“Gaixo larrientzat oso arriskutsua da espetxean jarraitzea”

“Gaixo larrientzat oso arriskutsua da espetxean jarraitzea”

Natalia Salazar Orbe

Espetxean hamasei urte egin ondoren, maiatzaren 2an atera zen kalera Aitziber Coello (Durango, 1979), zigorra osorik beteta. Haitz semearekin batera irten zen Picassenteko kartzelatik (Valentzia, Herrialde Katalanak). 2017an jaio zen umea, Coello Foncalenten zegoela (Alacant, Herrialde Katalanak). Egoera bitxia aurkitu du kalean. “Arraro sentitzen naiz. Hainbeste urteren ostean, senide eta lagunak besarkatzeko itzelezko gogoa daukat, baina, oraingoz, gogoekin geratu beharko naiz”.

Pandemiaren krisiaren espetxeetako kudeaketa salatu dute hainbat eragilek, tartean Sarek eta Etxerat-ek. Esan dute presoak erabat bakartu dituztela baina, aldi berean, kutsatzeko arrisku handiena dutenak ere badirela. Zeintzuk muga edo debeku jarri dizkizuete eta zeintzuk segurtasun neurri izan dituzue babesteko?

Kaleko zein kartzela barneko senide eta lagunen bisita guztiak bertan behera gelditu ziren martxoaren 12an. Ondorioz, haurrek eta amek ez daukate aita eta bikotekidea ikusteko eskubiderik, nahiz eta elkarrengandik ehun metrora egon. Hala ere, funtzionarioak egunero etortzen dira kaletik, inolako neurririk hartu gabe. Ez diete egiten koronabirusaren proba, ez diete hartzen tenperatura, eta ez diete ematen babesteko maskara edo eskularrurik. Teorian, gurekin ezin dute ia kontakturik eduki, baina, adibidez, beren garita garbitzen duen presoa inolako babesik gabe eta segurtasun distantzia zaindu gabe egoten da haiekin bertan. Baita bere umea ere. Eta, gero, gurekin egoten da patioan. Hau da, gure osasuna babesteko aitzakiarekin, gure oinarrizko eskubideak urratzen dituzte.

Zigorra osasun irizpideei gailendu zaiela esango zenuke?

Bai. Eta, kartzela sistemak berez daukanez joera hori, pentsatzen dut atzera egingo dela orain arte kolektiboaren urteetako borrokaren ondorioz lortutako eskubide askotan.

Presoek asteak daramatzate bisitarik gabe. Erakunde publikoek pandemiaren kudeaketan gogoan izan dituzte presoen eta haien senideen eskubideak?

Ez. PSOEk eta Podemosek osatutako gobernuak denbora asko behar izan du kaleko senideekin bideo deien bidezko komunikazioak ezartzeko, eta, martxan jarri dituenean ere, muga asko jarri ditu. Kasu askotan, senide bakarrarekin eta behin bakarrik egiteko aukera eman dute. Kartzela barneko senideekin, berriz, Picassenten behintzat, zuzendariak ez zuen nahi bikoteen arteko bideo deirik egiterik, umeek beren aitak ikusteko modu bakarra hori dela jakin arren. Azkenean abokatuen laguntza behar izan dugu lortzeko.

Batetik bestera joateko mugak ezarriko dituzte aurrerantzean ere. Horrek ondorioak izango ditu urrunduta dauden presoengan eta euren senideengan. Zer eragin du presoengan bisitarik eta kontakturik ezak?

Presoontzat oso gogorra da senideekin ia kontakturik ez izatea, denerako behar baitugu haien laguntza. Behin kide batek esan zidan berak burua argi duten baina gorputza mugitu ezin duten pertsonen moduan irudikatzen gintuela, edozertarako laguntza eskatu behar dugulako. Arropa poltsa bat ere ezin digute ekarri, eta amen moduluan, haurrak oso azkar hazten direnez, arroparena benetako arazo bihurtu da.

Sakabanaketa eta urrunketa are zigor handiago bihurtu dira?

Bai. Euskal Herriko kartzeletan egongo bagina, probintziatik mugitzeko aukera zabaltzean senideak gu ikustera etorri ahalko lirateke agian, baina, Levanten edo Andaluzian egonda, auskalo noiz utziko duten haraino bidaiatzen.

Frantziako estatuak zenbait preso kaleratu ditu egoera honetan babestuta egon daitezen. Tartean ez da egon euskal presorik. Espainiako Estatuan ere, preso mantentzen dituzte, nahiz eta gaixorik egon eta Osasunaren Mundu Erakundeak beste neurri batzuk gomendatu. Zer arrisku dakar espetxeak preso horientzat?

PSOEren eta Podemosen gobernua behin eta berriz ari da errepikatzen pandemiaren aurrean kontu handiarekin ibili behar garela denok, baina, batez ere, pertsona nagusiak eta bestelako osasun arazoak dituztenak. Espetxeetan, ordea, ez du irizpide bera ezartzen. Espetxean, beste presoekin eta, batez ere, funtzionarioekin dugu kontaktua. Azken horiek kaletik etortzen dira egunero, eta nahikoa da haietako bat kutsatuta egotea guztiok kutsatzeko. Beraz, oso arriskutsua da gaixotasun larriak dituzten gure kideentzat espetxean jarraitzea, edonoiz gaixotu daitezkeelako

Gertutik ezagutu duzu zuk kartzela eta gaixotasuna binomioa. Asier Aginako zure bikotekideari eten egin zioten kartzelaldia iaz, buruko tumore batengatik. Zer-nolakoa izan zen zigorra eten aurreko egoera?

Asierren kasuan, dena oso azkar joan zen, konbultsioak izan zituelako, zuzenean ospitalera eraman zutelako eta, aurkitu ziotena oso arriskutsua zenez, urgentziaz egin ziotelako ebakuntza. Hori ez da oso ohikoa; beste kide askoren kasuan, diagnosi bat izateko bakarrik hilabeteak pasatu behar izaten dira. Bestalde, espetxean egonda senide bat gaixorik daukagunean, inpotentzia itzela sentitzen da, astean zortzi minutuko zortzi telefono dei baino ez ditugulako etxekoekin edo lagunekin hitz egiteko eta, beste denbora guztian zer gertatzen den ez jakiteaz gain, ezin dugulako ezertan lagundu.

Zertan lagundu zuen Asierren osasun egoeran aske egoteak?

Gauzak asko hobetu ziren. Kaleko beste edozein bezala joan zitekeen medikuarengana, eta zuzenean egin probak eta bestelakoak, beste inoren esku hartzerik gabe.

Kartzelan posible al da bermatzea gaixotasun bat behar bezala kontrolatuko dela?

Ez. Mediku eta erizain onak leku guztietan daude, noski, baina sistema ez dago eginda pertsonei laguntzeko; are gutxiago pertsona gaixo bati laguntzeko. Ospitalera ateratzen gaituztenean, eskuburdinez lotuta egoten gara, poliziaz inguratuta, askotan tratu eskasarekin edo txarrarekin, eta intimitaterik gabe.

Ama izan zara kartzelan. Prestatuta daude espetxeak?

Ez, espetxeak ez daude prestatuta amatasunerako, eta are gutxiago aitatasunerako. Ni Foncalenten nengoen haurdun gelditu nintzenean, eta, zorionez, hango medikuak oso arduratsuak izan ziren nire haurdunaldiaren kontrolarekin. Baina, ziegetan lo egiteko, ohatzeak zeuden, eta tripa handiarekin ia ezinezkoa zen ohean buelta ematea edo gauetan hamaika aldiz komunera jaikitzea. Ospitalerako irteeretan, jada zortzi hilabeteko nengoela, poliziak eskuburdinak atzean jarri nahi izan zizkidan. Umea jaio zenean, kideekin egon ahal izan nintzenez, laguntza itzela eman zidaten. Hainbat kideri tokatu zaie amatasuna kartzelan bakarrik bizitzea, eta egoera ez da batere erraza. Bestalde, umeen aitek ez dute inolako eskubiderik haurrekiko, eta oso gogorra da haientzat, besteak beste jakitea ama ospitalera eramaten dutenean umea beste edozein presorekin geldi daitekeela haiekin baino lehenago.