Bide berrietatik

Bide berrietatik

Ibai Maruri Bilbao

Joan den astelehenean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurumen Naturala Zaintzeko Batzordean, koronabirusaren krisiak lehen sektorean izandako ondorioak aztertzeko eskatu zion oposizioak foru gobernuari. EAJk eta PSE-EEk osatutako gehiengoak atzera bota zuen eskaera. 18,5 milioi euroren laguntzak iragarri ditu Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurumen Naturala Zaintzeko diputatuak. Martxoan Eusko Jaurlaritzarekin, beste bi diputazioekin eta Hazi fundazioarekin soberakinak merkaturatzeko programa bat abiatu zutela ere gogoratu zuen. Baina nekazariek eurek ere asmatu dute euren kasa zelan jarraitu erosleei produktuak eskaintzen. Dena den, arloz arlo ezberdina izan da konfinamenduaren eragina. Batzuek besteek baino aldarte hobea izango dute gaur San Isidro ospatzeko, baserritarren egunez jai egiteko.

“Hasieran, zalantzak egon ziren: ortura joan ahal izango naiz? Traktorea erabili dezaket? Ganadua mugitu ahal dut? Baina gero ez da behar egiteko trabarik egon”. Bizkaiko EHNE sindikatuko Alberto Llonaren esanetan, baserritarrek hilabeteotan izan duten arazo nagusia produktuak saltzekoa izan da. Eusko Jaurlaritzak eta udal batzuek asteroko merkatuak bertan behera utzi zituztenean, non eta nori saldu ez zutela geratu ziren asko.

Merkatu mota bi daudela azaldu du: astero egiten direnak —astelehenetako Gernika-Lumokoa eta barikuetako Mungiakoa, esaterako— eta urtean behin egiten diren azoka bereziak —urriko azken astelehena, San Tomas, San Antontxu eta antzekoak—. Alarma egoeraren ondorioz, bertan behera geratu ziren. Azpimarratu du euren merkaturatzeko bide nagusia bereziki bigarren azoka horietan duten ekoizleak egora “oso larrian” daudela; batez ere, ogi, gazta eta txakolin ekoizleak aipatu ditu. Txakolin saltzaileek ostalaritzaren itxialdia ere sufritu dute. Bezeroei produktua zuzenean saltzen hasi dira, Internetez eta telefonoz. Baina asko apaldu zaizkie salmentak.

Asteroko merkatuetara joaten diren ekoizle txikiak, berriz, hobeto egokitu dira egoera berrira. Duela bizpahiru aste berreskuratu zuten plazara joateko baimena. Llonaren esanetan, gizarteak egindako presioari esker izan da, hein handi batean. Eta merkatu horiek ireki direnetik salmentak “oso ondo” joan zaizkiela nabarmendu du. Baina, ordura arte ere, debekurik zorrotzenak egon direnean, asmatu dute euren ortuariak zelan eroan kontsumitzailearenera: Enkarterrin, Durangaldean, Arratian, Busturialdean… Bizkaiko eskualde gehienetan sortu dira baserritarren sareak.

“Eskualdeko ekoizle txikiok berba egin genuen; dibertsifikatuak gara, eta proiektu ekologikoetan gabiltza. Asteroko merkatuen mendekotasun handia dugu eta ekoizle sare bat sortzea erabaki genuen”, azaldu du Errigoitiko Bizkaigane baserriko Amets Ladislaok. Hala eratu zuten Uribe Butroeko Ekoizle Sarea. Ortuariak, esnekiak, marmeladak, ogia, okela, xanpu naturalak… denetarik ekoizten dute. Etxez etxe saltzen hasi ziren. Telefono zenbaki bat ipini zuten, eta euren kontaktuen artean jakinarazi zuten. “Ahoz aho zabaldu da leku guztietara, eta oso pozik gaude erantzunagaz”. Kontsumitzaileek asteburuetan deitzen dute eskaera egiteko, eta banaketa martitzenetan edo eguenetan egiten da.

Astean berrehun eskaera ere izan dituzte. “Ekoizle handi batentzat ez da asko izango, baina guretzat bai. Ekoizle txikiak gara, eta ez dugu gehiago ekoitzi nahi; horrela ondo moldatzen gara. Baina, batzuetan, larri ibili gara eskaera guztiei erantzuteko. Horrek erakutsi du baserritar falta dagoela, gizarteak benetan gertuko produktuak kontsumitu gura baditu”. Herrietako merkatuak itzuli direnetik, beherakada igarri dute, hala ere. Bereziki, mungiarren eskaerek egin dute behera, orain herriko plazan bertan eros dezaketelako.

Ladislaok uste du apurka-apurka egoera orekatu egingo dela. “Jendea lanera joaten hasten denean, zailagoa izango da etxez etxe saltzea, ez dira-eta etxean egongo”. Baina sareari eusteko asmoa dutela esan du, ekoizleei eurei ere on egiten dielako saretuta egoteak. Gainera, sarea martxan dagoenetik, lehen plazetan baino bezero gehiago dituzte; asko eta asko, kontsumitzaile gazteak. “Jendeak kontzientzia hartu du elikadurak ere garrantzi handia duela osasunean, eta gertuko produktu ekologikoak kontsumitu nahi ditu”.

Zuzeneko salmentara jo dute artzainek eta abeltzain txikiek ere. Baina estuago ibili dira. Esaterako, bildotsak saltzeko zailtasunak izan dituzte. Sanjoseak izaten dira salmenta sasoi nagusia. “Kostaldean lehenago etortzen dira, baina Karrantza, Orozko eta Urduña aldean, martxo-apiril bueltan oraindik asko egoten da saltzeko”, azaldu du Llonak. Egun horietan iritsi zen konfinamendua. Eta bildotsak ezin du itxaron saltzeko dagokion baino astebete gehiago. “Beranduago saltzen baduzu, pisua irabazten du, eta prezioa jaisten da”. Asko jaitsi zen: bildotsa bizirik kiloko 3,10 eta 3,20 euro artean ordaintzetik, 2,10 eta 2,20 euro artean ordaintzera. “Bildotsa merkaturatu barik geratzeko arriskua egon zen”.

Negoziatu gabeko neurriak

Jaurlaritzak Eroskiri saltzeko programa bat ipini zuen martxan. Llonak uste du aukera bat izan daitekeela, eta artzain batzuei mesede egin diela. Baina sektorearekin adostu gabe hartutako erabaki bat izan dela gaitzetsi du; beste alternatibarik aztertu gabe erabaki dela. “Gaztelan, adibidez, etxez etxeko salmenta sustatzeko kanpaina bat abiatu du gobernuak, eta arrakastatsua izan da. Seguru nago hemen ere balio zezakeela eredu horrek”.

Orain, ardi esnearekin dute arazoa, industriak ez dielako erosi gura. Abeltzainek, berriz, ez dute hainbeste nabaritu. Salmenta zuzena egiten dutenak ondo dabiltzala esan du Llonak. Baita herrialdeko esne industriari saltzen dioten baserritarrak ere. “Salmenta orekatua da horiena. Are gehiago, etxeko kontsumoa igo da. Eta produktu batzuek gora egin dute; gurinak, adibidez”.

Ia desagertuta egon den merkatua lore eta landareena izan da. Bizkaian hamar bat mintegi daude. Horietako bat da Meñakako Etxelore. “Egun batetik bestera dena gelditu zen, eta ezin izan genuen landarerik saldu. Momentu hartan geneukan landare gehiena bota behar izan genuen. Oraindik ez dugu kalkulatu zenbat galdu dugun”, azaldu du egoera Unai Ureta ugazabak. Gastuei aurre egiteko, Internetez saltzen hasi ziren. Baina, gutxi: “Bezeroari ez zaio gustatzen; aurrez aurre ikusi nahi du zer lore erosiko duen”.

Martxotik maiatzera izaten da urteko garairik onena sektorean. “Egunotan, gailurrean egon beharko genuke. Baina orain hasi gara saltzen, behetik”. Ekainean gainbehera hasi ohi da. Hala ere, esperantzari eutsi dio: “Udan oporretan joan ezin eta jendea etxean lorezain hasiko balitz, urtea salbatu genezake. Behintzat, galerak saihestu”. Etzi itzuliko da Bilboko Areatzara domeketako lore azoka, salmahaien erdiekin.