Zazpikaleetan saltoki txikietan oinarritutako ekonomia nahi dute

Zazpikaleetan saltoki txikietan oinarritutako ekonomia nahi dute

Natalia Salazar Orbe

Industrializazioaren krisiak ekonomia birpentsatu beharra ekarri zuen hainbat herri eta hiritan. Ekonomia berritu hori turismoari lotu zaio leku askotan. Hala gertatu da Bilboko Zazpikaleetan ere, SOS Alde Zaharra elkarteak salatu duenez. “Turismoa Bilbon sortzen den Barne Produktu Gordinaren %13 da. Azken urteetan izugarrizko hazkundea izan du, eta politika ekonomiko batzuk egin dira turismoaren hazkunde hori bultzatzeko. Izan makroekitaldien bidez, izan hiriaren birformulazio urbanistikoa bultzatuz zein bestelako neurrien zerrenda luze baten bitartez”.

Iñigo Santxok eman ditu datuak. SOS Alde Zaharra elkarteko kidea da, eta turismoaren inpaktuak auzora “espekulazio prozesu bat” eraman duela adierazi du: “Etxebizitzen eta lonjen salneurria asko igo da. Horrek ordezkatze prozesu bat dakar; alegia, lehengo hainbat komertzio desagertzea. Eta horien desagertzearekin batera, frankizia eta multinazionalei ongietorria eman diete instituzioetatik, haiek izan direlako bakarrak gaur egungo alokairuen prezioak ordaintzeko kapitala izan dutenak”. Hori ikusita, saltoki txikietan oinarritutako ekonomia sistema bat eskatu dute. Manifestu bat sinatu dute 90 merkatari txikik, eta zabalik dago atxikimendu gehiago hartzeko.

Udalak emandako datuen arabera, azken hamar urteetan 170 saltoki txiki desagertu dira. Santxok salatu du horien lokalak “turismo, oroigarri eta frankizien denda” bilakatu direla. COVID-19ak eragindako osasun krisiak batez ere negozio txikiei eragingo dien beste krisi ekonomiko bat ekarri duela gogorarazi du. Eta denda, tailer eta taberna txikietan oinarritutako ekonomia ereduaren onurak azpimarratu ditu: “Aberastasuna banatu egiten da. Hainbat ikerketaren arabera, eskala txikiko merkataritzaren %50 udalerrira itzultzen da berriro. Nola? Tokiko produktuen erosketen bidez, langileen soldaten bidez edota inguruko beste saltoki batzuetan gastatutako diruaren bidez”. Uste dute ekonomia eredu hori garrantzi handikoa dela euren auzoaren garapenerako eta ongizaterako, “auzoa gizatiarrago eta jasangarriago egiten duen heinean”.

Manifestuari atxikimendua eman dioten merkatariek salatu dute orain arte erakunde publikoek iragarritako neurriek “ziurgabetasuna eta asegabetasuna” sortu dutela. Diotenez, “laguntza zuzenak berandu hel daitezke, edo agian heldu ere ez dira egingo. Ez digute ziurtatu laguntzak guztiontzat izango direnik. Laguntzen eskasiak merkatarien artean lehiatzera garamatza, Lanbideren laguntzekin gertatu den bezala. Estatuko gobernuak likidezia injektatu die bankuei, maileguak %0n eskaintzeko. Laguntzak zuzenean behar dituztenei eman beharrean, bankuei eman dizkiete”.

Merkatarien egoera ekonomikoa “heterogeneoa” dela argitu du Santxok. Gehienek autonomoen 600 euro inguruko diru laguntza jaso dute. “Hala ere, ez da nahikoa eguneroko gastuak ordaintzeko. Egunotan ikusi dugu auzoko hiruzpalau saltokik dagoeneko ateak itxi dituztela ez dutelako izan gaitasunik azken bi hilabete eta erdiko gastuak ordaintzeko”.

Elkartea lantzen ari den dinamika ekonomia zirkularrean oinarritu nahi dute. Horretarako beste pauso bat ere emango dute: auzoko beharginen gida bat osatu eta auzotarren artean banatuko dute, bizilagunek izan ditzaketen obra edo kontsumo beharrak auzoko langileek ase ditzaten. “Horrek modua ematen digu emeki-emeki auzo komunitate sozial indartsu bat gorpuzteko, balore berri batzuen bueltan kokatuta”.