Villaverde Turtzioz eta Bizkaia, batera

Villaverde Turtzioz eta Bizkaia, batera

Ibai Maruri Bilbao

Enkarterriren bihotzean, geografikoki Bizkaian dagoen arren, administratiboki Kantabriari dagokio Villaverde Turtzioz. Joan den astelehenetik, konfinamendutik ateratzeko lehen fasean dago Kantabria. Baina Villaverde Turtziozen ez dituzte Kantabriako herriek dituzten baldintza berak, Bizkaiko herrienak baizik. Izan ere, diputatu jeltzaleek alarma egoera babesteko Espainiako Gobernuak eta EAJk egindako akordioaren ondorioz, inguratzen dituen lurraldeko fasea eta baldintzak izango dituzte enklabeetan.

“Pozik” hartu du erabakia Javier Perez Agirre alkateak. “Ez EAJk ez Espainiako Gobernuak ez dute gurekin hitz egin, baina gustura gaude. Duela bizpahiru aste egin genion eskaera hori bera guk Kantabriako Gobernuari. Bestela egiteak ez luke zentzurik izango”. PRC Kantabriako Alderdi Erregionalistako kidea da, udalean ordezkaritza duen alderdi bakarrekoa. Gaztela eta Leongo Juntak gogo txarrez hartu du Trebiñuk Arabaren erritmoari jarraitzea. Baina Perezen alderdiko buru eta Kantabriako Gobernuko presidente Miguel Angel Revillak “ondo” deritzo erabakiari: “Zentzuzkoa da. Villaverde Turtziozko herritarrek euren ondoan bizi direnen baldintza berak izan behar dituzte kasu honetan”. Edonola ere, biek argi utzi dute “une berezi bateko kontua” dela. Revilla: “Honek ez du inondik ere zalantzan jartzen herriaren kantabriartasuna”.

Herri txikia da. Erroldatutakoak 283 dira (2019), baina inguruko bizilagun askok dute bigarren etxebizitza han. Eta haientzat ohikoa izaten da asteburua, zubiak edo oporrak Villverde Turtziozen pasatzea. Hala zeuden asko martxoaren 14 eta 15eko asteburuan, Espainiako Gobernuak alerta egoera eta konfinamendua ezarri zituenean. Eta han jarraitu dute. “Etxeko bakartze orduak herrian egin dituzte; Bizkaira joaten ziren beharrera”. Herria lepo dagoela esan du, baina konfinamendua “ondo” bete dela. Balmasedako eta Zallako osasun eskualdeak dituzte inguruan: %1,3ko eta %0,8ko kutsatze tasak dituzte, hurrez hurren. Herrian bestelakoa da egoera. “Erroldatuen artean ez dago koronabirus kasu ofizialik. Bigarren etxebizitzan daudenen artean, egon daiteke, horiek dagokien herriko estatistiketan agertuko dira eta; euren osasun zentrora joan behar dute gaixotzen direnean. Dena den, herri txikia da gurea, eta jakingo genuke inor gaixo balego. Ez dugu halako berririk izan”.

Elikadura denda bat eta farmazia bat dituzte herrian; zabalik daude, konfinamendu egoerak iraun bitartean egon diren bezala. Baina hiru tabernek, berriz, itxita jarraitzea erabaki zuten astelehenean. “Eguraldi eskasak eta gobernuak ipinitako baldintzek ez omen die negozioa zabaltzea errentagarri egiten”, kontatu du alkateak zer argudio eman dioten ostalariek. Villaverde Turtziozko Udalak Eusko Jaurlaritzak Bizkairako onartutako neurriak banatu ditu herritarren artean. Kantabriako erritmora joan izan balira, udalerritik kanpo mugitzeko askatasun handiagoa izango zutela jakin arren, Perezi ez zaio garrantzitsua iruditzen; premiazko mugimenduak bermatuta dituztela esan du. Ukatu egin du Villaverde Turtzioz “hesituta eta bakartuta” dagoenik. Konfinamendu asteetan ez dute oztoporik izan premiazko erosketak egitera Castrora (Kantabria), Balmasedara edo Zallara joateko. “Mediku barik geratu ginen herrian, Kantabriak landa inguruko kontsultak kendu dituelako krisiak iraun bitartean. Baina Castroko osasun zentrora eta Gurutzetako ospitalera joan ahal izan gara, beti egin dugun bezala”. Beharrera ere arazo barik atera dira herritik kanpo, enpresek egin dizkieten justifikanteekin; alkateak berak, esaterako, Gallartan egiten du lan, eta, azaldu duenez, “hainbatetan” pasatu behar izan du Guardia Zibilaren edo Ertzaintzaren kontrola.

Perezen esanetan, bere herrikideek baino gehiago Villaverde Turtziozen bigarren etxebizitza duten bizkaitarrek dute fasez aldatzeko “presa”. “Bizkaiko etxeetan konfinatuta daudenek bi hilabete luze daramate hona etorri barik, eta lorategiak eta ortuak zaindu barik dituzte harrezkero. Etxe inguruan lan asko egoten den sasoia da, eta badakit irrikan daudela”. Bizkaia barruan herri batetik bestera joateko mugak kentzean iritsiko da hori.