“Herria altxatzea nahi dugu igandeko manifestazioarekin”

“Herria altxatzea nahi dugu igandeko manifestazioarekin”

Natalia Salazar Orbe

Atxondoko Maisuen Etxea eta Abadiñoko 500 urteko baserri bat eraitsi berri dituzte AHTaren lanak egiteko. Obrak gelditzeko manifestaziora deitu du Atxondon AHTrik Ez plataformak, etzirako. 12:30ean elkartuko dira, Apatamonasterioko plazan. Plataformako kide Igor Olaetxeak (Atxondo, 1975) esan du urteetan tren lasterraren aurkako ikur izan zen herrian berriro piztu dela AHTaren aurkako mugimendua.

Azken hilabeteetan makinak lanean ari dira. Zein da egoera?

AHTaren zatirako sarbidea egiten ari dira. Atxondon, Apatamonasterioko gunean kilometro bateko luzera eta altuera punturik gorena 80 metrokoa duen zubibide handi bat egingo dute, eta harako sarbideak egiten ari dira. Herri guztia pistaz inguratzen ari dira, hasi Elorrioko mugan eta Abadiñoko mugara arte. Landa eremu osoa jan dute bost metroko zabalerako pistak egiteko.

Zuenera, beraz, zubibidea ekarriko du AHTak.

Atxondon AHTaren aurka egin den borrokaren muina hori izan da. Hemen herri osoa zatitzen duen zubibide bat jarri dute. Apatamonasterio dago batetik; goian, Axpe eta Arrazola auzoak daude; eta Anboto, bestetik. Zubibidea jarri nahi dute Apatamonasterio erdian. Hori erreferente bat izan da borroka honetan. Horregatik lortu dira lortu diren atxikimendu guztiak. Sentsibilizazio handia dago herrian; egon da, eta orain ere badago.

Horrez gain, herriaren behealdean Gerediaga-Durango-Beasain autobidea jarri digute. Ondorioz, herria ezin da hazi beherantz, eta, AHTa egiten badigute, ezin izango da hazi gorantz ere. Zatituta dago. Gainera, beste bi zubibide, zabortegi bat eta antzeko azpiegiturak ere baditu tren honek. Baina ikusgarriena da igerilekutik 25 metrora egingo duten 70 metroko zubibideak zer-nola zatituko duen Apatamonasterio.

Sentsibilitate anitzetako herritarrak jarri dira AHTaren kontra?

Bai, baina Atxondo herri txikia da, eta kosta egiten da jarrera hori agertzea. Gaur egun 2007an egin genuen herri galdeketa egingo bagenu, era formal batean, orduan izan genituen atxikimenduekin, lortuko genuke berriro ezezko garrantzitsua proiektuaren kontra. Zubibidearen kaltea denok pairatuko dugu. Denok gaude zubibidetik 100 metroko inguruan. Maisuen Etxea bota dutenean ikusi da. Frankismo garaian maisu eta maistren etxea izan zen. Geroago Apatamonasterioko osasun etxea egon zen han, gero kultur etxea ere izan da… Hortik pasatu gara denok. Horrek ere eragin du sentsibilizazioa. Etxea bota dutenean, berriro berpiztu da AHTaren aurkako eztabaida herrian.

Maisuen Etxea ikur bat izan da. Zer-nola dago aldartea herrian?

Obrak konfinamenduan hasi dira, eta horrek etsipen sentsazioa ere eragin du. Ezin ginen atera, ezin genuen ezer egin. Administrazioa ere geratuta egon da, edo oso geldo ibili da. Kamioien pasabidea salatzeko tramiteak eta beste, oso astiro joan dira. Etsipen sentimendua dago herrian. Baina azken hogei egunetan jendea hasi da ateratzen —segurtasun neurriekin, noski—, eta egin dira oso egitasmo politak.

Joan den astean Abadiñon Mendilibar Erdikoa baserria eraitsi zuten, AHTaren lanen barruan. Harremanetan zaudete inguruko herri kaltetuekin?

Bai. Herrian beti egon da AHTaren aurkako mugimendua. Batzuetan oso indartsu, beste batzuetan gutxiago, baina 2019ko irailaz geroztik hasi da mugitzen berriro. Uste genuen Abadiñon eta Elorrion, bietan, zerbait piztu behar zela. Izan ere, bi obra horiek geldiarazita egon dira Atxondoko borrokagatik. Abadiñon, Mendiolatik Atxondora eta Elorrion, Iguria eta Aidasutik Atxondorako tarteak geratuta egon dira. Harremanetan jarri gara haiekin. Abadiñon asteon hasi da martxan herri plataforma. Han baserri bat eraitsi berri dute; 500 urteko aztarnak zituen baserriak, eta beste bat ere arriskuan dago Mendiolan. Elorrioko talde ekologistarekin eta gazteekin ere harremanetan gaude. Han ere Aidasutik Atxondorako obrak hasi behar dituzte. Eta uste dugu sortuko dela zerbait. Hiru herrien artean indarra elkarrekin egitea da asmoa.

Legearen zirrikitu guztiak aztertu nahi zenituztela esan zenuten duela zenbait hilabete. Agortu duzue bide hori?

Bide hori pil-pilean dago. Azken bi hilabeteetan administrazioa geldi egon denez, ezin izan da aurreratu. Hala ere, Arartekora eta epaitegira jotzeko asmoa dugu. Kontuan hartu behar da Atxondon lanean ari direla 2008ko proiektu batekin. Proiektu horri helegitea jarri zion aurreko agintaldian udalean egon zen alderdiak [EH Bilduk], irregulartasun asko zituelako eta lanek ingurumenean izango duten inpaktuaren azterketa egin gabe dagoelako. Ez da egon epaitegiaren erantzunik. Hala ere, proiektu horrekin ari dira lanean.

Bestalde, gure adituek esaten dute proiektua trazaduratik kanpo egiten ari direla leku batzuetan, Abadiñotik Atxondora doan zati batean, kasurako. Gainera, ikusi da sarbide pistak ahal duten lekutik egiten ari direla planoan ezarrita dauden lekuetatik egin ordez. Hau guztia aurrera eramateko, adituak eta abokatuak elkartzen ari gara. Atxondoko Udalarekiko harremana ez da ona. Alfonbra gorria jarri diete pisten proiektu guztiei. Beraz, arlo judiziala bakarrik landu dezakegu. Udalean egin ditugun eskari guztiek ez dute izan erantzunik; beraz, Arartekora jo beharko dugu lehenengo, eta gero epaitegira.

Udalak ez du ematen informaziorik?

Ez. Oraingoz ez da egon erantzunik, ez dago informaziorik. Adifek bulego bat jarri du Abadiñon, baina ez dizute erantzuten, ez dakite ezer, udal teknikariak ez du erantzuten ezer… Apatamonasterio erditik egunean laurogei kamioi pasatzen dira, eta, proiektuaren arabera, Abadiñoko mugatik eta Elorrioko mugatik sartu behar dira kamioi guztiak; Apatamonasterioko erdigunetik ezin dira sartu. Horrez gain, duela sei urte legez kanpoko zabortegi bat gerarazi zuen udalak. Era honetako obretan lur mugimendu handiak egin behar izaten dira, eta lurrok dagokien lekuetara eraman beharrean, zabortegiak egiten dira herri inguruetan. Solatxon zabortegi bat egin zuten, udalak gerarazi egin zuen, eta orain uste dugu hori aurrera doala. Informazioa jasoko dugu, eta zerbait egingo da zabortegiaren kontra.

Manifestazioa egingo duzue etzi. Zer aldarrikatuko duzue?

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako eragile mordo batek Orain ardura manifestua sinatu dugu. Eskatzen dugu AHTaren lanak geldiaraz ditzatela eta aurrekontu eta inbertsio guztiak bidera daitezela garraio publikora eta politika sozialetara. Asmoa da COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiten laguntzea, oso egoera latzak utziko baititu. Atxondo, Elorrio eta Abadiño lotuko dituen zatian 165 milioi euroko inbertsioa dago. Dirutza. Igandeko manifestazioarekin nahi dugu konfinamendutik herria altxatzea, segurtasun neurriak bermatuta, noski. Eta herrian berriro indarra har dezatela AHTaren aurkako aldarrikapenek.