Euskararekiko loturari eusten

Ibai Maruri Bilbao

Arazo bat ikusi zuten, eta ondorioak arintzen ahalegindu ziren. “Ume asko daude euskararekin duten kontaktua guztiz galdu dutenak konfinamenduaren ondorioz. Gu ez gara konponbidea, baina bai laguntza bat”, azaldu du Koldo Lopezek. Bilboko Elkartasun Sareetatik mintzapraktika programa bat ipini zuten abian martxoan. Lehenengo, Deustu aldean, eta handik, Bilboko beste auzo batzuetara ere zabaldu dute. Getxo eta Algorta aldean ere sortu dute umeekin euskaraz berba egiteko boluntario sarea. Hala, Bilboalde osorako sarea sortzea dute helburu. Baina, horretarako, boluntario gehiago behar dituzte. Euskal Herri osora zabaldu dute deialdia. https://labur.eus/VoQ5v helbidean bete behar da izena emateko formularioa.

San Ignaziokoa da Lopez. “Bagenekien Deustu aldeko auzo hauetan badaudela ume asko familia erdaldunetan, eta kezka geneukan”. Klaseak bertan behera geratu ziren, maiatz edo ekainera arte. Gero, udako oporrak. Udazkenean epidemia itzultzeko arriskua ere kontuan hartu zuten. “Hurrengo urtera euskara oso robotiko batekin iritsiko diren ume asko izango ditugu. Hau da, euskara guztiz ahaztuta ez, baina oso minduta”. Zaila iruditu zitzaien umeei Natur Zientziekin edo Gizarte Zientziekin laguntzea, umea ezagutu barik. Baina posible ikusi zuten mintzapraktika programa bat sortzea. “Horregatik hasi ginen Deustualdean boluntarioak lortzen eta aldi berean eskolekin hitz egiten, haien bidez interesa izan dezaketen familiak bilatzeko. Bikoteak sortu genituen: boluntario bat, ume batekin”.

Umeak eta boluntarioak erabakitzen dute zenbat aldiz hitz egingo duten astean, eta zertaz. Lopezek, esaterako, San Ignazioko 6 urteko neska bat du mintzapraktika bikotekide. “Hitz egiten dugun bitartean, batzuetan, Doraemon ikusten dugu ordenagailuan”. Bideo dei bidez egiten dute berba gehienek, baina baita telefonoz ere. “Bakoitzaren baliabideetara egokitzen gara”. Kontakturako telefonoa beti da gurasoena, umearen segurtasunerako.

Auzoz auzoko sareak

Programaren egitura auzoetan dago. Hau da, auzo bakoitzak bere boluntario sarea dauka, auzokoa den koordinatzaile batekin. Izan ere, Lopezek nabarmendu du bateko eta besteko errealitateak ezberdinak direla eta horietara egokitzen direla. “San Frantziskon, esaterako, boluntario askorentzako arazo nagusia da txoko lasai bat aurkitzea. Han talde txikiagoa dira, eta asko komunikatzen dira boluntarioen artean. Deustuko testuingurua beste bat da. Horregatik pentsatu genuen deszentralizazioa oso garrantzitsua dela”.

Auzo bakoitzeko sarea arduratzen da ikastetxeekin harremanetan jartzeaz, guraso elkarteen edo zuzendaritzen bitartez. Horrela izaten dute mintzapraktika beharra izan dezaketen umeen berri. Une honetan 500 gaztetxo inguru dabiltza, beste horrenbeste boluntariorekin. Eskola gehiagorekin ere hitz egin dute, eta ume kopurua handitzeko modua dute. Baina, horretarako, boluntarioak behar dituzte. Orain arte elkartasun sareetan topatu dituzte, baina dagoeneko ez dira aski. Horregatik egin dute deialdi irekia. Edonola ere, badakite ez dutela premia guztia aseko. “Guk laguntzen dugun ume bakoitzeko, hamar daude inorekin euskaraz hitz egiteko aukerarik gabe”.