Bete zen ametsa oroitu dute

Bete zen ametsa oroitu dute

June Prieto

Urtero ospatzen du bere jaioteguna Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak. Aurten, baina, COVID-19 gaitzaren ondorioz, soilik bideo bat prestatu ahal izan dute: Basauriko herritarren ahotsak eta irudiak batu dituzte bertan. Bideoan gogoratu dute gunearen erditzea, eta baita bertan egiten dituzten hainbat ekintza eta aldarrikapen ere. 2012ko maiatzean ireki zituen ateak Marieneak, eta ordutik hona emakumeen beharrei erantzuteko tresna ezinbestekoa bihurtu da. Herriko andreen topagunea da.

Marienea elkartea bereziki sortu zen eraikinaren kudeaketa egin ahal izateko, eta elkarteko kide da Biki Pozo. “Marienea Basauriko mugimendu feministaren aldarrikapen historiko bat izan da. Herrian emakume langileen eskubideak defendatzen lan handia egin dute, Firestone enpresan emakumeen soldataren borroka, besteak beste. 2001. urtean lortu genuen herritarrok, udalean Berdintasun eta Euskara Arloa jartzea, ordura arte ez zegoena. Hortik sortu zen geroago Marienea”, azaldu du militante feministak. Gaur egun bertan eskaintzen dira udaleko Berdintasun Arloaren zerbitzu guztiak. Pozoren esanetan, oso positiboa izaten ari da dena eraikin berean kokatzea. “Azken finean, etxea modu borobilean eraikita dago, eta, emakume batek nahi badu soilik informazioa jaso, topo egingo du zoru pelbikoa lantzeko tailerrean sartzeko itxoiten dauden emakumeekin”.

Eraikinaren kanpoko aldea morez eta arrosaz margotuta dago, eta barrualdea gela, areto eta bulegoetan banatuta dago. “Marienean ezer ez da kasualitatea, dena da estrategikoa. Adibidez, aretoek emakumeen izenak edukitzea ez da kasualitatea; Dolores Ibarruri edo Elvira Zipitria izenak, adibidez. Dena dago ondo planifikatuta, kanpora ere joan gara funtzionamendua eta banaketa azaltzera. Esan daiteke etxea bera feminista dela”.

Zilegitasuna herrian

Hasieran, erronka handia izan zuten Basauriko emakumeek, baina, gutxika-gutxika, herrian leku bat egitea lortu dutela azaldu du Pozok. “Urteekin, lortu dugu kalean presentzia edukitzea; hau da, errefuxiatuen aldeko borrokan parte hartu dugu, Euskaraldian… Eguneko borroketara egokitu gara, eta hori izan da gakoetako bat herrian dugun zilegitasuna lortzeko”. Dauzkaten gabeziei ere aurre egiten saiatzen dira. “Hasieran, neska gazteen falta sumatzen genuen. Hori ikusita, Batera Bikain programa sortu genuen, institutuetan formakuntza saioak emateko”.

Isabel Cadaval udaleko Berdintasun Arloko zinegotzia da; ardura horretan berria bada ere, jakitun da Marienearen garrantziaz. Pandemiaren eraginez, jarduera batzuk eten egin behar izan dituzte, baina sarean eman ahal izateko lanean daude. “Zeozertan gailendu bagara, moldatzeko gaitasunean izan da, eta baita erresilientzian ere”, azaldu du zinegotziak. “Hurrengo urteetarako helburu nagusia, Berdintasun plan bat sortzea izango da. Horretarako, beste emakume bat kontratatuko dugu”.

Izan ere, Marieneak hamar emakume ditu beharrean, kontuan hartu gabe tailerrak ematen dituztenak. Cadaval: “Udaleko zerbitzuaz gain, bertan egiten diren tailer eta ekintza asko talde autonomoak bihurtzen dira: besteak beste, Las Caprichosas antzerki taldea, emakumeen musika banda eta Kiskali neska gazteen taldea”.

Biki Pozoren esanetan, 800 emakume inguru batzen ditu Marieneak. “Arazo benetan larriak dituzte etxe honetara etortzen diren emakume batzuk”. Horregatik, eskaintzen dituzten zerbitzuen artean, psikologoak eta abokatuak daude, “eta ez zerbitzuak eta tailerrak bakarrik”: “Lortu dugu hainbat emakumek haien bizitza proiektua berton eraikitzea. Benetan proiektuaren parte sentitzea eta behar zuten babes hori topatu izatea”.

Marienea elkarteko kidearen ustez, oraindik gauza asko dituzte egiteko, baina Marienea proiektu sendoa dela deritzo. “Udalak sortu zuen berdintasun kontseilu bat. Bertan Basauriko emakume taldeak eta talde feministak batzen dira; oso plurala da. Baina aurten konturatu gara oso instituzionala dela, eta, adibidez, Martxoaren 8a antolatzeko beste marko batzuk topatu behar genituela”. Gauzak horrela, aurten sortuko dute Basauriko Asanblada Feminista, herriko emakume guztien ahotsa batzeko.