“Egiteko aukerarik egongo bada, aurten ere Ibilaldia jai bat izango da”

“Egiteko aukerarik egongo bada, aurten ere Ibilaldia jai bat izango da”

Ibai Maruri Bilbao

Txintxirri ikastolakoak etzirako Ibilaldia antolatzen ibili dira iaztik. Baina, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, euskaltzaleak ezingo dira Elorrion elkartu. Ipar Euskal Herriko ikastolek Herri Urratsekin egin bezala, Bizkaikoek ere sarean ospatuko dute: www.ibilaldia.eus webgunean, 11:00etan. Ordu biko saio berezi bat egingo dute. Bertsoak, musika, magia, dantza eta bestelako ikuskizunak izango dira. Ikastolako guraso, ikasle, langile eta irakasleek hartuko dute parte. Beste ikastoletako ikasleak ere animatu dira, eta arte eta ikuskizunen munduko lagun asko ere agertuko dira. Jai fisikoa, benetakoa, urriaren 18an egingo dute, apalago bada ere. Azken asteetan “noraezean” sentitzen direla esan du David Cobosek (Elorrio, 1975), ikastolako zuzendariak.

Zer aldarte du ikastolak Ibilaldia ia prest zuela erabaki hau hartu behar izan ondoren?

Oraingo beheraldia gainditzen ari gara —eta oso ondo, esango nuke nik—, urrira begira ipinita. Gurean ohituta gaude horretara; gauzak ez dira sekula errazak izan. Ikastola txikia gara, azken hamarkadetan zailtasun handiak gainditu dituena. Aurreko Ibilaldi biak ere —1999koa eta 2006koa— osasun eta ekonomia egoera onetan egin ziren, eta oso arrakastatsuak izan ziren, baina lan handia izan ziren gure ikastolarako, oso txikia zelako orduan. Laurogei bat familia izango ziren sasoi hartan Elorrioko ikastolan. Gogorra izan zen. Urrira begira gaude, gauzak moldatzen, jakinik ez dagoela gure esku eta balitekeela orduan ere egin ezinik geratzea. Horrek ere ez gaitu hondoratuko.

Kezka hori baduzue, beraz?

Denok dakigu zein den egoera, eta aurreikuspenen barruan hori ere badago. Koldo Tellituk ere [Ikastolen Elkarteko lehendakariak] hala esan zuen joan den asteko prentsaurrekoan. Irailean zehar ikusiko dugu zein den egoeraren bilakaera, eta bertan behera geratu behar badu urrikoak, ba, geratuko da, penaz bada ere. Orduan ikusiko da datorren urteko maiatzerako utz daitekeen edo zer egingo den. Ahalegina, behintzat, egin beharko litzateke, osasun eta segurtasun neurriak beteta eta berme guztiekin.

Ikastolen jaiek jende asko erakartzen dute. Oraingoz horrelakorik ez da aurreikusten berehalakoan behintzat. Nolako jaia antolatzen ari zarete urrirako?

Ez daukagu guztiz definituta. Ez dago gure esku erabat. Ez dakigu jende pilaketak baimenduta egongo diren ordurako. Baina badakigu, baimenduta baleude ere, distantziak, higienea eta bestelako neurri asko hartu beharko direla. Egiteko aukerarik egongo bada, aurten ere Ibilaldia jai bat izango da. Baimenduta balego ere, jende askoko jaia —40.000-50.000 lagunekoa— oso gaitza izango da. Beraz, badakigu edozein kasutan ere jai txikiagoa izango dela, bestelako jai bat.

Egun berean Araba Euskaraz ere ospatuko da. Euskaltzaleak erdibana jasoko dituzue.

Hori ere aurreikuspen horren baitan sartzen da. Jai handirik ezin bada egin, eta jai txikiak aurreikusita, jendeari aukera bi emanez gero, kudeaketa hori errazagoa da, ez baitaukazu horrelako masifikaziorik. Arazo iruditu dezakeena konponbide ere izan daiteke, masifikaziorik ez edukitzeko.

Gipuzkoan, Kilometroetan eredua aldatzen dabiltza aspaldion. Bizkaian ere ereduz aldatzea ekarriko dute pandemia honek eragindako aldaketek?

Gu, printzipioz, ez gaude eredu berri bati begira. Gure asmoa, pandemia etorri izan ez balitz, Ibilaldi normal bat egitea izango zatekeen. Normala komatxo artean jarriko nuke, duela hogei urteko eta gaur egungo Ibilaldia ez dira igualak eta. Gizartea aldatu den neurrian, ohiturak aldatu diren neurrian, Ibilaldiak ere aldatuz joan dira. Ez dago duela urte mordo bateko kopururik. Eta tipologia ere aldatu da: gaur egun gazteak etortzen dira, trenez edo autobusez, janaria eta edaria etxetik ekartzen dutela. Parte hartzeko eredua ere aldatuz joan da. Ez dakit Kilometroetako eredu berria beste herrialdeetara etorriko den. Gainera, ikastola bakoitzak aukera dauka bere planteamendua egiteko; egokien uste duen moduan antolatu dezake: edo aurretik ekitaldi gehiago antolatu eta egunean bertan zerbait arinagoa antolatu, edo egunean bertan indar guztiak egin. Bakoitzak erabakitzen du, baina normalean funtzionatu duena kopiatzen da. Eredu honek funtzionatu izan du, eta gure asmoa hori zen.

Ibilaldia jai bat da, baina baita proiektu batzuk finantzatzeko iturri garrantzitsu bat ere. Aurten iturri hori apalduko da.

Badakigu ez dugula aurreikusitakoa lortuko. Hein handi batean dirua aurretik iristen da: enpresak, laguntzaileak, erakundeak, babesleak… Materialak ere saltzen dira; iazko ekainetik ari gara jaietan, ferietan eta ikastoletan saltzen. Martxotik saldu ezinik egoteak eragingo du. Online denda martxan jarriko dugu datozen egunetan, aurrez aurreko salmentak orekatzen saiatzeko.