Soilik enpresen %13k uste dute ohiko jarduera azkar berreskuratuko dutela

Soilik enpresen %13k uste dute ohiko jarduera azkar berreskuratuko dutela

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko enpresak ezkor daude: oro har, iruditzen zaie kostata berreskuratuko dutela COVID-19 gaitzaren krisiak eragindako jarduera galera. Soilik %13k uste dute jarduera azkar berreskuratuko dutela; %43k epe ertainean dute itxaropena, %36k susmoa dute oso motela izango dela, eta %7k ez dute uste lehengora itzuli ahal izango denik. Bizkaiko Foru Aldundiak egindako inkesta baten emaitzak dira horiek. Herrialdeko jarduera ekonomikoari nola eragiten dion jakiteko, Beaz foru sozietatearen bitartez, lurraldeko enpresen egungo egoera neurtu du, ebaluazio galdetegi baten bidez. Industriako eta zerbitzuetako 250 enpresak hartu dute parte.

Koronabirusaren krisiak ez die neurri berean eragin enpresa guztiei. Batzuek jarduera geldiarazi behar izan dute, hornidura- katea eten zaielako. Hain zuzen ere, inkestari erantzun dioten enpresen %37,75ek adierazi dute arazo hori. Oro har, hiru faktorek izan dute eragina: batetik, pandemiaren ondoriorik latzenak jasan dituzten herrialdeetako hornitzaileek jarduera bertan behera utzi behar izan dute; bigarrenik, hornitzaile batzuek aldi baterako enplegu erregulazioak egin behar izan dituzte; eta, hirugarrenik, zenbait lehengai hornidurarik gabe geratu dira mundu mailan.

Zerekin ez ezik, norentzat lan egin ere ez dute izan. Enpresen %86k ohi baino eskaera gutxiago jaso dituzte; zehatzago, %82k adierazi dute martxoko eta apirileko eskaera zorroa aurreko hilabeteetakoaren erdia edo txikiagoa izan dela. Soilik %0,8k esan dute eskaera gehiago jaso dituztela. Zerbitzuen eta aholkularitza teknologikoaren arloko enpresak dira, eta gaur egun enpresa eta erakunde gehienek dituzten beharrizanekin bat datorren eskaintza bat egiten dute: eraldaketa digitala, zibersegurtasuna, norbera babesteko ekipamenduak…

Soilik enpresen %3,6k esan dute bizkor erreakzionatzeko gaitasuna izan dutela. Prozesuak egokitu dituzte, bezeroei telelanez erantzuten jarraitzeko. Hainbatek konponbide berriak garatu ditu, helburutzat duten merkatuaren egungo arazoei erantzun ahal izateko. Egokitzapen horri esker, enpresa horietako gehienek ez dute jarduera eten behar izan, eta enpresa bakar batek baino ez du finantzaketa bide berrietara jo behar izan.

Hain zuzen ere, %33,73k erabaki dute enpresaren egoitza fisikoa ixtea eta bezeroei telelanez erantzutea. Erabaki hori hartu duten gehienak teknologiaren, zerbitzuen edo ingeniaritzaren arlokoak dira. %44,57k instalazioak erdizka ixteko erabakia hartu dute. Hau da, telelanean jardun dute administrazioko, merkataritzako eta ingeniaritzako sailetan edo bulego teknikoetan dabiltzan beharginek. Ekoizpen lantegiak, berriz, zabalik mantendu dira, baina, zenbait kasutan, txandak egin dira, pilaketak saihesteko.

Eragina langileengan

Galdekatuen %27,71k aldi baterako enplegu erregulazio espediente bat tramitatu behar izan du. Horietatik %26 ezinbesteko kasu bezala onartu dira. Kasu gutxi batzuk kenduta, ABEEE partzialak dira —lan taldearen zati bat, edo lan talde guztia, baina lanaldiaren zati batean—. Gaitzak ere erasan die langileei: enpresen %26,50ek langileak gaixoaldian izan dituzte COVID-19a dela eta. Zenbait enpresak arazoak izan dituzte langileentzako norbera babesteko ekipamenduak eskuratzeko, hornidura falta egon delako.

Likidezia arazoak izan dituzte %47,79k, eta diruzaintza kudeatzeko beste neurri batzuk hartu behar izan dituzte: besteak beste, hornitzaileekin beste baldintza batzuk negoziatu dituzte, ordainketa fiskalen luzamendua eskatu dute, eta administrazio publikoek aktibaturiko finantzazio bide berriak eskatu dituzte. Gutxi gorabehera herenek eskatu dituzte diputazioaren,Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren laguntzak. Hamarretik seik aurreikusitako inbertsioak atzeratu dituzte.