Ez gara naturalak

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Argazki eder askoak jarri ditu jendeak egunotan sare sozialetan. Miresten dut munduaren aurpegirik ederrena betikotzeko abilezia duen jendea, ingurura begiratu eta ikusi egiten duen jendea da hori. Dagoenari ezer gehitu beharrik gabe, dagoenaren edertasuna jasotzen dute. Ez dakit argi artifizialaren gaindosia edo wifiaren uhinek eragindako ahuldadea izan den, baina naturaren argazkiz bete dira sare sozialetako argitalpenak. Ikusi ditugu ortzi-mugarik bareenak zeru gorrien azpian, zerua argiz zulatzen zuten ilargi beteak, egun eguzkitsuetako zelai berde distiratsuak, lurraren jabe diren zuhaitz zaharren sustraiak edota zeruko ertzak neoizko argiz bete zituzten oinaztuak.

Egunotan askotan esan didate nik ere sarri askotan erabilitako esaldia: “Zelako zortea daukazuen naturatik gertu bizi zaretenak”. Horrelakoak entzuten ditudanetan barrutik harrotu egiten naiz segundo batzuez, eta nire baitan pentsatzen dut merezi duela egunean bi orduz Bizkaibusean Bilbora joan-etorrian ibiltzeak. Egia da nekagarria ere badela maiztasun txikia, baina egunero Txorierriko korridorean autoz aurrera eta atzera ibiltzeko lain ez naiz nekatu momentuz.

Barruko harrotasuna lausotu eta beste lauzpabost segundora esaldia bueltatzen da bumeran estiloan: “Zelako zortea daukazuen naturatik gertu bizi zaretenak”. Naturatik gertu, natura ez bagina legez. Natura eta gu bi gauza bereizi bagina legez. Esaldiaren larritasunak bizi dugun errealitatea ondo baino hobeto islatzen du. Hor dago natura aisialdirako, asteburuetarako eta Instagramerako. Bien bitartean naturatik aparte bizi garela uste dugu, hiriko semaforoen zain egoteko denbora barik eta supermerkatuetako aparkalekuetan atetik gertuenen dagoen tokiaren bila.

Natura garela esatea ebidentea da, baina ahaztu egiten dugu. Zahartzeari beldurra diogu, baina ez mundua hondatzeari, horrela bizi gara. Hasi dira gure inguruko lurretan ere Abiadura Handiko Trenari lekua egiten. Baimenik eskatu gabe datorrenak dakarren indarrez dator. Hiritik hirira azkar heltzeko bidea egin behar ei diote trenari, eta gogor ari dira. Zer da ba mendi bat alderik alde zulatzea? Zer da ba gure herriko historiaren testigu diren baserriak eraistea? Zer da ba herriaren historia, etorkizuna zementuan oinarritzen duenarentzat? Zer da ba natura gizakion indarraren aurrean?

Naturak ez gaitu behar, erakutsi digu hori. Joan gaitezke guztiok pikutara, berak hemen jarraituko baitu edertasunez beteta. Eta ez dut hipokrita izan nahi, ez dut esango lekuetara iristeko biderik egin behar ez denik, baina, hasteko, has gaitezen dauzkagunak hobetzen. Has gaitezen garraio publikoa hobetzen eta maiztasun handiagoa jartzen. Baina, orain ere, pandemiaren garaiotan, autoz joan behar dugu leku guztietara, eta, ahal dela, pertsona bat autoko. Denok auto bana bagenu bezala, denok auto bana izateko aukera bagenu bezala, denok auto bana izatea jasangarria balitz bezala, natura eta gu gauza bera ez bagina bezala.