Mendizaleak babesteko prest

Mendizaleak babesteko prest

Ibai Maruri Bilbao

“Europako mendietako eta Pirinioetako beste aterpetxe batzuekin hitz egin dugu, eta denok gaude egoera berean: aurtengo uda oso laburra izango da mendiko aterpetxeetan”. Joseba Elorrieta Gorbeiako aterpetxeko ugazaba da; Yolanda Martinek eta biek kudeatzen dute. Kezkatuta dagoela esan du. Eurentzat urteko hilabeterik garrantzitsuenak udaberrikoak eta udakoak izaten dira. Garai honetan irabazten dutenarekin mantentzen dute aterpetxea zabalik urte osoan, neguan ez baita errentagarri mendizaleei mokadua zerbitzatzea. “Denboraldia aspaldi hasi arren, guk itxita izan dugu orain arte. Ez dakit neguan zelan moldatuko garen”.

Joan den astelehenetik dute bizkaitarrek Gorbeiara edo herrialde historikoko edozein menditara igotzeko baimena. Arabarrak ere igo daitezke, baina ezin dute Bizkaiko aldera pasatu; beraz, ezin dira Arrabako landako aterpetxetik igaro. Asteburu honetan igarriko da nabarmenago mendizale bizkaitarren joan-etorria itzuli dela. “Lagunekin hitz egin dugu, eta sare sozialetan ere ikusi dugu: jendea desiratzen dago botak jantzi eta Gorbeiara etortzeko”. Udako oporretan kanpora joateko aukerarik egongo den ere ezin da jakin oraindik. Beraz, bizkaitarrek aisialdia inguruko tokietan pasatuko duten itxaropena du Elorrietak; besteak beste, Gorbeiara egun-pasa joanda edo eurenean ostatu hartuta.

Konfinamenduak diru sarrerarik gabe utzi zituen. “Egun batetik bestera itxi egin behar izan genuen. Ostalaritzako beste negozio guztiek bezala, ez dugu bezero bakar bat ere izan aste hauetan guztietan”. Galera horri aurre egiteko, Gorbeiabonoak izeneko bonu batzuk sortu dituzte. Haien webgunean dagoen kontu korrontean dirua sartuta edo Bizum bidez ordaindu daitezke. 20, 40 edo 80 eurokoak ipini dituzte, eta eurek balioa handitzen diote: hau da, 20 eurokoa erosten duenak 25 euro gastatu ditzake aterpetxean; 40 eurokoarekin, 50 euro; eta 80 eurokoarekin, 100. “Jaso dugun erantzuna itzela izan da. Oso pozik gaude. Eta ez bakarrik asko erosi direlako. Baita erosi dituztenek eman dizkiguten animoengatik ere. Ikusi dugu jendeak asko estimatzen duela egiten dugun lana”. Aurten eta datorren urtean gastatu daitezke, tabernan, ostatuan edo eurek antolatzen dituzten jardueretan. Mendizale talde batzuek, adibidez, euren kideen artean zozkatzeko erosi dituzte bonuak.

Segurtasun protokolo bat prestatu dute Elorrietak eta Martinek. “Hasieran, leihotik zerbitzatuko dugu. Handik egin beharko da eskaera, eta kanpoan kontsumitu. Gero, apurka-apurka, joango gara beste zerbitzuak martxan jartzen, posible den neurrian”. Aterpetxea prest dute bezeroak etorriko direnerako. Izan ere, itxialdi egun hauek mantentze lanak egiteko aprobetxatu dituzte, eraikinean egin beharreko konpontze eta txukuntze lan guztiak egiteko. Besteak beste, biltegia lekuz aldatu dute negozioa ezinbestean itxita eduki behar izan duten aste luze hauetan.

Elorrietak eta Martinek erabateko bakartzea izan dute, gainera. Alarma egoera ezarri zenetik, Arrabako landako aterpetxean egon dira. Hasieran, biak bakarrik, eta, gero, Bartzelonan ikasten izan duten semearekin. Gorbeiako isiltasunaz gozatzeko aukera izan dute. “Lasai egon gara. Interneterako konexioa dugu hemen, eta ondo moldatu gara”. Bizkaia lehen fasean dagoenetik hasi ziren lehen mendizaleak aterpetxearen aurretik pasatzen. Izan ere, Arrabako landa Zeanurin dago, eta herriko mugen barruan kirola egiteko aukera dute bertakoek. “Hemendik pasatzean agurtzen gaituzte, edo pare bat kontu esaten dizkiogu elkarri, baina gutxi gehiago. Kirola egitera datozenak dira, eta azkar igo eta azkar jaitsi nahi dute herrira bueltan”.