Eta nik txoria nuen maite

Igor Elordui Etxebarria

Lehenengo txoritxoa desitxuratu zuten. Gero audientzien kaiolan bizitzera kondenatu zuten. Jada entzun ere ez da egiten txoritxo papargorriaren kantua.

Urkullu lehendakariak hauteskundeak uztailaren 12an egingo zirela iragarri zueneko prentsaurrekoa zuzenean igorri zuen ETBk bere bigarren kateko albistegian, Teleberri-n.

Beste modu batera esanda: Urkullu lehendakariak, bere kabineteak, bere komunikazio-taldeak eta bere aholkulariek, tartean EiTBko zuzendari ohi bat eta ETBtik pasatutako hainbat kazetari, Teleberri-rekin kointzidiarazi zuten prentsaurrekoa, albistegiak zuzenean eman zezan, arratsaldeko 15:00etan.

Zalantzagarria da lehendakariaren agerraldia telebistako albistegira egokitu izana. Zalantzarik ez duena, ostera, zera da: ETBren lehen katea, euskarazko katea, baztertu egin zuela EiTBk bere bigarren katearen, espainolezko katearen, mesedetan. Harrigarria? Munduko beste edozein herrialdetan izango litzateke, bai, harrigarria, telebista publikoak bigarren katea, eta ez lehenengoa, lehenestea.

Eta hemen ere harrigarria litzateke zintzo eta irmo beteko balitu EiTBk bere estilo liburuan jasotzen dituen irizpideak zein bere administrazio kontseiluak 2018ko azaroaren 27an onartu zuen Lerro Estrategikoak eta Proiektuak 2017-2020 txostena. Horrela dio azken honetan, EiTB Zerbitzu publikoaren 10 eginkizun ataleko 2. eginkizunak: “Euskara sustatzea gero eta elebidunagoa den gizarte batean; hala, euskararen normalizazioa, prestigioa eta bizitza publikoan duen presentzia bultzatuko dira”. Eta ildo estrategikoetan: “EiTBk ahalegina egin behar du euskarazko eskaintza sustatzeko; izan ere, kontuan hartu behar du gizarteak berak pauso handiak eman dituela euskararen jakintzaren eta erabileraren arloan”.

Baina gertatzen dena da pasa den astean ETB1ek bere historiako ikusle-daturik eskasenak izan zituela: % 0,8 (aurreko astean baino oraindik 0,4 gutxiago). Domeka eguerdiko Gaur Egun albistegiak 11.000 ikusle baino ez zituen izan, eta 3.000 gauekoak (Teleberri-k eguerdian 160.000 eta 155.000 gauean). Noski, halako datuekin nola egingo zuen, bada, lehendakariak Gaur Egun-en aldeko hautua?

Pilota, txirrindularitza… azken batean zuzeneko kirola kenduta, zer geratzen zaio ETB1i ikusleak ematen dizkiona? Meza eta mariatxiak? Sentitzen dut, batez ere oso maila handiko aktore eta profesionalak daudelako tartean, baina konfinamendu-sasoian programa berriak ezelango planifikazio barik estreinatzeak ez du egoera konpontzen.

Bada, ikusle-datuei men egitea bada kontua, ken dezatela ETB1 behingoz, utz dezatela hiltzen papargorria. Pasa ditzatela Ilaski, Amaia, Xabier… ETB2ra, espainolez ere ederto egin baitezakete. Eta horrela, agian, egunen batean, Lapitz, Iantzi eta enparauak ere euskaraz egiten jarrita, ETB2 kate euskalduna izango da programazioa batere aldatu barik.