiagoa da. Egia da hori guztiori geldiarazi egin dela hilotan. Garrantzitsua da horri berrekitea ahalik eta azkarren.

Horregatik esan du elkarteak pazienteen artean sortutako larrialdi psikologikoari larrialdi soziala, zientifikoa eta osasun arlokoa gehituko zaizkiola?

Bai. Premiazkoa da COVID-19ari buruz ikertzea, baina duela hiru hilabete zuen premia bera du minbiziari buruzko ikerketak orain. Gertatu zaigun hau hausnarketarako mugarri izan daiteke, kontuan hartuta kostatu egiten zaigula ikerketan inbertsio handiak egiteko beharra baloratzea. Ikusi dugu ikerketa dela bizitza salba diezagukeena.

Gerta liteke minbizi diagnosi gutxiago egotea aurten COVID-19aren krisiaren ondorioz?

Gurean, hilabete eta erdian ia ez dugu laguntza eskaririk jaso. Ziurrenik diagnostikoak ere gelditu egin dira: jendea ez delako joan edota probak ez direlako egin. Orain, laguntza eskari handia dugu, eta osasun arloan ere, seguruenik, gauza bera gertatuko da. Uste dut gero arta eta proba eskari gehiago egongo direla, eta apirilean edo maiatzean ez dena diagnostikatu ekainean edo uztailean diagnostikatuko dutela, bikoitza. Hau asko luzatu izan balitz, beste kontu bat litzateke: minbiziaren diagnosian denbora asko pasatzen bada, pronostikoa aldatu egin daiteke.

Ondorio psikologikorik utziko du COVID-19ak?

Garrantzi handia eman zaio bakartzeari, ez kutsatzeko eta birusa gerarazteko. Horrek ondorioak izan ditu maila emozionalean; beste batzuk ez dira joan medikuarenera, beldur zirelako. Gure orekarako eta osasunerako oso garrantzitsuak diren hainbat gauza alde batera utzi ditugu, arreta konfinamenduan bakarrik jarri delako. Horrek guztiorrek ere ondorioak izango ditu osasun mentalean, eta, ziurrenik, baita osasun fisikoan ere. Datozen hil edo urteetan ikusiko ditugu ondorioak. Horrez gain, krisi ekonomikoak eragina du pertsonak zaintzeko edo artatzeko moduan ere. Bizi dugun guztiak eragina izango du gure osasunean eta osasun sisteman ere, horri aurre egin beharko baitio.