Ergatiboa uhinetan barrena

Ergatiboa uhinetan barrena

Natalia Salazar Orbe

Sintonia berri bat ari da astintzen Etxebarriko uhinak. Itxialdian euskara erabili eta gertuko edukiak euskaraz eskaintzeko asmoz sortu dute Zebarri irratia. Konfinamenduak sortu dituen oztopo eta kalte guztien artean, itxialdiak eragin duen egoerari esker gauzatu diren egitasmoetako bat da. Etxebarriko euskaltegiak aspalditik egitekoa zuen proiektua gauzatu du horrela.

Apirilaren 23an jarri zuten eskuragarri lehen irratsaioa, euren webgunean. Hainbat gai izan zituzten aztergai: Euskaraldia; etxean ariketa fisikoa egiteko gomendioak —orduan oraindik kalean kirola egiteko aukerarik ez zegoen—; bikotekidea etxean ez dutenek harekin edo beste norbaitekin sexua izateko aukerei buruzko erreportajea; herrian sortu den EtxetikBarri egitasmoa; eta hainbat telesailen eta filmen proposamenak.

Joan den astean aurkeztu zuten bigarren saioa, orain arteko azkena dena. Ibon Rodriguezek eman ditu azalpenak. Etxebarriko euskaltegia kudeatzen duen Ulibarri euskaltegiko irakaslea da, eta berak koordinatzen du irratsaioa. “Ez genuen askorik zentratu nahi koronabirusaren inguruan, jendea nekatuta dagoelako gai horrekin. Hala ere, hitz egin dugu Etxebarrin zabalik dauden lekuei buruz. Aztertu dugu ea herritarrek errespetatu dituzten ezarritako neurriak, ikasleek ikusi dutenaren arabera”. Kirolari profesionalak eguneroko berrira zer-nola egokitzen ari diren kontatu die futbolari batek. Eta kulturari ere txokoa egin diote: liburuen gomendioak egiteaz gain, Niketz taldeko kide Txaber Miravalles elkarrizketatu dute. “Etxean egindako single bat argitaratu du sarean”.

Bost ikaslek eta Rodriguezek berak hartu dute parte oraingoan —aurrekoan lau izan ziren guztira—. Apurka kopuru horrek gora egitea nahiko luke irakasleak. “Nire asmoa da, aldizkariarekin gertatzen den bezala, pixkanaka denek parte hartzea. Eta hamabostean behin talde batek zerbait ekartzea”. Ekarpen guztiak ongi etorriak izango baitira. Irratsaioan bertan ere egin dute parte hartzeko deia.

Aldizkaria abiapuntu

Zebarri aldizkariak jarri zuen Etxebarrin jaio den irratiaren hazia, duela ia hogei urte. Urtean bitan argitaratzen dute, Gabonak aldera eta ekainean, hain zuzen. “Ikasleek egiten dute osorik. Bakoitzak egokitzen du landu nahi duen gaia bere mailara. Guk zuzentasuna bermatzen dugu, baina artikuluak eurek sortzen dituzte”.

Irratiak ere ikasleak ditu protagonista. “Dena eskoletan hasi zen, lanak ahoz aurkezten zituzten saio batean. Batek aurkezpen luzea egin zuen, eta esan genion podcast bat egin beharko lukeela”. Orduan hasi ziren berotzen, eta berehala jarri zuten martxan. “Ikasleak oso animatuta ikusi nituen; aukera ikusi nuen, eta aurrera egin genuen. Berehala hasi behar genuela esan nien, bestela gogoa pasatuko zitzaiela eta”.

Helburua argia da: ikasleek ikasten dutena erakusteaz gain, ikusarazi nahi diete hizkuntza zer-nola erabil dezaketen azterketetatik kanpo. Horrez gain, “euskaldunentzako edukiak sortzeko baliagarria ere bada egitasmoa. Euskaltegira etortzen diren askok ez dakite euskararen munduan zer gertatzen den. Euskaraz hitz egiten dugu hemen, baina ez euskararen munduari buruz. Era honetan, jende horrek aukera izango du edukia euskaraz jasotzeko. Euskarazko edukien aukera zabala dago, bai, baina hemendik pasatzen diren askok ez dute horiek kontsumitzeko ohiturarik. Euskarazko edukia haien eskura jartzeko modu bat da hau”.

Gaiak prestatu

Ikasleek irratian aurkeztuko dituzten gaiak lantzeko astia izaten dute. “Elkarrekin hitz egin, eta bakoitzari dagokion gaia erabakitzen dugu. Bi egun izaten ditu bakoitzak bere kabuz prestatzeko, saioa egiten dugunean gaiari sakonago heldu ahal izateko”. Izan ere, tertulia formatua du irratsaioak. Bakoitzak landu duen gaia aurkezten duen bitartean, beste guztiek aukera dute galderak edo ekarpenak egiteko. Horrek biziago egiten du saioa.

Irratiaren ideia aurretik ere bazuen Rodriguezek. “Baina beti geunden denbora faltan. Orain telelanean ari garenez, askoz errazagoa da, bakoitzak mikrofonoa duelako soinean”. Aurrerantzean ere proiektuarekin jarraitzeko asmoa dute. “Askok esan digute entzun dutela eta uneren batean benetako irratia entzuten ari zirela pentsatu dutela. Pozik gaude, oso harro”.